Lan istripuak

Eraikuntzako bi langile hil dira istripuz, Urnietan bata eta Amurrion bestea

Urnietakoak 59 urte zituen, eta kiroldegia berritzeko lanetan egiten zuen lan. Amurriokoak 54 urte zituen, eta aldamio batetik erori da.

Urnietako kiroldegiko berritze lanak, maiatzeko irudi batean. URNIETAKO UDALA
jokin sagarzazu
2021eko urriaren 15a
11:34
Entzun

Eraikuntzako bi langile hil dira gaur goizean, istripuz, Urnietan bata (Gipuzkoa) eta Amurrion bestea (Araba). Urnietakoak 59 urte zituen, eta kiroldegiko berritze lanetan ziharduen. Amurriokoak, berriz, 54 urte zituen, eta etxebizitzako obra batzuetan ari zen lanean. Aldamiotik erorita hil da. Sindikatuaren zenbaketaren arabera, urtea hasi zenetik Euskal Herrian 51 pertsona hil dira lanean ari zirela. Azkena, aurreko astean, Arabako upategi batean.

Urnietako langilea (Gipuzkoa) kiroldegia berritzeko lanetan hil da. Miguel Imaz enpresa ari da berritze lan horiek egiten, Urnietako Udalak adjudikatuta, eta zendu den behargina Pavimentos Tecnologicos Zarra enpresarentzat ari zen. 59 urte zituen.

Gaur goizaldean gertatu da ezbeharra. Antza denez, hormigoia botatzeko lanetan ari ziren obran; orduan, kamioiaren besoetako batek oreka galdu du, eta haren kolpearen ondorioz hil da behargina. Ikerketa abiatu du Osalanek, EAEko laneko segurtasun eta osasunerako erakundeak. Obra udal jabetza batean egiten ari dela ikusita, Urnietako Udala laneko agintarien eta inplikatutako agenteen esku jarri da gertatutakoa argitzen laguntzeko.

Amurrioko istripuaren berri Aiaraldea.eus agerkariak eman du. Ezbeharra 10:30ean izan da, Goiena kaleko etxe batean. Langilea aldamiotik erori da. Larrialdi zerbitzuak bertaratu egin dira, baina ezin izan dute langilea suspertu. Osalanek ikerketa abiatu du.

Instituzioen «utzikeria»

ELAk berritze lanen sektoreko langileek jasaten duten «prekaritatea» salatu du, eta lege urratzeak ohikoak direla azpimarratu: «Lan baldintza ezin gogorragoak eta halako lanetan jasaten duten presioa gehituta, ezbeharrak gertatzeko koktel perfektua sortzen da».

Urnietako istripuaz, nabarmendu du oraingoan eraikin publiko batean ari zela behargina, eta salatu du instituzioek halakoetan «utzikeriaz» jokatzen dutela. «Administrazio publikoak esleitutako lanetan gertatzen den amaigabeko azpikontratazio sareak prekaritate horren adibide garbia dira, are gehiago eraikuntza sektoreko lanetan».

LAB sindikatuak ere salatu ditu ezbeharrak, eta azpimarratu du «lan heriotzen odolustea» egiturazko arazo bat dela. «Ez sektoreka aztertu daitekeen arazo huts bat. Izan ere, lan heriotzak nonahi gertatzen dira, eraikuntzan oraingoan, baina ardogintzan, arrantzan, basogintzan, lanerako joan-etorrietan, modu ez-traumatikoan eta lan gaixotasunen ondorioz ere baditugu zorigaiztoko adibideak, bai aurten eta baita azken urteetan ere. Eta ez da zori kontua: prekaritatea da». Administrazioen arduragabekeria salatu du: «Arazo hau agenda politikoan kokatu behar dute behingoz, lehentasunez. Beste alde batera begiratzeari utzi behar diote».

Hildakoen senide eta lagunei elkartasuna eta babesa agertu diete ELAk eta LABek, eta gertaturikoa salatzeko mobilizazioak iragarri dituzte. Amurrion, astelehenean, Aiaraldeko Greba Batzordeak deituta, 18:30ean Herriko Plazan. Eta Urnietan, asteartean, 13:00etan, udaletxearen aurrean, gehiengo sindikalak deituta.

CCOOk eta UGTk ere salatu dituzte bi lan heriotzak. Aurrenekoak elkarretaratzea egingo du astelehenean, 11:30ean, Urnietako udaletxeko plazan, gertatutakoa ikertzeko eta erantzukizunak eskatzeko.

Urnietako Udaleko bozeramaileen batzordeak, berriz, atsekabea adierazi du heriotzagatik, eta adierazi du laneko segurtasunak lehentasuna izan behar duela edozein lan motatan. Haren ustez, ezinbestekoa da prebentzio kanpainak bultzatzen jarraitzea eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak bete daitezela eskatzea. Era berean, «laneko segurtasunaren aurkako delituak jazartzea eta ikuskaritza funtzioak areagotzea eta hobetzea» eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.