Koronabirusa

«Planto» egin dute, umeek eskolan maskararik ez erabiltzea eskatzeko

Eserialdiak egin dituzte hainbat gurasok gaur arratsaldean eskoletako atarietan, protesta egiteko: «Ez dugu haurretan maskararen derrigorrezko erabilera onartzen»

arantxa iraola
2021eko urriaren 18a
18:07
Entzun

Haurrak Ere Bai familien sareak «planto egiteko» deia egina zuen gaurko, LH Lehen Hezkuntzan umeek eskolan maskararik ez erabiltzea eskatzeko. Horiek horrela, gaur arratsaldean, haurrak eskolatik irteteko orduan, eserialdiak egin dituzte hainbat ikastetxetako atarietan. Hego Euskal Herriko hainbat zentrotan izan dira protestak; besteak beste, Donostian, Lekeition eta Iruñean.

Gogora ekarri dute aspaldiko eskea dutela maskararen ingurukoa, orokorra dela eskaera, baina nabarmendu dute bereziki kritikoak direla Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskoletarako prestatu duen azken protokoloarekin. «Azken hezkuntza protokoloaren ostean, zur eta lur gaude; ez diogu zentzurik ikusten 6-12 urte bitarteko haurrek aire zabalean maskara jantzita egon beharraren argudioari, haurrak herriko parkeetan eta plazetan maskararik gabe baitabiltza».

«Argi utzi nahi dugu ekintza ikastetxeetan egitea proposatu dugula guraso zein hezkuntzako profesionalak antolatu, batu eta aktibatzeko helburuarekin, hezkuntza komunitatearen parte garen heinean hitza eta erabakietan parte hartzeko gaitasuna ditugula gogoratzeko», adierazi zuten lehengo astean ekintzaren berri emateko plazaratu zuten oharrean: «Denok gara gure haurren ongizatearen arduradun».

Salatu dute umeen beharrak ez direla aintzat hartzen: «Haien garapenari dagozkion beharrak kontuan hartu gabe hartzen dira erabakiak. Hau bukatu beharra daukagu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.