Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Babespean ahaldundu ahal izateko gune berriak

Emakumeen etxeek emakumeentzako «babesgune bat» aldarrikatzen dute; elkarrekin «saretu» ahal izateko eremu bat izatea nahi dute. Hernanin, Elgoibarren eta Zumaian ireki berri dituzte, beren antz eta desberdintasunekin.

Kulturarteko Plaza Feminista, Hernanin. /
Kulturarteko Plaza Feminista, Hernanin. / Jon Urbe/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Maria Ortega Zubiate - Gipuzkoako Hitza -

2021eko urriak 18 09:37

Espazio publikoa bereganatzeko aldarria ezaguna da mugimendu feministaren barruan. Kaleak izan ditu agertoki sarri. Baina «gune seguruak» ere badaude aldarrikapen horien artean, eta emakumeen etxe forma hartu dute azkenaldian. Babeserako, saretzeko. «konspiratzeko» ere izan daitezkeela diote bertako kideek. Emakumeen etxeak goraldian daude Gipuzkoan; borroka feminista ahalduntzeko bidean, «espazio propioa» izatearen garrantzia nabarmendu dute haien dinamizatzaileek eta berdintasun zinegotziek. Horren adibide dira ireki berri dituzten Elgoibarko Lila Emakumeen Etxea, Zumaiako Emakumeen* Etxea eta Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista. Etxe horiek «aldarrikapen historikoa» izan dira herri batzuetan, eta oraindik ere halako gune baten eske ari dira zenbait tokitan. Donostian, adibidez, manifestazioa egingo dute bihar, emakumeen etxe handiago bat eskatzeko.

Itsaso Lekuona Hernaniko Berdintasun zinegotziaren esanetan, Hernanin, Herriko Berdintasun Kontseiluak —mugimendu feministan aritutako norbanakoek osatua— egin dio eskaera udalari. Etxearen hausnarketa prozesuan, borroka feministaz gain, antirrazista ere batu zaie etxearen oinarriei. Horren garrantzia azaldu du Lekuonak: «Borroka antirrazista eta feminista hemen elkartzeak ateak zabaltzen dizkio gaur egun feminismoak esku artean duen eztabaidetako bati: feminismoan nola txertatu ikuspegi dekoloniala, antirrazista, jatorri desberdinetako emakumeen arteko aliantzen lanketa… Uste dugu oso momentu egokian datorrela gune hau, galdera horiei erantzuna ematen saiatzeko».

Hori horrela, plaza horretan izango dute egoitza mugimendu feministako eta antirrazistako eragileek. Honako hauek egongo dira: batetik, herriko eragile feministak eta udaleko Berdintasun Saila; eta, bestetik, Amher SOS Arrazakeria, udalaren Kulturartekotasun arloa, udaleko Lankidetza arloa eta lankidetza politiketan parte hartzen duen herritarren talde bat.

Hernaniko, Elgoibarko eta Zumaiako etxeetan herriko eragileek eta udalak antolatutako ikastaroak eta jarduerak izango dituzte. Zerbitzu iraunkorrak ere izango dira etxeotan, jabetze eskolak, esaterako; hau da, emakumeen ahalduntzea helburu duten ikastaroak. Aholkularitza juridikoko zerbitzuak ere badituzte hiru etxeek. «Emakumeen kontrako diskriminazio eta indarkeria egoerak izan daitezkeen kasuen aurrean emakumeei babesa nola eman erakusten dute hemen, indarkeria matxista kasu batean edo banaketa prozesu batean izan daitezkeen gorabeherak edo indarkeria egoerak bideratzeko», azaldu du Jone Arrazola Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministako koordinatzaileak. Beste biek ez bezala, Hernaniko etxeak sexu aholkularitza eta psikologoen laguntza ere eskaintzen ditu.

Sexu eta bikote aholkularitzaren zerbitzuan sexu harremanen inguruan sor daitezkeen zalantzak landuko dituzte. Gainera, psikologoek osatutako taldeak ere izango dituzte Hernanin. «Emakumeen elkar zaintzarako taldeak ditugu; psikologo batek bideratzen ditu, talde terapia modura. Hara jo dezakete indarkeria sufritzen ari diren edo sufritu duten emakumeek», dio Arrazolak. Eta, azkenik, dokumentazio gunea ere sortu dute: «Gune erreferentzial bat izan nahi du bere bi arloetan, eta garrantzitsua ikusten genuen liburuak egotea, gai hauekiko interesa duen edonork baliabide horiek eskura izateko».

Kudeaketa eredua

Prozesu baten ondorio izan dira emakumeen etxeak, bakoitza bere erara. Baina gauza komun ugari dituzte. Urte luzez herriko mugimendu feministaren eskarietako bat izan da gune hori lortzea, eta udalarekin elkarlanean eratu dituzte hiru proiektuak. Hernanin, udalak darama kudeaketa, baina besteetan ertz gehiago ditu administrazio publikoarekin duten harremanak.

Elgoibarren, esaterako, Emakumeen Kontseiluak —guraso elkarteetako ordezkariek, emakumeen elkarteetako ordezkariek eta norbanakoek osatzen dute, eta udaleko ordezkariek ere eraman zuen udalera etxea egiteko proposamena, eta udalak parte hartze prozesu bat jarri zuen martxan. Prozesu horretan, garrantzi handia izan zuen kudeaketa ereduari buruzko eztabaidak. «Eredu asko daude, baina gure inguruan ikusi dugu gehienek eredu misto bat dutela: mahai bat osatzen da, udalak ere parte hartzen du, eta elkarteetako ordezkariak daude. Azken horiek dute pisurik handiena mahaian. Horixe da gure eredu», azaldu du Maialen Gurrutxaga Elgoibarko Udaleko Berdintasun zinegotziak.

