Hezkuntza legea

Eusko Legebiltzarrak hezkuntza hitzarmenerako lantaldea sortuko du

EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk proposatuta, Eusko Legebiltzarrak onartu egin du batzorde txostengile bat osatzea, hezkuntza hitzarmen «zabal» bat lortzeko oinarriak zehazteko. Elkarrekin Podemosek ere alde bozkatu du; PP+C's, berriz, abstenitu egin da.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuraren hasieran egin duten ekitaldia, gaur goizean. EUSKO LEGEBILTZARRA
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urriaren 14a
15:55
Entzun

Eusko Legebiltzarrean lehen pausoa eman dute hezkuntza legerako: aurretik lortu nahi duten hezkuntza hitzarmena adosteko batzorde txostengilea eratzea onartu dute. Batzorde horretan, aukera izango dute akordio horren oinarria zehazteko, eztabaidarako eta adituek esateko dutena aditzeko, besteak beste. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk egin dute proposamena, eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideen baiezko botoak jaso dituzte; aldiz, PP+C's koalizioa abstenitu egin da. Babes zabalarekin abiatu dute hezkuntza hitzarmenerako bidea: batzordea sortzeak aldeko 66 boto jaso ditu, eta sei legebiltzarkide abstenitu egin dira.

Hain zuzen, PP+C's-en mozio bati erantzunez aurkeztu dute txostena sortzea proposatzen duen osoko zuzenketa. PP+C's-ek eskatu du, besteak beste, hezkuntza legeak berma dezala familiek sare publikoan hizkuntza hautatzeko aukera izatea, eta itunpeko sarea indartu dadila. «Ikastetxe publikoen %98k ez dute A eredua eskaintzen, eta, eskaintzarik ez badago, ez dago aukeratzeko benetako askatasunik. Legea ez betetzea da, euskal gizarteari egia ezkutatzea da, eta oso ondo dakite zer arazo dauden ikasturte hasieran seme-alabak espainieraz matrikulatzen saiatzen direnean», adierazi du PP+C's-eko legebiltzarkide Jose Manuel Gilek. Gainerako alderdiek batzordea sortzearen garrantzia nabarmendu dute, baita dituzten proposamenak jakinarazi ere.

EAJko Leixuri Arrizabalagak «behar-beharrezkotzat» jo du hezkuntza legea, eta, horretarako, «akordio zabal bat» egitea proposatu du: «Gure helburua akordio zabal bat lortzea da, hurrengo 30 urteetan euskal hezkuntzak zer izan behar duen definitzeko». Hizkuntza ereduen inguruan erantzun dio Gili: «Euskal hezkuntza sisteman, familien hezkuntza eta hizkuntza ereduen aukeraketarako askatasuna bermatzen da». Baita hezkuntza sareez ere: «Itunpekoak edo ez-itunpekoak izan, sare biak indartuko dira. Biak oso garrantzitsuak eta funtsezkoak dira gure euskal hezkuntza sistemarentzat». Erantsi du aukera egongo dela batzordean horren guztiaren inguruan hitz egiteko.

Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak esan duenez, egungo hezkuntza sistema «agortuta» dago, hainbat proiektu eredugarri ere badauden arren: «Esan dezakegu gure hezkuntza komunitateaz harro egoteko hamaika motibo ere baditugula». Halere, eskatu du «konformismoan» ez erortzeko, eta konpondu beharreko hiru «arazo estruktural» aipatu ditu: euskalduntzean atzerakada dagoela, segregazioa eta hezkuntza sistema propiorik ez edukitzea. Arreseren irudiko, orain da garaia horri buelta emateko: «Datozen hamarkadetarako euskal hezkuntzaren oinarriak zehaztuko dituen adostasun tinko eta zabalak lortzeko garaia da. Aukera hori ireki dugu. Ezker independentismoa aurrean dugun erronkari heltzeko prest dago, eta Euskal Herria Bildun aukera leiho hau baliatuko dugu».

PSE-EEren izenean, Jose Antonio Pastorrek hartu du hitza. Hezkuntza legerako «ahalik eta adostasun handiena» lortzearen alde egin du, eta Gili esan dio hezkuntza legean zentratzeko garaia dela: «Ez dugu zure proposamen zehatza eztabaidatzen hasi nahi izan. Askoz garrantzitsuagoa iruditzen zaigu gaur legebiltzar honek batzordea eratzeko eskatzea, hezkuntza lege berria aztertzen hasteko, eta horretan jardun nahi dugu gaurtik aurrera».

Azkenik, Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinezek «ezezko biribila» eman dio PP+C's-en proposamenari, «koherentziagatik eta arduragatik»: «Ezin dugu babestu ekimen honen atzetik dagoen euskarafobia eta publikofobia». Gainerako alderdien zuzenketari dagokionez, azaldu du ez dutela sinatu, «orain arteko prozesuan ez dutelako parte hartu». Aurrerantzean, nabarmendu duenez, «eztabaida lasaia eta eraikitzailea» baina «erradikala» nahi dute. Argi dute helburua: «Elkarrekin Podemos-IU hezkuntza sistema publiko, demokratiko, euskaldun, berdintzaile, parte hartzaile eta berritzaile bat oinarri gisa hartzen duen lege berri batean bakarrik egongo da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.