ETXEBIZITZA

Bilbon 2.100 etxebizitza baino gehiago daude hutsik, eta 6.000 eskaera etxebizitza bat eskuratzeko

Gazteetan ageri dira etxebizitzaren arloko daturik kaskarrenak: 18 eta 34 urte bitarteko 37.000 gazte oraindik familiaren etxean bizi dira. Bilboko Udalak jakinarazi du «etxebizitzaren arloko bulego bat» sortuko duela datorren urterako.

Gaur goizean datuak azaltzeko egin duten agerraldia. BILBOKO UDALA
jone arruabarrena
2021eko urriaren 21a
13:33
Entzun

«4.358 etxebizitza huts identifikatu dira Bilbon. Horietatik 2.122 etxebizitza hutsik daude gutxienez bi urtez, eta, beraz, alokairuan hartzeko mobiliza daitezke». Hori da 2020an egindako etxebizitza arloko diagnostikoaren ondoren Bilboko Udalak atera duen ondorioa. Hala ere, ez da zifra altua etxebizitza bat behar duten herritarrekin alderatuz gero: 2015 eta 2020 urteen artean, etxebizitzarako eskubide subjektiborako 6.000 eskaera erregistratu ziren, eta horietatik 536 eskatzailek lortu zuten etxebizitza bat alokairu sozialean. Beste 810ek laguntza ekonomikoa jaso zuten.

Jon Bilbao Bilboko Udaleko Etxebizitza Saileko zinegotziak jakinarazi ditu datuok, eta informazio gehiago ere eman du, besteak beste, hirian alokairuan dauden etxebizitzen inguruan: «Prezioei dagokienez, azken lau urteetan egonkor mantendu dira. 2020an, etxebizitza berri baten batez besteko prezioa 3.594 €/m2 zen, eta etxebizitza erabili batena, berriz, 3.416 €/m2. Alokairuaren prezioak, batez beste, 780 €/hileko izan ziren». Izan ere, Bilbon 15.485 etxe daude alokairuan gaur egun. Horietatik, 6.173 dira alokairu sozialekoak.

Gazteak, premiarik handiena dutenak

Oro har, gazteak daude larrien etxebizitzari dagokionez. Gazteen Euskal Behatokiak kaleratutako datuen arabera, 18 eta 34 urte bitarteko 37.000 gazte oraindik familiaren etxean bizi ziren 2020an. Bestalde, behatokiaren kalkuluen arabera, 18 eta 44 urte bitarteko 10.000 lagunek daukate etxebizitza bat eskuratzeko beharra. Besteak beste, 2020ko laugarren hiruhilekoan 16.000 eskaera baino gehiago jaso ziren Etxebiden etxebizitza babestu bat eskuratzeko.

Bilbaok adierazi du iragan urtean Eusko Jaurlaritzak «errenta ordaintzeko laguntzak» eman zizkiela 423 gazteri.

Etxebizitzaren arloko bulegoa

Datuak ikusita, Bilbaok «etxebizitzaren arloko bulego bat» sortuko dutela iragarri du, «2022an martxan egongo dena». Bulego horren zeregina izango da aholkularitza lana egitea etxebizitzei dagokionez, «administrazioak eskaintzen dituen laguntzak eskuratu edo etxebizitzak birgaitzeko» egin beharreko gestioetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.