Bidesariak

Gipuzkoak kamioiei bidesariak kobratzeari utziko dio ostegunean

N-1 eta A-15 autobideak doakoak izango dira kobratze sistema berria indarrean sartu arte, 2023aren hasierara arte.

Kamioi bat Andoaingo arkutik igarotzen. JON URBE (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko urriaren 19a
13:20
Entzun

Ostegunetik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez die bidesaririk kobratuko N-1 eta A-15 errepideak zeharkatzen dituzten ibilgailu astunei, eta hala izango da 2023aren hasierara arte, araudi berria indarrean sartu eta horrekin loturiko azpiegitura berri guztia jarri arte. Denbora horretan diputazioak ez du jasoko bidesari horien bidez bildutakoa; azken lau urteetan, 20 milioi euro inguru bildu ditu.

EAEko Auzitegi Nagusiak maiatzean indargabetu zuen bidesariak kobratzeko modua egiten zuen foru araua, eta, Espainiako Auzitegi Gorenak diputazioaren helegiteak atzera bota ondoren, epaia irmoa da atzotik. EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du diskriminatzailea dela bidesarien sistema hori, soilik lurraldea alderik alde zeharkatzen duten kamioilariei eragiten dielako, Gipuzkoan bakarrik aritzen direnen mesedetan.

Foru aldundiak atzo jaso zuen epaia betetzeko agindua edo probidentzia —maiatzetik horren zain omen zegoen indarrean jartzeko—, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batera sartuko da indarrean, asteazkenetik ostegunerako gauerdian.

Aldundiak, dena den, ez dio uko egingo errepide horiek erabiltzeagatik kobratzeari. Beste arau bat egin du, hirugarrena duela lau urte ezarri zuenetik. Araudi berria urte amaieran onartzea espero du, eta orduan lizitatuko ditu horrek dakartzan azpiegitura ugariak —25 milioiko kostua izango du—; kalkulatzen du kamioiak 2022aren amaieran edo 2023aren hasieran hasiko direla berriz ordaintzen. Kasu horretan, N-1 eta A-15 autobideetako edozein zati erabiltzeagatik pagatu beharko dute. Azken lau urteetan 19 kilometrorengatik ordaindu dute soilik. Auzitegiak aipatutako diskriminazioa saihesteko hartu du erabaki hori aldundiak. Aurreikusten du araudi berriarekin orain halako hiru bilduko duela: 31 milioi euro inguru urtean.

Orain arte kobratutakoa

Araudi berria ere ez da garraiolarien gustukoa izan, uste baitute oraindik ere diskriminatuta daudela, gainerako erabiltzaileek ez dutelako ordaintzen. Horrez gain, eskatu dute baliogabetutako bidesariengatik ordaindutako dirua itzultzeko. Fedanismer elkarteak kalkulatu du aldundiak hamabost milioi euro itzuli behar dizkiela kamioilariei.

Aldundiak berretsi du orain arte kobratutakoa legezkoa dela, EAEko Auzitegi Nagusiak ez duelako aurkakorik ebatzi, eta baztertu egin du diru hori ofizioz itzultzea. Diputazioak gogorarazi du Bidegin «erreklamazio indibiduala» aurkez dezaketela dirua itzuli behar dietela uste duten kamioilariek. Horretarako, elkarteek inprimakiak prestatu dituzte beren webguneetan. Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak esan du erreklamazio batzuk jaso dituztela, baina «oso gutxi» direla.

Gero eta gehiago dira erabilera handiko errepideetan kamioiei ordainsariak ezartzea erabaki duten administrazioak. Gainerako euskal lurraldeak ere horretan ari dira, eta Europako herrialde ugaritan jarriak dituzte jada.

Espainian, aztertzen

Espainiako Gobernuak ere asmoa du ordainpeko errepideen sarea handitzeko. Gaur hizpide izan du beste behin, baina ez du zehaztasunik eman: kamioientzat soilik izango ote den ala erabiltzaile guztientzat. Azpiegituretako idazkari nagusi Sergio Vazquezek kamioien eta autoen jabe guztiei urteko tasa bat ezartzeko aukera aipatu du; Raquel Sanchez Garraio ministroak, berriz, bidesarien sistema bat. Nolanahi ere, biek azpimarratu dute Espainiako errepideak «salbuespena» direla Europan, 27 estatu kideetatik 24k dituztelako halako sistemak, eta beharrezkoa dela «eztabaida zintzo bat». Espainian autobide gehien-gehienak doakoak dira, eta horien mantentzeaz estatua arduratzen da.

Hego Euskal Herrian, berriz, oso bestelakoa da egoera. Bertako administrazioen eskumena da errepideak erabiltzeagatik kobratu ala ez erabakitzea, eta horretarako zein sistema jarri zehaztea. Orain arte bidesarien alde egin dute. Gaur egun, erabilera handiko autobideen %70 inguru dira ordainpekoak, eta kopuru hori gehiago zabaltzeko egitasmoak dituzte erakundeek; oraingoz, karga astunak dituzten kamioiek soilik ordaindu beharko lukete.

Euskal erakundeek errepideen jabetza izanda ere, Madrilen erabakiak izan dezake eraginik. Ibilgailuen jabe guztiei urteroko tasa bat ezarriko balie, tasa eta bidesariak, biak, ordaindu beharko lituzkete Hego Euskal Herriko herritarrek bertako eta Espainiako errepideak erabiltzeagatik, eta gauza bera Hegoaldeko errepideak erabiltzen dituzten kanpoko gidariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.