Indarkeria matxista

Zumaiako mugimendu feministak sexu eraso bat salatu du

Nafarroako Probintzia Auzitegiak hiru urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra jarri dio gizon bati, bikotekide ohiari aizto batekin mehatxu egiteagatik.

Eraso matxistak salatzeo manifestazio bat, Zumaian, atxiboko irudian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urriaren 19a
14:28
Entzun

Zumaiako (Gipuzkoa) mugimendu feministak jakinarazi duenez, herrian sexu eraso bat gertatu zen larunbatean. Baleike hedabidearen arabera, ohar bidez azaldu dute taberna batean gertatu zela erasoa. Erasoa jasan zuen emakumeak gizonari esan zion inguruko emakumeak deseroso sentiarazten ari zela, «emakumeengandik gertu jarriz, enbarazu egiten ari zela esaten ziotenei begirada eta jarrera desafiatzailarekin erantzunez, eta, kasu batzuetan, emakumeen gorputzari buruzko bere iritziak botaz».

Oharrean jaso dutenez, bakean uzteko eskatu zion emakumeak, eta gizonak «modu larderiatsuan, jarrera oldarkorrez eta inpunitate sentimendu osoarekin» erantzun zuen. Orduan, adierazi dutenez, emakumeari galtzak jaitsi, eta ukituak egin zizkion taberna erdian. Emakumeak erasoari erantzun zion, eta gizona kalera bota zuten. Emakumeak salaketa jarri zuen Ertzaintzan. Erasoa arbuiatzeko asmoz, mugimendu feministak manifestazioa antolatu du biharko, Zumaiako Beheko plazatik abiatuta, 19:30ean.

Hiru urte eta sei hilabeteko zigorra

Nafarroako Probintzia Auzitegiak hiru urteko eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati, bikotekide ohiari aizto batekin heriotza mehatxuak egiteagatik. Gainera, ezingo da harengana gerturatu lau urtean, ezta emakumearekin komunikatu ere. Defentsak, biktimak eta fiskalak zigorraren inguruko akordioa lortu dute.

Gizona taberna batera joan zen 2020ko otsailaren 8an, eta konturatu zen bikotekide ohia bertan zegoela. Debekatuta zeukan biktimarengana gerturatzea edo harekin komunikatzea, baina bertan geratu zen. Biek elkarrizketa bat izan zuten, baina banatu egin ziren gero. Emakumea beste pertsona batekin atera zen tabernatik, eta itzuli zenean irainka hasi zitzaion gizona. Liskar bat izan zuten, eta beste pertsona batek banatu behar izan zituen. Gizonak aizto bat zeramala konturatu zen herritar hori; tabernatik aterarazi zuen, eta handik 150 metrora zegoen zuhaitz batean utzi zuen aiztoa pertsona horrek. Berriz tabernara itzuli zen erasotzailea, emakumea iraintzen hasi zen, eta hil egingo zuela esan zion. Ondoren, zuhaitzera joan zen, handik aiztoa hartu, eta emakumeari esan zion lepoa moztuko ziola. Bertan zeuden herritarrek geldiarazi egin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.