Koronabirusa

«Transmitigarriagoa» izateko zantzuak dituen birus aldaera batez ohartarazi dute Erresuma Batuan

Delta aldaeratik eratorritako beste aldaera bat dela adierazi dute; OMEk ez du oraindik sartu COVID-19a eragiten duten aldaeren zerrendan

arantxa iraola
2021eko urriaren 20a
15:56
Entzun

Erresuma Batutik heldu da albistea: gobernuko ordezkariek adierazi dute «gertutik» ari direla aztertzen SARS-CoV-2 koronabirusaren aldaera berri bat, aurrekoak baino «transmitigarriagoa» izateko zantzuak dituena. Delta aldaeratik eratorritakoa dela esan dute, eta hura baino %10-15 errazago transmititzen den susmoa dutela. Aintzat hartu behar da delta aldaerak asko korapilatu duela izurriaren eboluzioa: jatorrizko birusa baino bi aldiz kutsakorragoa da.

AY.4.2 izena jarri diote adituek ikertzen ari diren aldaerari. Erresuma Batuko kasuen %10 inguru birusaren aldaera horrek eragindakoak direla ondorioztatu dute. Esan dute oso bizkor zabaltzen ari dela, baina ez delta urte hasieran zabaldu zen bezain azkar.

Birusaren aldaera hori aztertzeko egindako ikerketetan ikusi dute bereizgarri dituela S proteinan dituen bi mutazio, eta uste dute horrek irauteko abantailak ematen dizkiola. Nolanahi ere, adierazi dute oraindik ezin dela aldaera honen benetako eraginari buruzko ondorio behin betikorik atera. Birus horren inguruan ikusi duten transmisio igoera «ezustezko gertaera demografiko» baten ondorioa ere izan daitekeela onartu dute dute.

OMEk oraindik ez du COVID-19a eragiten duten aldaeren zerrendan sartu. Hori egitea erabakitzen badu, alfabeto grekoaren araberako izen bat jarriko dio, aurrekoekin egin duen eran.

Francois Balloux aditua izan da argibideak eman dituen ikertzaileetako bat. Aldaera hau «transmitigarriagoa» izan daitekeen arren, aurretik ikusitako moduko «desastrerik» ez duela eragingo adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.