Hilberria

Colin Powell AEBetako Estatu idazkari ohia hil da, COVID-19agatik

Familiak eman du heriotzaren berri. 84 urte zituen. AEBetan Estatu Idazkari karguan aritutako lehenbiziko afro-amerikarra izan zen. 2001ean hartu zuen kargua, eta dimisioa aurkeztu zuen 2004an. Irakeko gerraren defendatzaile sutsua izan zen.

Colin Powell, 2003an New Yorken egindako ekitaldi batean, artxiboko irudi batean. MATT CAMPBELL
2021eko urriaren 18a
14:37
Entzun

Colin Powell zendu da, COVID-19arekin eri. Senideek Facebook bidez jakinarazi dutenez, gaitzak larriki gaixotu zuen Powell, eta hil egin da ondorioz, 84 urterekin. George W. Bushen agintaldian Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari izandakoa da Powell, militarra, armadako buru aritua.

Berebiziko rola izan zuen Irakeko gerran. Sutsuki defendatu zuen Iraken kontra borroka egin beharra. Besteak beste, sona handiko hitzartzea izan zuen 2003an, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan. Hartan, Powellek irmoki azaldu zuen Irak mehatxu arriskutsua zela mundu osorako, eta, hala, grinaz aldarrikatu zuen indarrez geldiarazi beharra. Haren esanetan, Irakek suntsipen handiko armak zituen; gaur egun, oraindik ere ez da hori baieztatzeko frogarik.

Colin Powell izan zen Ameriketako Estatu Batuetan Estatu idazkariaren karguan izandako lehenbiziko afro-amerikarra. Lau urtez izan zen idazkari, 2001etik 2005era. Dimisioa aurkeztu zuen 2004ko azaroan, baina ordezko batek lekukoa hartu arte aritu zen jarduneko idazkari gisan. Alderdi Errepublikanoko kidea izanik ere, ez zuen Donald Trump babestu 2020ko hauteskundeetan; Joe Bidenen alde azaldu zen publikoki. Lehendik ere izan zuen babes keinurik Alderdi Demokratarekin: 2008an, Barack Obamaren aldeko adierazpenak egin zituen kanpainarako aste gutxi batzuk falta zirela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.