Brasil

Brasilen bi polizia inputatu dituzte, 28 hildako eragin zituen operazio batean «modu irregularrean» jokatzeagatik

Joan den maiatzean Rio de Janeiroko Jacarezinho favelan egin zuten operazio batean hil zituzten herritarrak. Operazio harekin lotutako lehen prozesu judiziala da.

Herritarrak protestan Rioko Jacarezinho favelan, joan den maiatzean. ANDRE COELHO / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko urriaren 19a
12:00
Entzun

Rio de Janeiroko (Brasil) Jacarezinho favelan 28 hildako eragin zituen operazioan «modu irregularrean jokatzea»: hori egotzi die Brasilgo epaitegi batek han parte hartu zuten bi polizia agenteri, fiskaltzak jarritako salaketa bat kontuan hartuta.

G1 albiste agentziaren arabera, «Rio de Janeiroren historiako polizia operaziorik odoltsuenetako bat» izan zen joan den maiatzean egindakoa. Besteak beste, eta salaketak dioenez, inputatutako poliziek etxe batean zaurituta eta armarik gabe zegoen gizon bat hil zuten. Horren ostean, gainera, hilotza ezkutatu zuten Poliziako adituak heldu aurretik, eta esan zuten pistola bat, kargagailu bat eta granada bat zituela hildakoak.

Operazioa droga trafikoaren aurkakoa zen. 21 lagunen bila sartu zen Polizia, baina zerrenda horretako hiru soilik atxilotu zituen, eta beste hiru hil. Hildakoen artean, gutxienez hamahiruk ez zuten ikerketarekin zerikusirik, eta agente bat ere hil zen. Poliziak, ordea, esan zuen hildako 27tatik 26k aurrekariak zituztela.

Gaur iragarritakoa da Jacarezinhoko operazioarekin lotutako lehen prozesu judiziala, eta Elizabeth Machado epaileak agindu du aipatutako hilketa ikertzeko.

Orrialde beltza

Giza Eskubideen Aldeko Koalizio Beltzak azaldu duenez, maiatzekoa «Brasilgo kale indarkeriaren historiako orrialderik beltzenetako bat» izan zen: «Estatuak bizitzak eta bizipenak suntsitu zituen, legeak biltzen dituen eskubideetako bat bera ere errespetatu gabe», adierazi dute komunikatu batean. Horretaz gain, gogorarazi dute legez kanpokoa izan zela polizia operazioa, pandemian zehar halako ekintzak egitea debekatu baitzuen Brasilgo Auzitegi Gorenak.

Hilketak nazioartean ere izan zuen oihartzuna, eta, besteak beste, NBE Nazio Batuen Erakundeak ere gaitzetsi zuen Poliziaren jokabidea. Rio de Janeiron, berriz, manifestazio jendetsuak egin zituzten Jair Bolsonaroren gobernuaren aurka eta Poliziaren arrazakeriaren kontra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.