Koronabirusa

Astebetean 939 positibo atzeman dituzte Hegoaldean

COVID-19ak jotako 97 pertsona daude erietxeetan, horietako 31 ZIUetan; astebetean zortzi gaixo hil direla jakinarazi du Osakidetzak.

arantxa iraola
2021eko urriaren 18a
13:25
Entzun

Utzi dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak COVID-19aren gaineko datuen egunean eguneko jarraipena egiteari. Astean behingo jakinarazpena iragarri zuen, eta, beraz, gaur da gaitzaren eboluzioari erretratu bat egiten ahalegintzeko egun egokia, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuen asteko txostena plazaratu baitu Osakidetzak. Nafarroak egunero jarraipen epidemiologikoa egiteko datuak ematen jarraitzen du, eta bi administrazioek argitara emandako datuei begira, argitu da azken zazpi egunetan 939 positibo atzeman dituztela Hegoaldean.

Atzo Osakidetzak atzemandako kasuak 85 izan ziren, egindako testen %3,7. Nafarroan 38 izan ziren: testen %5. Positiboen hamalau eguneko batezbestekoari begira, Hegoaldean, oro har, gorako koska bat ikus daiteke: hain zuzen ere, lehengo aste hasieran 111,2 zen, eta atzo, 123,5.

Arinduta daude, oro har, Euskal Herri osoan izurriaren aurkako prebentzio neurriak, eta aparteko garrantzia du datuen atzean zer eboluzio dagoen antzemateak. Positibo berrien intzidentzia tasa metatuan, adibidez, gorako joera bat bada Osakidetzak emandako datuetan, beste gorako koska txiki bat: aste hasieran 55,4 zen, eta orain, 63,64. Hilaren 6ra arte 60ko langatik behera egon zen tasa hori, baina 12tik aurrera gora ari da. Osasun agintariek nabarmendu izan dute egoera kontrolpean izate aldera garrantzitsua dela tasa muga horretatik behera egotea. Herrialdetik herrialdera, bada aldea. Apalenetik handienera, horra zein den egoera gaur jakinarazitako datuetan: Araban, 46; Nafarroan, 49,7; Bizkaian, 60,9; Gipuzkoan, 73,1.

Gaurko zenbaketaren arabera, Osakidetzako eta Osasunbideko erietxeetan 97 pertsona daude COVID-19ak jota; horietako 32, ZIUetan. Urriaren 1ean, 167 ziren, eta bada aldea. Erietxeetan COVID-19ak jota dauden gaixoak %41,9 urritu dira hila hasi zenetik. Hainbat astez beherakada argia izan zuen transmisioak, eta pentsatzekoa da horren ondorioa dela erietxeetako eboluzioa. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak esan du zortzi pertsona hil direla gaitzaren ondorioz iragan zazpi egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.