Urriaren 18ko Adierazpena goraipatu egin dute Euskal Herritik kanpoko hedabide gehienetan

«Albiste bikaina» eta «denon pozerakoa» dela adierazi dute Katalunian. Adierazpena «harago doala» irakur daiteke Ingalaterrako prentsan, eta Maixabel Lasak PSOEri GAL argitzeko eginiko eskaeraren oihartzuna entzun da alemanez. Madrilen, damua eta gaitzespenak eskatu dituzte batzuek.

'The Guardian'-ek adierazi du atzoko adierazpena 'harago' doala. THE GUARDIAN
Edu Lartzanguren.
2021eko urriaren 19a
12:11
Entzun

Ezker abertzaleak zalantzan jarri du ETA izenburupean, editoriala eskaini dio Bartzelonako La Vanguardia egunkariak atzoko adierazpenari. Rodriguezek eta Otegik irakurritako testua «esanguratsua» izan zela nabarmendu du, eta «albiste bikaina» dela gaineratu du. Adierazpenak hainbat irakurketa egiteko bidea ematen du eta «denak poztekoak» dira, Bartzelonako egunkariarentzat, biktimei «erreparazio partziala» eskaintzen dielako, Euskal Herrian «normaltasunerako urrats garrantzitsua dakarrelako, behin betikoa ez bada ere», eta ezker abertzalea «jarrera pragmatiko eta zentratuagoetara» mugitu dela erakusten duelako. Mezuaz gain, mezulariaren garrantzia ere nabarmendu du kazetak: «Ezker abertzalearen ikurra da, ETAren beso politikoarekin lan egin zuelako, geroago hurbilketa bultzatu zuelako eta orain talde terrorista zalantzan jartzen duelako».

Haatik, atzoko urratsak ez luke izan behar ezker abertzaleak emaniko azkena, editorialgileen arabera. «Edonola ere, itxaropenari leihoa zabaltzen dio, eta denon pozerako da».

Bartzelonako El Periódico kazetak ere editoriala eskaini dio gaiari, Beste urrats bat bizikidetzarako izenburupean. EH Bilduren koordinatzailearen hitzak ezker independentistak «inoiz ETAren ibilbideari eginiko kritikarik argiena dira», editorialgileen arabera. Nabarmendu dute Otegik ez zuela erabili gaitzetsi aditza, baina, halere, adierazpenak «Euskadin indarkeriaren amaieraren historiara» pasatuko direla deritzote. Kazetak ontzat eman du adierazpena, baina keinu politikoekin jarraitu behar dela esan du. Horien artean, preso batzuei eginiko ongietorriak amaitu beharra aipatu dute. Kazetak keinuari muzin egitea egotzi die «eskuineko alderdiei».

Kataluniatik atera gabe, Ara kazetak ingelesezko edizioan nabarmendu duenez, adierazpenarekin ezker abertzaleak sakondu egin du «mea culpa». Otegiren eginkizuna nabarmendu du gizarte haustura osatzeko prozesuan, eta deitoratu egin du «Espainiako eskuin nazionalistak bere burua horretatik kanporatzen jarraitzea». Idatzi dutenez, «PP, Cs eta Voxen erreakzioak gehiegi ekartzen ditu gogora aspaldi igarotako garaiak, zeinetan dena gorroto eta mendekuen, garaile eta garaituen ingurukoa baitzen». Hainbat biktimaren handitasuna eta eskuzabaltasuna nabarmendu ditu agerkariak, eta horrekin kontrajarri ditu «hainbat ahots alderdikoiren heldutasun falta, zeinak etengabeko gerra hizkera erabiltzen duten, ETA desagertu ez balitz bezala».

Hizkera horren adibide ona da Madrilgo El Mundo kazetaren editoriala: Ez da damu, eta ez ditu gaitzesten ETAren hilketak. «Biktimen mina salgai politiko gisa erabiltzen du oraindik ere Otegik, eta bere indarra erabiltzen du Gobernuaren lehentasunezko bazkide gisa». Adierazpena «demokraziaren lotsagarri eta biktimentzat umiliagarri» dela deritzo kazetak. Mehatxu gisa aurkeztu dute mezuaren amaieran gatazka politikoaren kausak konpondu gabe daudela adierazi izana. Editorialak gogor jotzen du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren aurka. PSOEri «Nafarroaren euskalduntzearen alde lan egitea» egozten dio, esaterako, eta preso batzuk hurbiltzeko erabakia gaitzesten du. Rodriguezen eta Otegiren adierazpena koalizio abertzalea «zuritzeko» dela deritzo, Espainiako Legebiltzarrean aurrekontuak onartu aurretik. Presoei eginiko «omenaldiak debekatzeko» eskatu dio Otegiri.

Ingalaterrako The Guardian kazetak ez du editorialik egin, baina albistea jaso du. Kazetak Madrilen duen berriemaile San Jonesek azaldu du Rodriguezek eta Otegik esanikoa. Nabarmendu du Otegi ETAn sartu zela «nerabe bat zenean», eta, askoren arabera, erabakigarria izan zela ETAk indarkeria uzteko eta independentzia bide baketsu eta politikoetatik bilatzeko erabakian. Nabarmendu du atzoko adierazpena ETAk duela hiru urte plazaraturikoaz «harago doala».

Alemaniako Heise.de albiste plataformako Telepolis hedabidean idatzitako artikuluan, Ralf Streck kazetariak adierazi du alderdi gehienek ontzat eman dutela adierazpena, eskuinekoak kenduta, eta nabarmendu egin du Coviteko Consuelo Ordoñezek esan izana «jauzi kualitatiboa» dela. Horrez gain, Maixabel Lasaren eta Maria Jauregiren erreakzioak nabarmendu ditu, eta kontatu du lehenak zuzenean eskatu diola PSOEri GALen ingurukoak argitzeko. Baina horretarako «borondatea falta» dela esan dio kazetariari GALek hildako Juan Carlos García Goenaren alaba Maider Garcia Martinek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.