Albistea entzun

Erreakzioak

«Ekarpena» eta «aurrerapausoa» nabarmendu dituzte ETAren lau biktimak

BERRIAk galdekatutako ETAren biktimek azaldu dute «aspaldi» espero zuten berri ona dela, baina eszeptizismoa ere agertu dute.

Maixabel Lasa hizketan, atzo, Madrilen.
Maixabel Lasa hizketan, atzo, Madrilen. Emilio Naranjo / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Paulo Ostolaza - Jon O. Urain -

2021eko urriak 18

Aurrez sekula erabili gabeko terminoetan hitz egin dute gaur Sortuk eta EH Bilduk. Hainbat dira azken urteetan ezker independentistari «autokritika» hori egiteko eskatu dioten alderdiak, eragileak eta biktimak, eta, behin helduta, erreakzio andana eragin du adierazpenak. Mezuak harrera ona izan du BERRIAk biktimen artean bildutako iritzien artean; oro har, nabarmendu dute albiste pozgarria dela eta horixe zela eskatzen zutena.

Maixabel Lasa ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alargun eta Jaurlaritzaren Biktimen Bulegoko zuzendari ohiari, esaterako, ETAren biktima batek eman dio adierazpenaren berri: «Esan diot: ‘Albiste ona, ezta?’. Gero alabak bidali dit testua, eta irakurtzeko aukera izan dut». Azaldu du «aspaldian espero» zuten pausoa dela: «Biktimen aldetik eskatzen genuena zen». Halere, PSOEri begiratu dio Lasak: «Orain nire galdera da ea zer egiten duen Alderdi Sozialistak; bere hausnarketa egin beharko luke, etxean dituen trapu zaharrak astintzeko. Inplikatuta zeuden gauzak argitzeko: GAL eta abar».

Lasaren iritziz, PSOEk «aukera ezin hobea» du «hausnarketa» egiteko: «Ausartak izan behar dute hori argitzeko. Orain ezin dute esan besteek egin ez dutenik. Ezinbestekoa da; Juan Mari oso ausarta izan zen egin zituen gauzekin, eta ausardia hori eskatzen diot PSOEri; ez nuke bestela ulertuko». Lasak berak eguerdian hitz egin du Euskadi Irratia-n, eta azaldu du garai egokia izan daitekeela berriz ere ETAko kide ohien eta haien biktimen arteko topaketei berrekiteko. Ofizialki, ez dira egin 2012tik.

Jendaurrean eskerrak eman dizkieten lehenengoetako bat Maria Jauregi izan da, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alaba.

Roberto Manrique Bartzelonako Hipercor dendan ETAk egindako atentatuan zaurituak aukera izan du beste biktima batzuekin albisteari buruz aritzeko, eta horien artean orokortua da albistearekiko ikuspegi positiboa: «Itxi beharreko beste atal bat itxi da. Duela hamar urte garrantzitsuena itxi zen: ETAk borroka terrorista amaitzea. Horraino, primeran; biktima gehienek eta herrialde honetako pertsona gehienek espero genuena zen». Manriqueren hitzetan, orain berretsi da biktima askok eskatu dutena: «Hainbeste urteren ondoren biktimen ondoan egon ez denak akats hori onartzea. Egin da; zoragarri. Oso urrats garrantzitsua da biktima askorentzat». Azaldu du ezin duela ETAren biktima guztien izenean hitz egin, baina bai «tratu jarraitua» daukan horien izenean: «Oso pozik gaude, helburu bat lortu delako: beste alde batera begiratzen zutenen aldetik biktimok izan dugun abandonua aitortzea».

Manriqueren arabera, biktima horietako askoren «helburu komuna» zen «inork ez sufritzea» eurek jasan duten oinazea. Atzokoa, berriz, norabide berean emandako beste pauso baten gisara dauka: «Beste urrats bat da bihar hamar urte beteko dituena egonkortzeko: bizikidetza Euskadin eta handik kanpo».

«Aurrerapausoa»

Norabide berean mintzo da Alberto Muñagorri ere. ETAk motxila batean jarritako lehergailu batek eztanda egin zuen, eta Muñagorri zauritu. 10 urte zituen. Harentzat ere «berri ona» da: «Nik nahiago ditut ekintzak hitzak baino; oraindik pausoak falta dira, baina elkarbizitzari egiten zaion ekarpen oro positiboa da. Lehenago iritsi behar zuen, baina inoiz ez da berandu. Albiste onak dira; duela hamar urtekoa eta oraingoa».

Naiara Zamarreño ETAk hildako Manuel Zamarreñoren alabak ere «aurrerapauso bat» antzeman du: «Horrelako pausoak behar dira, eta horrek eramango gaitu beste mota bateko elkarrizketa batzuetara. Eta hori behar da; desblokeatzea, hitz egitea». Halere, «eszeptikoa» da, eta nahiago zukeen Aieteko Konferentziaren eta ETAk jardun armatua eten zueneko urteurrenaren testuingurutik aparte egin izan balute adierazpena: «Eskertzekoa da hausnarketa, baldin eta benetakoa bada». «Oso berandu» iritsi da, haren iritziz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Gotzon Hermosilla

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».
Bakegileen agerraldi jendetsua, gaur, Hiriburun ©Guillaume Fauveau

Bakegileek mobilizazio fase berria abiatuko dute

Ekhi Erremundegi Beloki

Gatazkaren konponbidean aitzina egiten Frantziako Gobernuaren «borondatea falta» dela eta, desobedientzia zibilari ekingo diote. Urtarrilaren 8an Baionan eginen duten manifestazioa izanen da fase berriaren hasiera.

 ©CHEMA MOYA / EFE

«Kontuen emaitzak ikusita, esango nuke badugula zer esana»

Iosu Alberdi

Kongresuan kontuen inguruko lehen akordio bat lortu arren, Esteban ez da negoziazio mahaitik altxatu. Aurrekontuen ingurukoak izan ditu hizpide; baita datozen hilabeteetan irits daitezkeen lege erreformak ere.
Miren Gorrotxategi, Ahal Duguren eleduna Legebiltzarrean. ©David Aguilar / EFE

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.