Martin Villa, Servinik auzipetua

Auto batean auzipetu du 1976ko Gasteizko hilketengatik eta German Rodriguezenarengatik

Martin Villa, iazko irailaren 3an Servini epailaren aurrean deklaratu ostean, auto barruan. JUANJO MARTIN / EFE.
arantxa iraola
2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Francoren diktaduran eta ondorengo urteetan, trantsizio deituan, kargu ugari izan zituen Rodolfo Martin Villak. Besteak beste, Espainiako Gobernuko ministroa izan zen 1976-1982ko aldian. Frankismoko krimenak argitze aldera Argentinan auzibide bat abian du Maria Servini epaileak, eta auzipetu egin du. 1976ko martxoaren 3an Gasteizen Espainiako Poliziak bost langile tiroka hil zituen; 1978ko sanferminetan, berriz, German Rodriguez hil zuten Iruñean, Liga Komunista Iraultzaileko kidea. Hilketa horien harira auzipetu du. Atzo zabaldu zen albistea, Serviniren auzibidea hauspotzen ari diren elkarteek berehala baieztatu zuten, txalotu ere egin zuten, eta, horren gaineko xehetasunak emateko, astearen hasieran agerraldi bat egingo dutela jakinarazi zuten. Argentinakoa da diktadura aroko krimenengatik irekitako ekintza penal bakarra, eta hara begira daude memoria historikoa aintzat hartzea nahi duten elkarte asko.

«Abokatuak aztertzen ari dira orain autoa», azaldu zuen Martxoaren 3ko gertaerak argitze aldera Gasteizen martxan dagoen elkarteko eledun Andoni Txaskok. Lehen balorazioa oso positiboa da: «Desiratzen geunden albiste hau jasotzeko; urtebete pasatxo joan da Martin Villak Serviniren aurrean deklaratu zuenetik, eta jakin nahi genuen emaitza. Denbora behar izan du, baina albistea bikaina izan da. Irmo ari da epailea, eta zentzu horrexetan eman du ebazpen hau ere». Servinik frankismoko krimenak argitzeko abian duen bidean mugarria da auto hau. Trabaz jositako bide batean egindako lorpen bat da. Eta oraindik bide luzea izan dezake. Izan ere, Gasteizko eta Iruñeko hilketak aipatzeaz gain, beste kausa batzuetan ere ministro ohiak izan dezakeen erantzukizuna ikertzeko bidea ireki da ebazpenean. Martxoaren 3 plataformak bezalaxe, 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak ere goratu du.

Txaskok zehaztu du Martin Villari egotzitakoak «gizateriaren aurkako delitu» izendatu dituela Servinik, errepresio «sistematiko baten» ondoriotzat jo dituela alegia, eta oroitarazi du beren aspaldiko eskea dela hori, funtsezkoa beren aldarrikapenean. «Orain duda da Espainiako Estatuak zer erantzun emango duen». Hemendik aurrera zer gertatuko den iragartzen ez da ausartu Txasko.

Traba ugari jarri ditu orain arte Espainiako Gobernuak. Servinik Martin Villa deklaratzera deitzeko egin zituen estradizio eta atxiloketa eskea, esaterako, bertan behera utzi zituen. Argentinako kereila ere auzitan jarri dute maiz, atzerriko herrialde batek halako auzibide bat ezin duela abiatu argudiatuta. Baina hori amarru bat dela adierazi du Txaskok. «Izan ere, hemen zerbait martxan jartzen saiatu garenean, preskripzioa erabili dute argudio gisara». Eta hori ezin dela onartu oroitarazi du: «Halako krimenentzako preskripziorik ez dago». 2014an eman zuen, kereilaren harira, lehenengo nazioarteko atxilotze agindua Servinik; ministro ohiarena, eta diktadura garaiko beste hainbat goi kargudunena.

Babesa izan du

Espainiako erakundeek orain arteko «zigorgabetasun» jarrerari eusten badiote NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Europako Parlamentuak ezarritako irizpideen aurkako bidea jarraituko dutela adierazi du Txaskok.

Iazko irailean deklaratu zuen Martin Villak Servini epailaren aurrean. Egozten dizkioten delituen harira «genozidioa» leporatzen diote. Baina Franco hil ondorengo urteetan «genozidiorik» ez zela egon esan zuen orduan: «trantsizioa» historiako «etaparik onenetako bat» izan zela. Argentinako enbaxadaren egoitzan deklaratu zuen epailearen aurrean, saio telematiko batean. Martin Villaren abokatuek atzo jakinarazi zuten helegitea jarriko dutela autoaren kontra.

Deklarazioa hartu aurreko egunetan, Espainiako goi kargudun ugarik Martin Villaren aldeko gutun bat idatzi zuten. Felipe Gonzalez, Jose Maria Aznar, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Mariano Rajoy presidente ohiak zeuden izenpetzaileen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.