Zumaian ere Emakumeen* Etxea martxan jartzeko bilera irekiak egiten hasi zirenetik ekarri zuten hizpidera kudeaketa ereduaren eztabaida, eta erabaki zuten udalaren eta asanbladaren artean kudeatuko zutela. «Gurea kogestioan oinarrituta dago», hasi du azalpena Vanessa Arbelaitz zuzendariak: «Elkarren arteko kudeaketan. Bilera ireki horietan argi gelditu zen hori. Guretzat berebiziko garrantzia zuen autonomia izateak». Arbelaitzen hitzetan, «argi» dago erakundeek «beren ardura eta garrantzia» dutela. «Baina norbanakook ere bai. Guk hitzarmena dugu udalarekin, baina badugu gure funtzionamendua, gure arautegia, gure dinamizatzaileak kontratatu ditugu…». Hori horrela izanik, udalarekin harreman zuzena badute ere, etxeko kideek badute zeresana etxearen erabakietan, eta horretarako antolatu dute asanblada: «Asanblada da organo gorena, han hartzen ditugu erabakiak; guretzat oinarrizkoa da hori».

Gizonen parte hartzea

Halako proiektuetan beste eztabaida bat ere agertzen da askotan: gizonek parte hartzea baimenduta duten edo ez, eta, baimenduta badute, zenbaterainokoa izan behar duen parte hartzeak. Horretan ere Hernanik badu besteek ez duten ezaugarri bat; kulturarteko plaza ere badenez, «edozein herritarri» zabaldu dizkiote ateak. Hala ere, azaldu dute zenbait zerbitzu ez-mistoak direla: jabetze eskolak, esaterako. Eta, ekitaldi mistoetan ere, segurtasuna da lehentasuna. «Emakumeentzako leku seguru bat izatea da gure lehentasuna, eta, gai horiek landu nahi dituen edozein herritarri irekia dagoen arren, egoeraren batean ikusiko bagenu ez dela gune seguru bat, hori kudeatu beharko genuke», esan du Lekuonak.

Feminismoa ardatz hartu duten beste bi etxeei dagokienez, antzekoa da egoera. Elgoibarren, «emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde borroka egiteko prest dagoen orok» izango du sarbidea, baina ñabardura batekin: «Gune eta tailer asko emakumeak soilik egoteko izango dira, ahalduntzeko eta jabetze hori izateko; baina uste dugu gizartean benetako berdintasuna lortuko bada gizonek ere parte hartu behar dutela», dio Gurrutxagak.

Zumaian, berriz, gai hori eztabaidatzen ari da asanblada, iritzi ezberdinak plazaratu baitituzte herritarrek. Arbelaitzen ahotan, ordea, badute arau orokor bat: «Argi dago gune propio bat aldarrikatu behar dugula, baina gizarte batean gaude, eta, horretan eragin nahi badugu, elkarrekin eragin beharko dugu». «Herriari begirako ekintzak» ere egongo direla azpimarratu du Arbelaitzek. «Eta, nola ez, pertsona ez binarioak eta LGTBIQ+ identitateek ere izango dute beren tokia». Hala ere, ekintza gehienak emakumeei zuzenduta daude. «Argi baitago emakumeak duela protagonismoa, berak ahaldundu behar duela. Beharbada gizonek galdu behar dute botere hori».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Osasun larrialdia bihar sartuko da indarrean

Osasun larrialdia bihar sartuko da indarrean

Arantxa Iraola

Urkulluk jakinarazi du gaur bertan sinatuko duela osasun larrialdia deklaratzeko dekretua, eta bihar arratsalderako bilerara deitu du Labi

23 etxegabetzeen aurkako prentsaurrekoa eskaini du Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak ©Gasteizko Etxebizitza Sindikatua

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak salatu du 23 pertsona etxegabetuak izateko «arrisku larrian» daudela

Unai Etxenausia

Sindikatuko kideek ohartarazi dute «etengabe» iristen zaizkiela etxegabetzear dauden pertsonen kasuak.

Indarkeria matxistaren kontrako manifestazioa Iruñean, joan den azaroaren 25ean. ©Iñigo Uriz, FOKU

Beste sexu eraso bat egin izana egotzi diote azaroan Berriozarren atxiloturiko gizon bati

Uxue Rey Gorraiz

Iruñeko Udaltzaingoak azaroaren 22an eraman zuen atxilo gizonezkoa, emakumezko bati eraso egitea leporatuta. Orain, abuztuan izandako eraso batekin zerikusia duela iritzi dio Poliziak. Gizonezkoa espetxeratua dago.

Ziurtagiria ostatuetan eta gaueko aisialdian soilik ez erabiltzea aztertzen ari da Jaurlaritza

Ziurtagiria ostatuetan eta gaueko aisialdian soilik ez erabiltzea aztertzen ari da Jaurlaritza

Arantxa Iraola

Iñigo Urkullu lehendakariak egin du iragarpena; onartu du erabilera zabaltzera egiten badute, auzitara jo beharko dutela berriro onespen eske.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.