Literatura

Saiakera, fikzioa eta kazetaritza uztartzen dituen eleberri hibrido bat idatzi du Etxegoienek

Bi hari narratibo nagusi ditu lanak: oporretan den bikote bat eta Ruper Ordorikarekin topo egiten duen kale musikari bat, eta euskarari buruzko gogoetak ere tartekatzen ditu testuak.

Fermin Etxegoien, atzo, Donostian argitaratu berri duen eleberriarekin. MAIALEN ANDRES/ FOKU
Inigo Astiz
2021eko urriaren 19a
17:07
Entzun

«Espainolak?». Emakumea bularreko minbizia gainditu berri dela, Suitzara joan da oporretan Fermin Etxegoien idazleak argitaratu duen Totelak (Erein) eleberriko bikotea, Maserati gorri batean, «hedonismoari ate guztiak irekita», eta kasualitatez alboan suertatu zaien bikote batek luzatuko die galdera, itxuraz, adeitsua. Orri sorta bat beharko ditu narratzaileak, ordea, erantzun bat topatzeko. Fikzioaren, saiakeraren eta kazetaritzaren artean kokatutako hibrido bat da liburua, Inazio Mujika editorearen hitzetan, eta, hain zuzen ere, liburuko lehen orriko lehen esaldiko lehen hitzean bertan datorren galdera horren atzean ezkutatzen den galdera zabalagoaren bueltan dabil eleberri guztia ere: «Nor gara gu? Zer gara gu?». Galdera horri erantzutean sortzen diren «kontraesan, muga eta toteltasun edo totelkeriak» dira eleberriaren muina, editorearen hitzetan.

Oporretan dabilen bikotearen kontakizunaz gainera, liburuan bada bigarren ildo narratibo bat ere. Musika ikasketa akademikoak egin ostean herri musikarekin baketu ezinik dabilen kale musikari baten eta Ruper Ordorika musikariaren arteko topaketa bat kontatzen du bigarren plano horrek, eta Ordorikaren musikari buruzko gogoeta sorta bat txertatzeko aukera ematen dio fikziozko pasadizo horrek idazleari.
Euskara eta euskal kultura dira eleberriko hirugarren ardatza. Eta, kasu honetan, Mujikak laburtu du Etxegoienen posizioa: «Bere kezka da muga gehiegi ez ote dizkiogun jarri geure hizkuntzari; eta nobelak darabilen hizkuntza ere oso partikularra da, oso Ferminena; [Gabriel] Arestik esango lukeen bezala ‘zikina’, garbizalekeria guztietatik ihesi».

Etxegoienek bere hitzekin gehitu dizkio ñabardurak aurrez Mujikak aurreratutakoari. «Badago liburuan behin baino gehiagotan aipatzen den kontzeptu bat: Inkontziente linguistiko kolektiboarena». Eta, idazlearen hitzetan, inkontziente linguistiko kolektibo hori «oso espainola» da Hego Euskal Herrian, eta «oso frantsesa» Ipar Euskal Herrian. Hortik, adibidez, euskañola-ren indarra, besteak beste. «Hain da espainola gure inkontziente linguistiko kolektibo hori, ezen espainolez arazorik gabe onartzen ditugu erregistro guztiak, berdin Chiquito de la Calzada izan edo San Juan de La Cruz, eta euskarazkoak, aldiz, ez. Nekez onartzen dugu gutariko gehienok erregistro bat Mauleko koblakari batengandik datorrena edo Lekeitioko txiste kontalari batena, baldin eta badagoen txiste kontalaririk euskaraz Lekeition».

Gaztelerak zein frantsesak euskararekin alderatuta askoz ere oihartzun eta errepika indartsuagoa dutelako gertatzen da hori, Etxegoienen ustez. «Garai bateko euskaldun gehienak euskaldun inkontzienteak izango ziren, eta oraingoak, aldiz, kontrakoa: euskaldun kontzienteak gara, baina, zoritxarrez, ez gara euskaldun inkontzienteak. Eta hori ez ote den helburua, euskaldun inkontzienteak bilakatzea. Eta orain konturatu naiz hori besterik ez dudala idatzi: nola bilakatu euskaldun inkontziente, tartean, estetika dela bidea».

Neurona eta zeurona izeneko saiakerarekin hasi zuen bere literatur ibilbidea Etxegoienek, 2004an. Euskarari buruzko bere iritzi eta gogoetak biltzen zituen testuak, eta hiru fikzio lan ere argitaratu ditu geroztik; Autokarabana (2009), Zinegotzia (2013), Urpekariak (2015). Egilearen hitzetan, lotuta doaz guztiak, eta, zehazki, bere lehen nobelarekin lotuta ikusten du argitaratu berri duena, dionez, «espektatiba zapuztu batzuei buruz» mintzo baita liburua. «Duela hamabi urte argitaratu nuen Autokarabana, eta, hura aurkeztean, esaten genuen hura kronika garaikide bat zela. Estereotipo horiek erabiltzen genituen. Joan dira hamar urte baino gehiago, eta orain sentsazioa dut ez ote naizen ari gure belaunaldiaren memoria egiten, denbora azkar pasatu delako, eta egoera batzuek ekarri gaituztelako, adibidez, hizkuntzaren alorrean, horrelako kolapso sentsazio batera».

«Narritagarria»

Eta, beraz, bere eleberria ere «euskarari buruzko adreilu horietako bat» ote den galdetu dio Etxegoienek bere buruari. «Seguruenik bai», onartu du. «Baina ez diot beldurrik horri». Dioenez, idazlea, ondoren, saiatzen delako hori guztia bideratzen fikzioaren bitartez. «Pertsonaiak, amodioak, enkontruak, desenkontruak... Horiek dira fikzioaren elementuak, eta uste dut liburuan badaudela aski elementu fikzio horretan irakurlea kulunkan eramateko».

Eleberriko pertsonaiak «antiheroikoak» direla esan du idazleak, eta «diglosikoak» ere badirela, egoera linguistikoaz harago. «Espainiartasun kulturalean» kokatu ditu. Eta, azaldu duenez, haien bidez, liburuan badago pentsamendu atzerakoiari buruzko «esplorazio bat» ere. Etxegoienek esan duenez, kontziente da liburua «narritagarria» gerta litekeela.

Lana bukatu eta argitaratu ostean bakarrik konturatu da Etxegoien bera ere eleberriko bi ildo narratiboak berak uste baino paretsuago doazela. «Herenegun ohartu nintzen horretaz», aitortu du. «Kontserbatorioan ikasitakoa da kaleko musikari hori, eta arazoak dauzka musikari inkontzientea izaten». Eta, hain zuzen, paralelismo horrek uztartzen du haren kontakizuna bikotearen istorioarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.