Europako Batasuna

Poloniako lehen ministroak erasokor jarraitu du: «Ez gara inoiz probintzia bat izango»

Europarlamentuko saioak agerian utzi du Varsoviak eta Bruselak ikuspuntu kontrajarriak dituztela sistema judizialaren nagusitasunaren, haren independentziaren eta subiranotasunaren inguruan.

Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroa, gaurko agerraldian, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea alboan duela, eserita. EFE
ander perez zala
2021eko urriaren 19a
13:00
Entzun

Ezohikoa da EB Europako Batasuneko estatu kideetako gobernuburuek Europako Parlamentuan hitza hartzea. Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroarentzat, ordea, beharrezkoa zen pauso hori ematea, haren herrialdeko Auzitegi Konstituzionalaren azken erabakiak eragin duen «gaizki-ulertua» azaltzeko. Bada, Morawieckiren agerraldiak asko izan du azalpenetik, baina, zehazki, gehiago bere burua justifikatzetik eta erasokor jarraitzetik, tonua jaistetik eta zubiak eraikitzetik baino: «EBren eskumenek muga jakin batzuk dituzte. Ez gara isilik geratu behar muga horiek hausten dituztenean. Hortaz, baietz esaten diogu europar unibertsalismoari, eta ezetz europar zentralismoari. Ez gara inoiz probintzia bat izango».

Europarlamentuko saioak agerian utzi ditu talde komunitariora begirako bi ikuspuntu kontrajarriak. Bi aldeentzako txaloak eta kexak izan dira, eurodiputatuek bai baitakite Bruselaren eta Varsoviaren arteko gatazkan asko dagoela jokoan. Horretaz aritu da Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, Poloniako gobernuburuaren aurretik mintzatu denean: «Ezin ditugu eta ez ditugu arriskuan jarriko balio komunak», ohartarazi dio Morawieckiri. Kargua hartu zuenetik egindako diskurtsorik gogorrena izan da Von der Leyenek gaur eman duena.

Hilaren 7an, Poloniako Auzitegi Konstituzionalak auzitan jarri zuen EBko justiziaren nagusitasuna, argudiatuta herrialdea estatu kide bilakatu izanak ez duela esan nahi estatuak talde komunitarioko justiziari legezko aginte gorena aitortzen dionik, ezta haren subiranotasuna EBren esku uzten duenik ere.

Hain justu, talde komunitarioko estatu kide bilakatzeko baldintzen artean dago justiziari buruzko subiranotasun hori ematea, eta aitortzea herrialdeko Auzitegi Konstituzionalaren gainetik egongo dela EBko justizia; finean, Luxenburgon egoitza duen Europako Justizia Auzitegia. Berez, talka lehenagotik dator, Bruselak uste baitu Poloniako justizia independentzia galtzen ari dela, hango gobernuaren erabakien harira.

Poloniako lehen ministroak, baina, egun ez du interpretazio bera egiten auzi horretaz aritzean, eta, haren herrialdeko Konstituzionalaren erabakia argudio hartuta, Bruselari ohartarazi dio «anbizio zentralistak suntsipenera» eramango duela EB. Beste modu batera esanda, Morawieckik gainontzeko estatu kideei esan die talde komunitarioa eta haren erakundeak eta egiturak aldatu behar direla, eta ez bere herrialdekoak.

Hori bai, duela aste eta erdiko erabakiaz, Poloniako lehen ministroak azaldu du EBren zuzenbidearen nagusitasuna aitortzen duela, baina, aldi berean, zalantzan jartzen duela Europako Justizia Auzitegiaren autoritatea: «Herrialde bat ezin da subiranoa izan bere konstituzioak amore eman behar badu».

Europako Batzordeak ez du oraindik erabakirik hartu auzi horren inguruan, gaia «arreta handiz» aztertzen ari direlako, Von der Leyenek azaldu duenez. Baina zalantzarik ez dago, Bruselan kezkatuta daude Poloniako Konstituzionalak hartu zuen erabakiarekin, «Europako Batasunaren oinarriak zalantzan jartzen» dituelako.

Europako Batzordeko presidentearentzat, «Europako ordena juridikoaren batasunaren kontrako eraso zuzen bat» izan da hilaren 7ko ebazpena: «Soilik ordena juridiko komun batek berma dezake eskubide berdintasuna, segurtasun juridikoa eta estatu kideen arteko konfiantza. Denbora da Poloniako sistema judizialaren independentziaz kezka dugula. Epaileei immunitatea kendu diete, eta beren postuetatik bota dituzte justifikaziorik gabe. Tamalez, egoera okertu egin da».

Poloniako lehen ministroari ez dio ihes egin adierazpen horrek, Von der Leyeni erantzun baitio «berdintasun» hori praktikan ez dela existitzen: «Zatiketak ikusten ditugu herrialde indartsuen, ahulen, berrien eta zaharren artean».

Bruselaren hiru aukerak

Gaurko agerraldiak kontuan hartuta, badirudi Europako Batzordearen eta Poloniako Gobernuaren arteko gatazkak okerrera egiteko aukera besterik ez duela. Bruselan, gainera, Varsoviari presio egiteko hainbat mekanismo dituzte, eta, Von der Leyenek esandakoa beteko balitz, gutxienez horietako bat erabiliko lukete.

Batetik, arau hauste prozedura bat abiatzea, Poloniaren kontrako zigor ekonomikoak agintzeraino —eguneko milioika eurokoak—; bigarrenik 7. artikulua berriz martxan jartzea, Varsovia boto eskubiderik gabe utziko lukeena Europar Kontseiluan, eta, oro har, EBko bilera komun guztietan —aho batezko erabakia da, eta Hungaria kontra agertu da—; eta, azkenik, ziurrenik eragin handiena izan dezakeena: suspertze funtseko dirua blokeatzea, 36.000 milioi eurokoa.

Izan ere, diru hori jasotzeko, talde komunitarioak ezinbesteko baldintza bihurtu zuen zuzenbide estatua errespetatzea. Poloniari eta Hungariari begirako erabakia izan zen, Europako Batzordeak bi herrialde horiekin baititu desadostasunik handienak arlo horretan. Varsoviak eta Budapestek neurri horren kontrako helegiteak aurkeztu zituzten urte hasieran, eta Europako Justizia Auzitegiak iragan astean aztertu zituen, oraindik erabakirik eman gabe.

Europarlamentua horri buruzko ebazpen baten inguruan bozkatzekoa da etzi, eta, onartuz gero, Europako Batzordeari eskatuko dio martxan jar dezala suspertze funtseko dirua blokeatzeko prozedura, baita eztabaidagai izan dituzten gainontzeko aukerak ere, beharrezkoa balitz.

Bien bitartean, Poloniako oposizioko alderdiak polexit-aren (herrialdea EBtik ateratzearen) mehatxua darabilte ahotan asteotan, baina herrialdeko gobernuak erantzun dio ez duela horretarako asmorik. Inkesten arabera, herritarren gehiengo zabala, %80 inguru, talde komunitarioa jarraitzearen aldekoa da.

Horren jakinaren gainean dagoela, eta, jarrera erasokorra izan duen arren, Morawieckik europarlamentuan ziurtatu du estatu kide izango direla aurrerantzean ere: «Gora Europako Batasuna; gora herrialde subiranoak; gora Europa, munduko tokirik onena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.