Zaintza

Zaintza ereduaren «paradigma aldaketa» jaso du Jaurlaritzaren estrategia soziosanitario berriak

2021-2024 aldirako estrategia soziosanitarioa aurkeztu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzio nagusiek. Besteak beste, «adinekoak beren etxean edo etxe baten antzekoak diren zentroetan» bizitzea sustatuko dute.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeetako arduradunak izan dira BECen, gaurko aurkezpenean. IREKIA
Edurne Begiristain.
2021eko urriaren 22a
12:50
Entzun

2021-2024 urteetarako estrategia soziosanitarioaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte gaur goizean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzioek Barakaldoko BECen, Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan delarik. Gizarte eta osasun zaintzen ereduaren «paradigma aldaketa» baten beharra jaso du estrategiak berritasun gisa. Plangintza berriaren bitartez, erakundeek aurre hartu nahi diete COVID-19aren pandemiaren krisiak eragindako behar soziosanitarioei, eta pandemiaren ondorioz sorturiko «kalteberatasun» egoerei. Horretarako, behar soziosanitarioei modu koordinatuan erantzuteko ildo estrategikoak diseinatu dituzte.

Besteak beste, ondorioztatu dute etorkizuna COVID-19aren pandemiari lotutako beharrak eta baliabideak baldintzatuta egongo dela, eta, bide horretan, zaintzen eremuan «erantzukizun publikoa» hedatzeko konpromisoa hartu dute. Jose Antonio de la Rica arreta soziosanitarioko koordinatzaileak azaldu duenez, pandemiak agerian jarri du iraupen luzeko zaintzen eredua «jasangarri» egin behar dela. Izan ere, egungo zaintza eredua nagusiki familia eremuan oinarrituta dago, ordaindu gabeko lanarekin, eta, oro har, zaintza lan ez-profesionala «ikusezina» izan da. Nabarmendu duenez, aldaketa demografikoak eta izurriaren ondorioek agerian jarri dute zaintza eredua «sakontasunez berrikusi» behar dela eta ezinbestekoa dela zaintzak emateko eskema berriz diseinatzea. Urkullu lehendakariak zehaztu du ideia: «Prebentzioa eta autonomia pertsonala sustatzea xede duten zaintza ekosistemak sustatuko ditugu». Azaldu duenez, ekosistema horiekin erantzuna eman nahi diete adinekoek «beren etxean edo etxe baten antzekoak» diren zentroetan bizitzen jarraitzeko duten nahiari.

Gaurko aurkezpenean nabarmendu dutenez, izurriak agerian utzi du egoitza zentroetako zaintza profesionalen eredua «eraldatu» behar dela, lehen eta bigarren mailako arreta indartuta eta pertsonak «beren ohiko gizarte-ingurunean geratzearen alde eginez». Estrategia soziosanitarioak zehazten duenez, aurrerantzean erantzukizun publikoa eta zaintza instituzionala indartuko dira, lehen mailako arretaren eta bigarren mailakoaren arteko oreka sustatuko da, eta sektore publikoaren, pribatuaren, gizarte ekimenaren eta familia eta komunitate sektorearen arteko lankidetza bultzatuko da. Halaber, helburuen artean ezarri dute bermatzea mendekotasun egoeran dauden, desgaitasuna duten edo gaixotasun larriak, kronikoak edo degeneratiboak dauzkaten pertsonen familiako zaintza «aukera informatua, kontzientea, librea eta egokia» izango dela beti, eta zaintza jasotzen duenari eta zaintzaileei «babesa» ematen zaiela.

Aintzat harturik izurriak gogor jo dituela adinekoen egoitzak, azpimarratu dute adinekoentzat eta desgaitasunen bat dutenentzat egoitza zentroetako «kalitatea» bermatzeko mekanismo batzuk aktibatu eta indartu dituztela. Adibidez, abian jarriko dituzte foru aldundiko gizarte eta osasun zerbitzuetako profesionalez osaturiko «ikuskapen talde mistoak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.