Memoria

Servini epailearen autoa «pauso garrantzitsua» dela nabarmendu du abokatu taldeak

Rodolfo Martin Villa Barne ministro ohia epaitzeko aukera lehen aldiz antzeman dute, nahiz eta oraindik bide luzea geratzen den. Argentinako abokatu taldeak ohartarazi du Martin Villaren defentsak «dena bertan behera uzteko ahalegina» egingo duela

78ko Sanferminak Gogoan taldearen elkarretaratzea iazko irailean. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2021eko urriaren 19a
14:52
Entzun

«Espainiako demokrazia ispilu baten aurrean jarri du». Maria Servini epaile argentinarrak asteburuan ia mila orriko autoan Rodolfo Martin Villa Barne ministro ohia auzipetzeko autoa kaleratu zuen, eta hura «urrats garrantzitsutzat» jo du kereila bultzatzen ari diren abokatu taldeak. Oraindik bide luzea geratzen bada ere, Eduardo Fachal abokatu argentinarrak azpimarratu du Martin Villa epaitzeko aukera lehen aldiz antzeman dutela. «Ipar hori jada ikus dezakegu, nahiz eta ez den gertu dagoen helmuga bat».

Zoom bidez egindako prentsaurrekoan, Argentinako talde juridikoak autoaren irakurketa egin du. Halaber, Ceaqua Argentinako kereila babesteko koordinakundeko abokatu Jacinto Larak ere bere azalpenak eman ditu, eta balorazioa egin dute kereila bultzatu duten biktima taldeek: Andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko kidea, Fermin Rodriguez 78ko Sanferminak Gogoan taldeko kidea, Lucila Arago Ceaquako kidea eta Manuel Ruiz Comuna elkarteko kidea.

2010etik, gizateriaren aurkako krimenen testuinguruan, frankismoarekin lotutako instrukzioa darama Servini epaileak, eta, horien artean, Francisco Franco diktadorea hil ondorengo hilketak ere ikertzen ari da. Asteburuan kaleratutako auto luzean, Servinik Martin Villari leporatzen dio lau homizidio larriren arduradun dela: 1976ko martxoaren 3ko sarraskian Polizia Armatuak eraildako hiru langilerena —Pedro Maria Martínez Ocio, Romualdo Barroso eta Francisco Aznar— , bai eta 1978ko uztailaren 8an Iruñean polizia armatuek tiroz hildako German Rodriguezena ere.

Eduardo Fachalen arabera, autoan Servinik frogatutzat ematen du Espainiako Estatuak biztanleria zibilaren aurkako plan kriminal bat antolatu zuela. Diktadorea hil ondorengo urteetan ere, «egitura frankistaren kontrolpean izan zen trantsizioa». Iazko irailean egindako deklarazioan, Martin Villak arrazoitu zuen gertaera haiek «akatsak» izan zirela, giza eskubideen aurka jardundako polizia batzuen gehiegikeriak izan zirela, eta halakorik ez gertatzeko lan egin zuela.

Alabaina, Fachalen arabera, autoan Servinik dio Martin Villak gertaeren nagusitasun funtzionala zuela; hots, «delituak egiteko botere aparatuak erabili zituen». Garai hartan antolatzen ziren manifestazioetan hildakoak izaten ziren, «segurtasun indarrek berdin jokatzen zutelako», eta, horregatik, Martin Villak ezin du esan ez zekienik. «Delituak egon zirela jakinaren gainean egonik, ezin du bere ardura penala saihestu», azaldu du Fuchalek, autoan oinarrituta. Martxoaren 3ko gertaeretan, adibidez, sarraski hura egin zuten poliziak beste toki batzuetatik ekarri zituen, eta Gasteizen zabaldu, eta haren guztiaren berri bazekien, Fuchalen arabera. Agerian utzi zuen hori garai hartan komunikabideei egindako adierazpenetan. «Esan zuen eskarmentu gisa balio behar zuela hark, egonezin sozialak eta subertsioak jarrai ez zezaten».

Kasu gehiago sartzeko aukera

Abokatuen arabera, auzibideak orain arte izan dituen traba guztien jakitun, eta kontuan izanik defentsak auzia baliogabetzea nahi duela, Servinik zuhur jokatu nahi izan du. Auzipetze prozesuan lau hilketa horiek aipatu arren, atea irekita utzi du kasu gehiago gehitzeko, froga gehiago izanez gero: Gasteizko Martxoaren 3 sarraskietan egun batzuk geroago hil ziren Jose Castillo eta Bienvenido Peredaren kasua, 1977ko maiatzaren 12an Errenterian Guardia Zibilak hildako Rafael Gomezen kasua eta handik bi egunera Iruñean Polizia Armatuak eraildako Jose Luis Canorena; Bilbon hildako Francisco Javier Nuñezena; 1976ko irailaren 8an Hondarribian manifestazio baten ostean hildako Jesus Mari Zabalarena edo Sarturtzin hildako Norma Mentxakarena.

«Aurrean erronka handi bat dugu delitu gehiagoren ondorioz auzipetua izan dadin», azaldu du Fuchalek. Bere esanetan, auzibide honetan ikusirik Espainiako Gobernuak zein estatuko beste erakundeek ez dutela inongo laguntzarik eman, auzia bultzatu duten taldeei dagokie froga eta testigantza gehiago biltzeko ardura. «Auzia atzeratuko duen urratsik ez dugu egingo, baina orain arte egindakoa sendotzen lagunduko duten pausoak emango ditugu». Hala, martxoaren 3ko gertaeretan zein 1978ko sanferminetan, aurrera jarraitzeko baliagarri izan daitezkeen ekarpenak eta testigantzak eskatu dituzte.

Arerio gogorra aurrean

«Partida hori ez dugu bakarrik jokatzen, eta aurrean aurkari boteretsua dugu». Julieta Bandiralli abokatu argentinarrak gogoratu du Martin Villaren abokatu taldeak autoa aztertuko duela, eta espero dute auzia are gehiago atzeratuko duten neurriak hartzeko eskatuko duela. Hala ere, eurek lan egingo dute Servinik autoan agindutako behin-behineko espetxeratzea bete dadin, eta, hori posible ez bada, 9,5 milioi balioren ondasunak bahitu diezazkioten.

Jacinto Lara abokatuak gogora ekarri du auzi honek guztiak ondorioak dituela gaur egun, eta hainbestetan laudatua den trantsizioa «kolokan» jartzen duela. Frankismoak errepresaliatutako familiek Argentinara jo behar izan zuten Espainiako justizia sistemak zein erakundeek ez dietelako eman egia, justizia eta erreparazioa izateko aukerarik. Horregatik, Lararen arabera, Servinik «ispiluaren aurrean» jarri du egungo demokrazia. Larak azpimarratu du azken urteetan fiskaltzak agindua izan duela gertaerak argitzeko, Argentinatik zetozen eskaerei ezezkoa emateko, eta, hori ikusirik, beto hori kendu eta «Argentinako eskaera horiek betetzeko» exijitu du.

Espainiako Gobernuari, berriz, eskatu dio ez jartzeko oztoporik Argentinako justiziak galdegindako informazioari ere: «Auzibidearen tramitazioan, urrats handia da autoa, baina Espainiako Estatuari lankidetzarako deia egiten dio bete-betean, orain arte ez baitu halakorik egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.