Albistea entzun

Brian Currin: «Presoen egoera barkaezina da; ez dago aitzakiarik»

Aieteko Nazioarteko Konferentziaren hamargarren urteurreneko jardunaldien azken saioa izan da Baionan. Iragandakoaz eta gelditzen diren erronkez mintzatu dira bertako eta nazioarteko eragileak. Nazioartearen pisu politikoa erabiliz presoen auzia konpontzeko mekanismoak sortzera deitu du Brian Currin Hego Afrikako abokatuak.

Ipar Euskal Heriko hautetsiak, mahai inguruan
Ipar Euskal Heriko hautetsiak, mahai inguruan Bob Edme Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko urriak 16 14:04

Kasik osorik bete da Baionako Arte Eskolako Henri Grenet auditoriuma Aieteko Nazioarteko Konferentziaren hamargarren urteurrenaren kari egun hauetan antolatzen ari diren jardunaldien azken saioan. Ipar Euskal Herriko kasik alderdi guzietako hautetsiak bildu dira goizean, eta hemendik aitzina ere elkarlanean aritzera engaiatu dira. Oraindik egiteko gelditzen direnak azpimarratu dituzte, nagusiki, gainerako mahai inguruetan. Kolonbiako eta Irlandako esperientziak aipatu dituzte, besteak beste, hango prozesuetan izandako arazo eta lorpenetatik irakaspenak atera nahian. Brian Currin Hego Afrikako abokatuak itxi du hitzaldi sorta, eta aitzina egiteko proposamen batzuk plazaratu ditu.

Presoen auzia konpontzea lehenetsi du Currinek. «Aitzinamenduak» izan direla aitortu badu ere, gaiari heltzeko mekanismoak eskas direla erran du. «Egitura bat, borondate politikoaren testigu litzatekeena». Duela hamar urte Aieteko konferentziari babesa eman zioten nazioarteko pertsona ezagunek parte hartu lezaketela iradoki du, «egina izan ez den guzia egin dadin bultzatzeko» pisu politiko bat izan daitezkeelakoan. Hego Afrikan edo Ipar Irlandan presoen auziari aterabidea emateko sortu zituzten batzordeak aipatu ditu eredu gisa. «Badago entusiasmo anitz, esperantza anitz, baina antolatua izan behar da. Frantziako eta Espainiako estatuei inplikatzeko eskatu behar zaie. 70 urteko presoak izatea, presoak zahartzea, preso eriak izatea, barkaezina da. Gaur egun egoera erabat desberdina da. Ez dago aitzakiarik», adierazi du.

Justizia trantsizionalerako mekanismoak sortzea ere beharrezkotzat jo du, eta ildo horretan gatazkari buruz dauden kontakizun ezberdinak elkartzeko beharra azpimarratu du. Lan hori egiteko Euskal Gobernuak «lidergoa» har lezakeela erran du, baina iradoki du «interesgarria» izan litekeela Ipar Euskal Herriko bi pertsona izendatzea «istorioak eta kontakizunak biltzeko». Gisa horretara, «gibelean» dagoen guzia bildu, eta alde bakoitzekoen ideia politikoak nondik datozen aztertzeko modua ikusiko luke.

Iraultza eta zailtasunak

Gai horiek izan dituzte hizpide Bake prozesua, posible den parioa? mahai inguruan ere, Jean Pierre Massias zuzenbide publikoko irakasleak, Carlos Beristain Kolonbiako egia lantaldeko komisarioak eta Brandon Hamber irakasleak. Aietekoa arlo anitzetako «iraultza bat» izan zela baieztatu du Massiassek. Iraultza bat euskal gatazkan, «inflexio puntu bat» izan zelako. «Aitzineko prozesu guzietan galdera bera zegoen: ea ETAren su-etena noiz apurtuko zen. Hor ez zuen inork zalantzan eman; sinesgarritasuna bazen».

Metodologian ere ikusten du iraultza, bai nazioarteko egiaztapenean, baita aldebakartasunean ere. «Metodo ona ote zen? Seguruenik ez zegoen besterik. Hori zen bakea inposatzeko modu bakarra». Baieztatu du gaur egun Euskal Herrikoa eredu gisa hartua dela nazioarteko gatazken konponbide prozesuetan. Azkenik, ohartarazi du «amaitu gabeko iraultza bat» izan dela. «Egia, justizia, erreparazioa, eta ez errepikatzea», aipatu ditu erronka gisa. «Hamar urteren ondoren interesgarria da ez gertakari gisa ikustea, baizik eta prozesu gisa».

Haren hitzetan, mundu osoko prozesuek aurkitu ohi dituzten hiru zailtasun izan ditu Euskal Herrikoak ere. Batetik boterearen jarrera: «ezin da zinezko prozesurik izan botereak ez badu parte hartzen». Haren erranetan, edozein prozesutako akordioetan, presoen gaia izan ohi da lehen elementua, baina horretarako estatuak inplikatu behar dira. «Lehen galdera da ea nola parte hartu estatuek, nola bultzatu parte hartzera. Estatua da bake prozesurako oztopo nagusia; prozesu garaian dauden politikariak eta ondotik etorriko direnak».

Gizartearen onarpena ere aipatu du zailtasun gisa. «Bake akordio bat sinesgarria izan dadin eta plantan ezarria izan dadin, gizarteak onartu behar du. Edo gutxienez ez du ukatu behar». Lehenik, parte hartu duten aktoreek onartu behar dute, eta, ondoren, gizarteak. Baina gizartean gaiak sor dezakeen «indiferentzia» aipatu du, Baionako zuzenbide fakultateko lehen urteko bere ikasleak aipatuta. «Ez dut uste prozesuaren kontzientziarik dutenik».

