Albistea entzun

Zinema

Amirpour, Blomkamp, Wheatley eta Wright, Beldurrezko Zinemaren 32. Astean

Zinemaldiaren egitarau osoa aurkeztu dute, eta abonuak bihar jarriko dituzte salgai. La cabina-ren emanaldi berezi bat egingo dute, eta ziklo bat antolatu dute Stanislaw Lem idazlearen lanetan oinarritutako filmekin.

Edgar Wrighten 'Last Night in Soho' filmeko irudi bat.
Edgar Wrighten 'Last Night in Soho' filmeko irudi bat. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2021eko urriak 21 10:51

Donostiako Fantasiako eta Beldurrezko Zinemaren 32. Astea bueltan da. Egitarau zabalarekin, edukiera mugarik gabe eta ohiko elementu guztiekin: izua, zirrara eta festa giroa. «Denetik egongo da: banpiroak, zonbi krudelak, denbora bidaiak, etxe sorginduak, exorzismoak, deabruak hartutako umeak, pasodobleak... eta Nicolas Cage, jakina», adierazi du Josemi Beltran zuzendariak aurkezpenean. Urriaren 29tik azaroaren 5era arte egingo dute, Antzoki Zaharrean eta Viktoria Eugenia antzokian, nagusiki.

Gaurko aurkezpenean, eragile guztiak pozik agertu dira aurten jaialdia «%100ean» egingo dutelako berriro, Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotziaren hitzetan. Insaustik eta Joxean Muñozek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko aholkulariak, komunitatearen indarra nabarmendu zuten. «Publiko fidela dauka, zinemaldia oso berea sentitzen duena, eta nitxo horiek inportanteak dira kulturgintzan», esan du Muñozek.

Zinemaldiko abonuak Internet bidez erosi ahalko dira soilik. Bihar jarriko dituzte salgai, 11:30etik 20:00etara,Donostia Kulturaren webgunean. Asteartean, hilaren 26an, ordu berean jarriko dituzte salgai saioetarako sarrera arruntak Interneten, eta, biharamunean, txarteldegian.

FILM LUZEEN SAIL OFIZIALA

Gauza jakina zen Alex de la Iglesiaren Veneciafrenia filmak abiatuko duela aurtengo zinemaldia; turismoa izurri gisa erakusten duen slasher bat da. Itxiera filma, berriz, Ana Lily Amirpourren Mona Lisa and the Blood Moon film fantastikoa izango da; lehiaketatik kanpo emango dute.

Zenbait zinemagile ospetsuren lanak ariko dira lehian: Ben Wheatleyk In the Earth film «atmosferikoa» aurkeztuko du, Beltranen hitzetan; Neill Blomkampen Demonic-ek exorzismoak eta denbora bidaiak izango ditu; Edgar Wrightek 1960ko urteetako Londres erakutsiko du Last Night in Soho «ikusmin handiko» filmean; eta Mamoru Hosodak Belle izeneko anime-arekin parte hartuko du, «sare sozialez eta humanismoaz hitz eginez aldi berean».

Asiak leku nabarmena izango du programazioan; Japoniak, bereziki: 29an Japan Gaua egingo dute: Junta Yamaguchiren Droste no hatede bokura eta Hugo Sakamotoren Yellow Dragon’s Village emango dituzte. Gainera, Sion Sonok Prisoners of the Ghostland aurkeztuko du. Taiwango bi pelikula egongo dira: David Verbeeken Dead & Beautiful, «banpiro modernoen film dotore bat»; eta Rob Jabbazen The Sadness, «istorio krudel bat, aurtengo beldurgarriena, zalantzarik gabe». Urriaren 31n emango dute hori, Halloween gauean, eta mozorro lehiaketa egingo dute emanaldiaren aurretik.

Gainontzean, Sail Ofizialean izango dira Argentinako eta Txileko zenbait zinemagileren Apps, Damian McCarthyren Caveat, Prano Bailey-Bonden Censor, Dash Shawren Cryptozoo, Alexandre Bustilloren eta Julien Mauryren The Deep House, Banjong Pisanthanakunen The Medium, Mickey Keatingen Offseason, Raul Cerezoren La pasajera, Sam Walkerren The Seed, Ivan Kavanaghen Son eta Braden R. Duemmlerren What Lies Below.

