Koronabirusa
EMA hasi da ebaluatzen Pfizerrek 5-11 urte arteko haurrentzat egin duen txertoa
Pfizer-BioNtech botika konpainiaren arabera, erantzun immunitario egokia dakar COVID-19aren aurka

Sendagaien Europako Agentzia EMAk jakinarazi du hasi dela ebaluatzen Pfizer-BioNtech botika konpainiak 5-11 urte arteko umeentzat garatu duen txertoa. Egun oraindik ez dago COVID-19aren kontrako txertorik baimenduta adin tarte horretako haurrentzat. Botika konpainiak datuak aurkeztu dizkio agentziari, adierazteko gaitzaren aurkako erantzun immunitarioa indartu egiten dela txertoarekin.
12 urtetik gorakoentzat ere baimenduta dago gaur egun botika konpainia horren txertoa; maiatzean eman zion oniritzia Europako Batzordeak. Pfizerreko eledunek adierazi izan dute umeentzat garatu duten txertoa helduentzat garatu dutenaren antzekoa dela, RNA-mezularia teknika erabiliz egindakoa da hori ere, baina birusaren aurkako karga apalagoa du. Teknika hori bera darabil Moderna botika etxearen txertoak ere, eta hori ere baimenduta dago nerabeentzat.
AEB Ameriketako Estatu Batuetan aurki haurrei txertoa jartzen hasteko onespena izatea espero dute konpainiako arduradunek.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.