Ezbeharra

Alec Baldwin aktoreak grabatzen ari ziren filmeko argazki zuzendaria hil du, istripuz

Filmerako erabiltzen ari zen pistola batekin tiro egin du Baldwinek, baina benetako bala bat zuen, antza. Filmaren zuzendaria zaurituta dago.

Alec Baldwin, 2018ko argazki batean. JUSTIN LINE / EFE
2021eko urriaren 22a
09:51
Entzun

Emakume bat hil da Rust filmaren grabazioan, eta gizonezko bat zauritu, AEBetako Mexiko Berrian. Alec Baldwin aktoreak tiro egin du filmerako erabiltzen ari zen pistola batekin, gezurrezko balekin kargaturik zegoelakoan. Alta, baletako bat egiazkoa zen. Hildakoa filmeko argazki zuzendaria da.

Filma XIX. mendean giroturiko western bat da, eta Bonanza Creek etxaldean ari ziren filmatzen. Hainbat film egin dituzte leku horretan.

Halyna Hutchins 42 urteko argazki zuzendaria helikopteroan eraman dute erietxera, baina hil egin da. Joel Souza 48 urteko zuzendaria larrialdietara eraman dute.

Poliziak esan duenez, ez dute aktorearen kontrako salaketarik egin; beraz, istriputzat hartu dute gertaera.

Hutchings 2020ko Archenemy akziozko filmeko argazki zuzendaria izan zen, eta beste hainbat filmetan ere aritu da lanean.

Sare sozialetako hainbat erabiltzaileek ustez ezbeharraren ostekoak diren argazkiak zabaldu dituzte.

Lehen ere gertatu dira halakoak filmaketetan. Film askotan benetako pistolak erabiltzen dituzte, baina balarik ez duten kartutxoak jarrita: zarata eta kea besterik ez dute sortzen. Brandon Lee 28 urteko aktorea ere hala hil zen, 1993. urtean, The Crow filmaren grabazioan. Ikerketan ondorioztatu zutenez, balarik gabeko kartutxo batekin egin zioten tiro Leeri, baina pistolaren barruan aurretik benetako balekin eginiko probetan geratua zen bala bultzatu zuen horrek. Filma amaitzeko, haren antza zuen aktore bat erabili behar izan zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.