Kolonbia

Ustez FARCek errekrutatutako adingabeen bila hasiko dira

Caqueta eskualdean lurperatutako identifikatu gabeko hainbat hilotz ikertuko dituzte gaurtik.

Kolonbiako Unibertsitate Nazionaleko ikasleak gerrillari ohien aurkako hilketak salatzeko egindako protesta batean. CARLOS ORTEGA, EFE
2021eko urriaren 18a
14:30
Entzun

Kolonbiako Bakerako Jurisdikzio Bereziko kideak Caqueta eskualdean dagoen Union de Peneya herriko hilerrian hobiak ikertzeko lanetan hasiko dira gaurtik, ustez FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak gerrillak errekrutatu eta borroketan hildako adingabeen gorpuak identifikatzeko. ADN sareak instituzioentzat egindako txosten batean oinarrituta hasiko dituzte ikerketa lanak. Bertan jasotzen denez, gatazka armatuaren biktima izandako hainbat pertsonaren identifikatu gabeko hilotzak daude lurperatuta aipatutako hilerrian.

Dena den, Union de Peneyako hilerria ez da izango ikertuko duten bakarra; beste hainbat udalerritan ere hasiko dituzte hobiak ikertzeko lanak: besteak beste, Dabeiban, Puerto Berrion eta Samanan. Baina azken hiru horietan ez bezala, Union de Peneyan FARCek borrokarako errekrutatutako adingabeen gorpuak leudekeela uste dute adituek.

Ez da lehen aldia halako lanak egiten dituztena, eta, aurrekoetan bezala, oraingoan ere helburua litzateke gorpuak atera eta identifikatu ondoren horiek senideen esku uztea. Halako lehen ikerketa Puerto Berrion egin zuten, iazko urtarrilean eta otsailean. Han, orotara 416 edukiontzi aurkitu zituzten identifikatu gabeko gorpuekin. Haietatik 373 berehala identifikatu ahal izan zituzten, eta auzoko apaizaren esku utzi zituzten. Gainontzekoak nortzuk diren jakiteko lanetan jarraitzen dute auzitegi medikuek.

Bestalde, Garapenerako eta Bakerako Kolonbiako Ikerketa Taldearen arabera (Indepaz), FARCeko 290 gerrillari hil dituzte 2016an gobernuak eta gerrillak bake akordioak sinatu zituztenetik —horietatik 41 urtea hasi zenetik—. Azken hilketa Caqueta eskualdean salatu dute. Jorge Eliecer Garzon Manrique gerrillari ohia tiroz hil zuten atzo. Indepazek zabaldu duenez, 6PM talde paramilitarrak kontratatutako soldatapeko hiltzaileak dira erasotzaileak.

Iaztik hona, ugaritu egin dira giza eskubideen aldeko ekintzaileen eta gerrillari ohien aurkako erasoak. Arartekoak berak ohar bat plazaratu zuen urte hasieran, nabarmenduz ugaritu egin zirela mehatxu, hilketa eta errekrutatzeak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.