Artea

Ibarrolaren 'Gernika' erakutsiko du Bilboko Arte Ederren Museoak

Agustin Ibarrolaren 'Gernika' koadroari eta haren testuinguruari buruzko erakusketa zabaldu du Bilboko Arte Ederren Museoak. Erakundeak 1980ko hamarkadan Picassoren 'Gernika' hartzeko aurkeztutako aurreproiektua ere jarri dute ikusgai.

Irrintzi eta Jose Ibarrola Agustin Ibarrolak margotutako 'Gernka' koadroa atzean dutela. ARITZ LOIOLA/ FOKU
Inigo Astiz
2021eko urriaren 18a
14:30
Entzun

Euskal Herrian da Pablo Picassoren Gernika. Edo haren parte bat behintzat. Bilboko Arte Ederren Museoak erakusketa oso bat eskaini baitio Agustin Ibarrola artistak 1977 inguruan sortutako Gernika koadroari, eta, bertan, zuri-beltzeko trama geometrikoen artean harrapaturik topatuko ditu bisitariak Picassoren koadroko zaldia, txoria, soldadu hila eta hildako umeari negar egiten dion emakumea. Ibarrolaren sinadura daraman giza figura batek besoak altxatzen ditu erdialdean, ezker eskuarekin ukabila erakutsiz, eta eskuinarekin garaipenaren keinua eginez, jende talde bat Gernika dioen seinalea garraiatzen dabil eskuinerago, eta beste jende multzo txikiago bat ikus daiteke sufrimendu keinuak egiten. Bi metro garai eta hamar metro zabal da lana, eta omenaldiaren eta aldarrikapenaren artean dabil Ibarrolaren eskua bertan, pintoreak Picassoren lana Euskal Herrira ekartzeko eskaria egiteko sortutako Gernika Gernikara mugimendu zabalagoa bultzatzeko ere baliatu baitzuen. Ibarrolaren lanarekin batera, haren sorrerako testuinguruaren berri ematen duten hainbat dokumentu ere bildu ditu erakusketan Bilboko Arte Ederren Museoak, eta, horregatik, erakundeak 1980ko hamarkadan Picassoren Gernika hartzeko aurkeztu zuen hautagaitza eta horretarako eskatutako aurreproiektua ere jarri ditu ikusgai.

«Badago arteagatik sortutako arte bat, eta badago gizartearekin konprometitutako arte bat, eta bigarren ildo horretan dago Ibarrolaren ibilbidea, eta baita, zehazki, koadro hau ere». Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak hitz horiekin abiatu du artistaren lana kokatzeko azalpena aurkezpen ekitaldian. Eta segidan estu lotu du koadroaren nondik norakoa azken hamarkada luzeetako historiaz egin duen kontakizunarekin. «Espainiako eta Euskadiko historiaren sasoi oso baten gailurra da koadro hau, zeinak, Gerra Zibilarekin hasi, eta, frankismoko urte luze eta gogorren ostean, trantsizio demokratikoarekin topatu baitzuen irtenbidea, koadroa pintatu eta bi urtera, Gernikako estatutuaren onarpenarekin amaitzeko».

Lanik «lortuena»

Salaketa eta aldarrikapen metaketa baten emaitza ere bada koadroa, Zugazaren hitzetan. «Bera lanik lortuenetako bat da», laburtu du.

1970eko hamarkada amaiera aldera indartsu zegoen Picassoren koadroa Euskal Herriratzeko eskatzen zuen mugimendua, eta Ibarrola ere haren parte izan zen beste hamaika euskal artista eta gizarte eragilerekin batera. Franco hil berri zen, eta Picassoren lana oraindik New Yorkeko Arte Modernoko Museoan zegoen arren, gogor zebilen hura mugitzeko aukerari buruzko hotsa, eta horregatik sortu zen Gernika Gernikara izeneko kanpaina, koadroa Euskal Herrira ekartzeko asmoarekin. Eta, hain justu, eskari hori bultzatzeko baliatu zuen Ibarrolak ere bere Gernika. Horren berri ere ematen du Bilboko erakusketak orain, eta, artistaren margolan erraldoiaz gainera, artistaren posizioa zehatz erakusten duten hainbat eskuizkribu eta publikazio ere bildu dituzte horretarako.