Lehiaketatik kanpo emango dute Victor Matellanoren Mi adorado monster dokumentala, bai eta Historias para no dormir saileko bi atal ere: Paula Ortizen El asfalto eta Paco Plazaren Freddy.

FILM LABURRAK

Denera, 27 film laburrek hartuko dute parte jaialdian: 11 emango dituzte nazioarteko sailean, zortzi animaziozko sailean, eta beste zortzi Espainiako laburren sailean. Tartean da Deia, Khuruts Begoñaren euskal filma; lehiaketatik kanpo emango dute.

EMANALDI BEREZIAK

Carlos Areces aktore espainiarra ageri da aurtengo kartelean, Antonio Merceroren La cabina filmari (1972) keinu bat eginez. Pelikula horren emanaldi berezi bat egingo dute azaroaren 2an.

Tabakaleran ziklo bat antolatu dute Stanislaw Lem idazle poloniarrari buruz. Zientzia fikziozko eleberri ugari argitaratu zituen; Solaris da ezagunena, seguru asko: Andrei Tarkovskik zinemara moldatu zuen 1972an, eta Steven Soderberghek ere bai, 2002an. Lemen lanetan oinarritutako bi film luze eta bost labur emango dituzte zikloan, ezezagunagoak. Szpital przemienienia (1978) eta Test pilota Pirxa (1978) dira luzeak.

BESTE EKITALDI BATZUK

Asiskok Sugarren mende: ehizakiak, sorgin? izeneko erakusketa bat jarriko du Donostiako Udal Liburutegi Nagusian, urriaren 29tik azaroaren 20ra, eta Irungo Carlos Blanco Aginaga kulturgunean (Gipuzkoa), azaroaren 25etik abenduaren 10era. Iaz atera zuen Sugarren mende komikia, inkisizioaren jazarpenari buruzko lan historiko bat.

Bestalde, Sanjulian marrazkilariari buruzko erakusketa bat jarri dute Okendo kultur etxean, Simonidesi buruzko beste bat Tabakalerako Kutxa Kultur plazan, eta Paco Rocaren Batmanen marrazki batzuk Fnacen.

Patxi Presa Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapeneko arduradunak aurreratu du datorren urteko jaialdian erakusketa bat jarriko dutela Luis Gasca omentzeko, aldundiak haren komiki funtsa erosi zuen eta.

Mikel Pagadik Phantasmikel. Argitu ditzagun misterioak izeneko ikuskizuna egingo du azaroaren 3an, Viktoria Eugenian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Koldo Biguri, Garazi Arrula eta Massimo Carlotto —pantailan—, gaur, liburuaren aurkezpenean. ©Iñigo Uriz / Foku

Italiaren erraiak, beltzez

Ane Eslava

Koldo Bigurik euskaratu du Massimo Carlottoren 'Agur, maitea, ikusi arte' nobela, eta Txalapartarekin argitaratu. Lanak Italiako boterearen eta kriminalitatearen arteko harremana islatzen du.

Manuel Asin Ikuspuntu jaialdiko zuzendari artistikoa, Baluarteko atarian, Iruñean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ikertzeko balio duten distantziak

Olaia L. Garaialde

Iruñeko XVI. Ikuspuntu jaialdia martxoaren 14tik 19ra izanen da. Sail Ofizialean hamazazpi herrialdetako 21 film izango dira lehian. Lan eta Desbordamientos sail berriak ere badira

 ©BERRIA

Lukiek, eskemak nondik eta noraino apurtu

Itziar Ugarte Irizar

 

Hamar kantuko disko berria plazaratu du taldeak: '#2'. Kontraste ugariko lana ondu dute, egitura ezohikoak eta pasarte poperoagoak uztartuta. Arrasaten joko dute gaur; bihar, Tolosan

Juan Mari Aburto eta Fernando Perez, atzo, Azkuna zentroan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Bost erakusketa egongo dira ikusgai aurten Bilboko Azkuna zentroan

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte, eta arte bisualak indartzea izango du ardatzetako bat zentroak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.