Martin Ugalderen mendeurrena

Martin Ugalde, 'Euskaldunon Egunkaria'-ren babes eta hauspo

Iñaki Uriak Martin Ugalde eta Egunkaria hitzaldia eman du gaur, 19:00etan. BERRIAren webgunean izan da ikusgai, streaming bidez.

2021eko urriaren 20a
20:36
Entzun

Martin Ugalde kazetari eta idazlea jaio zela 100 urte beteko dira hemendik hiru astera, azaroaren 11n. Hura gogoratzeko, urte osorako programa dago martxan, kazetariaren familiarekin eta hainbat erakunde eta eragilerekin elkarlanean: tartean dira Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Andoaingo Udala, Hondarribiko Udala, Jakin, Euskal Idazleen Elkartea, Elkar, BERRIA eta Martin Ugalde kultur parkea.

Ugalde omentzea helburu, joan den astean lotu zitzaion bideari hari buruzko hitzaldi zikloa. Nerea Azurmendik Martin Ugalde, historia egin zuen kazetariahitzaldia eman zuen, eta Ugalderen kazetaritza lanaren joritasuna nabarmendu zuen, besteak beste. Gaur, berriz, Iñaki Uriak hartu dio lekukoa Azurmendiri, eta Martin Ugalde eta Egunkaria hitzaldia eman du. Lehenbiziko hitzaldiaren antzera, Martin Ugalde kultur parkean izan da gaurkoa ere. 19:00etan ekin diote, eta Internet bidez izan da ikusgai berria.eus webgunean.

Euskaldunon Egunkariaren sorrerari egin dio so Uriak hizketaldiaren hasieran, eta, era berean, gogorarazi nola bizi izan zituen Martin Ugaldek lehenbiziko urrats horiek guztiak. «Egunkari txikia, ahula, zaratatsua, liskartsua, bai. Baina baita munduko euskarazko egunkaririk ederrena ere», azaldu du Uriak. Nabarmendu duenez, Ugaldek egunkari bat izateko premia irmo babesten zuen hasieratik. Are gehiago, Uriaren esanetan, urteetan sumatu zitzaion sorrera horrekiko grina. «Martin Ugalderi tokatu zitzaion Egunkariaren itxiera bizitzea, baina igartzen zitzaion hasieran ere han zegoela», azaldu du.

Datozen ekitaldiak

Hurrengo hitzaldia urriaren 28an izanen da. Euskal PENeko Laura Mintegi arituko da hizketan: Martin Ugalderen garaia PENen begiradatik.

Eta azaroaren 4an, Anjeles Iztueta arituko da: Martin Ugalde eta politika.

Hitzaldiez gainera, udaberritik, kazetariaren inguruko erakusketa egon da ikusgai Hondarribian (Gipuzkoa) eta Donostiako Koldo Mitxelenan, eta abenduaren 4ra arte bisitatu ahalko da Andoaingo Bastero kulturgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.