Azkenik, «pasatzen den denbora» ere aipatu du. Hau da, prozesua bigarren mailan emanen duten gai berriak sortzea. «Zer pisu du bake prozesuak koronabirusarekin? Zer pisu Kataluniako prozesuarekin?», aipatu zuen. Era berean, kontzientzia kolektiboan izan daitezkeen bilakaerak ere aipatu ditu. «Kontzientzia kolektiboan borroka armatua eta gerrillariak ez dira gehiago existitzen; terrorismoa baizik ez da». Frantziako epaitegietan euskal presoen auzietan lekuko gisa deklaratzera joatean, magistratuen aitzinean ez ulertua izatearen inpresioa aipatu du.

Kolonbia eta Irlanda

Kolonbiakoa denboran luze doan prozesu bat dela erran du Beristainek, eta Euskal Herrikoarekin parekatu du, besteak beste, sortu den polarizazio sozialari dagokionez. Eta galdera bat egin du: «zer lan egin behar da gizartearekin prozesuaren ikuspegi baikor bat izateko?». Azken urteetan sortu dituzten mekanismoak aipatu ditu. Bakerako justizia berezia batetik, gizateria krimenak egin dituztenak epaitzeko epaitegi berezi batekin, egia batzordea eta desagertuak bilatzeko batzordea... «Lan hori guzia egiten ari gara gobernuak bakerako borondaterik izan gabe». Baina gaur egun dagoen testuinguru zaila ere aipatu du. «Oraindik bada gerrilla bat, badira paramilitarrak, bada beldurra». Azken urteetan izan diren hilketa andana oroitarazi ditu: gaur arte, FARCeko 300 kide ohi inguru erailak izan dira.

Gertatutakoa sozializatzeko beharraz ere mintzatu da. «Badakigu zer gertatu den, arduradunek badakite; helburua da gizarteak jakitea. Memoria bat behar dugu baina ez memoria defentsibo bat. Errealitate printzipio bat behar da, minaren errespetuan oinarritzen dena. Errespetu hori da elkarbizitzaren oinarria. Hori gabe ez da posible».

Hamberrek 1998ko akordioetatik gaur arte Irlandan izan den bilakaera izan du hizpide, presoen askatzean eta biktimen laguntzan egin diren urratsak aipatuta. Paramilitarrak ofizialki desagertu badira ere, horietako batzuk kriminalitatera pasatu direla esplikatu du, eta urtero dozenaka eraso izaten direla. «Prozesuak luzeak dira. Gizarte zibilean anitz inbertitu da eta politikarien parte hartzea ere handia izan da. Baina denborarekin konfiantza arrakalatu da, erronka gehiago agertu direlako».

Brexit-aren ondorioa da erronka horietako bat, Ipar eta Hego Irlandaren arteko muga markatu duelako. «1998an inork ez zezakeen halakorik imajinatu. Europako Batasunari esker, mugarik ez zen, baina brexit-arekin bat-batean aldatu da. Aldaketa ikaragarria da». Kontserbadoreei leporatu die egoera, Ipar Irlandarekiko bere ustez izan duten «desinteresa» deitoratuta.

Denboraren nozioa ere aipagai izan du Hamberrek, presoen eta biktimen gizarteratzea. «Hogei urte beranduago, gehienak erretiratuak dira: prestazio sozialak behar dituzte, ez lan munduan integratzea. Baina, gaur egun, prestazio sozialetan murrizketak eginak izan diren gizarte batean bizi gara». Bere ikasleen adibidea ere hartu zuen: «Ez dute iraganaren ezagutzarik, baina gure ikerketek erakusten dute haien jarrerak gurasoen berdinak direla. Alta, ez dute bortizkeria bizi izan. Nola engaia ditzakegu gaur egungo gazteak bake prozesuan hogei urte beranduago? Beste gai batzuk jarri dituzte mahai gainean: klima aldaketa, LGBTQI gaiak...».

Haren iritziz, 1998ko akordioa berrikusi beharko litzateke. «Gure plan estrategikoa berrikusi behar dugu, eta, horretarako, denbora eta energia behar ditugu; baina, jendea nekatua da». Haren hitzetan, hamar urtean behin berrikusi beharko lirateke halako planak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zazpi alkateak, gaur goizeko agerraldian. ©EH BILDU

EH Bilduko alkateek txosten bat eskatuko dute Ingurumen Administrazioko Legeak udalen eskumenetan izango duen eraginaz

Jone Arruabarrena

EAJ eta PSEri leporatu diete «demokraziaren kontrako erasoa» dela legeari egin nahi dioten aldaketa, eta udalen eskumenak urratzea dakarrela. Hamabost eguneko epean txostena aurkezteko galdegin diote EUDELi.

Bernat Etxepare lizeoko ikasleen protesta, Oier Oaren alde ©Guillaume Fauveau

Oier Oari ez diote lurralde debekua kenduko, eta familiatik banatua segitu beharko du

Ekhi Erremundegi Beloki

Gaur eman du erabakia Parisko Zigor Auzitegiak. Otsailean epaituko dute, Baionan, lurralde debekua urratzea leporatuta.

Llotja de Marreko alderdien ordezkariak, iaz, Espainiako Kongresuan. ©Javier Lizón / EFE

Alderdi subiranistek Espainiako Konstituzioa «agortuta» dagoela aldarrikatu dute

Paulo Ostolaza

Konstituzioaren Egunaren bezperan, ohar bateratu bat plazaratu dute Llotja de Marreko akordioaren sinatzaileek. «Herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat» eskatu dute.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Gotzon Hermosilla

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.