Picassoren Gernika Bilbon hartzeko plana

Bilboko Arte Ederren Museoak berak ere egin zuen bat eskari harekin 1980ko hamarkadan, eta hori frogatzen duten hainbat dokumentu topatuko ditu bisitariak erakusketan. Koadroa hartu ahal izateko egin beharreko moldaketa eta egokitzapen guztien berri ematen duen aurreproiektu bat da dokumentu horietako bat. Juan Ignacio Macua eta Pedro Garcia Ramos diseinatzaileek osatzen zuten Eguipo de Diseño izeneko taldeari eskatu zion lana museoak, eta Picassoren obra kristalezko kutxa moduko batean biltzea proposatu zuten haiek, besteak beste, artelana balizko erasoez babesteko.

Guztira, 31 plano zituen aurreproiektu hark, eta haien hautaketa bat jarri dute orain ikusgai. Historia «ezezaguna» zela onartu du museoko egungo zuzendariak, baina, edonola ere, margolana Bilbora ekartzeko eskaria «iraganeko historia» dela. Zugaza: «Koadroa hartzeko lurreratze pista modura aurkeztu zuen bere burua museoak, ez zegoen lana Bilbon gordetzeko asmorik».

Jose Ibarrola artista eta Agustin Ibarrolaren semeak gogoratu duenez, Ibarrolak ere bazterrean utzi zuen Picassoren obra Euskal Herrira ekartzeko eskaria, Gernika Madrilgo Reina Sofia museora heldu zenean. «Bere lekua hori zela ulertu zuen, eta berak bultzatu eta, hein batean, sortutako Gernika Gernikara mugimendua amaitu egin zela».

Errealismoaren eta abstrakzioaren artean

Uztailean eskuratu zuen Ibarrolaren lana museoak, Madrilgo Arco arte azokan, 300.000 euroko prezioan. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Bilboko Udalak onartu dute erosketa, eta, Zugazak eskerrak eman dizkie guztiei «ezohiko aurrekontua» dela eta. Erosketa «aho batez» eta «berehalakoan» erabaki zutela ere esan du. Aurrez, beste bitan izan da lana ikusgai Bilboko museoan, 1977an lehenik, eta 1980an bigarrenik, baina artistaren etxean egon da gorderik orduz geroztik, eta egin beharreko konponketa eta garbiketa lanak egin ostean, behin betirako geratuko da orain bertan, artistak dohaintzan emandako sasoi bereko beste bi lan geometrikorekin batera.

Hain zuzen ere, Jose Ibarrolaren hitzetan, trantsizio une batean erakusten du artista erakusketako margolanak: hanka bat figurazio errealistan duela, eta beste hanka bat abstrakzio geometrikoan. Picassoren koadroko zuri beltza da nagusi Ibarrolaren koadroan ere, baina, badira, han-hemenka, gorri tanta batzuk ere.

Picassoren Gernika obrari buruzko hitzaldi batprestatu dute, bai etaIbarrolaren Gernika-ri buruzko beste bat ere. Picassoren Gernika-ren kokapenari buruzko polemika izango du mintzagai Genoveva Tusell arte historialariak urriaren 25ean, eta Ibarrolaren lanari buruz arituko da hizketan Miriam Alzuri arte kontserbatzailea hurrengo urteko otsailaren 22an.

Doako sarrera

Hastear da Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko lanen lehen fasea ere, eta, horien ondorioz, itxita egongo da eraikin klasikoa. Itxi berri dituzte, horregatik, bertan ikusgai egon diren erakusketak, eta aurrerantzean eraikin modernoa bakarrik egongo da bisitatzeko moduan. Lanek iraun bitartean, ordea, sarrera doakoa izango dela jakinarazi dute gaur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.