Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak otsailera atzeratu dute Bertsoaroa

Nafarroako Bertsolari Txapelketa jokatzen ari delako atzeratu dute zikloa. Iruñeko Bertsopaper Lehiaketako irabazleen berri eman dute, eta Saioa Alkaizaren bertso sorta batean oinarritutako 'Biziraute saiakera' ikuskizuna aurkeztu dute.

Jokin Campion Gaston, Saioa Alkaiza Guallar eta Ander Perez Argote, gaur, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
Ane Eslava.
2021eko urriaren 22a
13:19
Entzun

Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak agerraldia egin dute Iruñeko Kondestablearen jauregian, hurrengo Bertsoaroa noiz egingo den iragartzeko, bai eta Iruñeko II. Bertsopaper Lehiaketako irabazleak jakinarazteko ere. Saioa Alkaiza bertsolariak, halaber, Biziraute saiakera ikuskizuna aurkeztu du.

Ander Perez Argote Nafarroako Bertsozale Elkarteko ordezkariak jakinarazi du aurtengo Bertsoaroa datorren urtera atzeratzea erabaki dutela: otsailera. Izan ere, udazkenean egin ohi da, baina Nafarroako Bertsolari Txapelketa ere atzeratu zen, eta orain jokatzen ari da; horrek eragin du zikloa aurreragorako uztea: «Ikusita orain txapelketa jokatzen ari dela, komenigarria da eskaintza orekatzea eta, dena hilabete hauetan kontzentratu beharrean, Bertsoaroa aurrerago egitea», adierazi du. Oraindik ez dakite zehazki noiz izango den, baina «laster» jakinaraziko dituzte egutegia eta programazioa.

Perezek gogora ekarri duen moduan, hiru hamarkada dira Iruñean Bertsoaroa antolatzen hasi zirela, iruindarrei erakusteko bertsolaritzan unean-unean jazotzen ari zena, eta egun topaketa garrantzitsua da: «Iruñeko euskarazko programazioan erreferentziazkoa da, eta Euskal Herriko bertsolaritza zirkuituan ere ezaguna da».

Loitzate Goñi, Nora Mendia eta Saioa Alkaiza irabazle

Bestetik, Jokin Campion Gaston Iruñeko Udaleko Kultura teknikariak ezagutarazi du nortzuk diren aurtengo Iruñeko Bertsopaper Lehiaketako irabazleak. Hiru kategoria daude: 2008tik aurrera jaiotakoak A kategorian sartzen dira; 2005 eta 2007 artean jaiotakoak, Bn; eta 2003an edo lehenago jaiotakoak, berriz, Cn.

A kategorian, lehen eta bigarren sariak Loitzate Goñi Elortzak irabazi ditu, Xauli eta Baratzea lanengatik, hurrenez hurren. Xauli txakur bati eskainita dago, eta «mimoz eta goxotasunez» osatua dago, epaimahaiaren hitzetan; Baratzea-n, berriz, egileak bere baratzeari buruz idatzi du, «umorez». Hirugarren tokian gelditu da Ekhi Rojo Rodriguez, Garai berriak bertso sortarekin, zeinean autorea «bere bizitza zeharkatzen duten garai berriei eta fase aldaketei» buruz mintzatu den.

B kategorian Nora Mendia Zabalza gailendu da, Barnez/hormez bertso sortarekin; lanak etxea du oinarri, eta «ironia ukituak» ditu. Beñat Astiz Isasi bigarren tokian gelditu da, fabriketako errealitateaz mintzo den Kea darion bizitza honi obrarekin.

Azkenik, C kategorian Saioa Alkaiza Guallarrek irabazi du, Habitat lanarekin. Epaimahaiak «deskribapenen kalitatea» nabarmendu du, baita lanak «etxeko sofatik atera gabe» jorratzen duen gai sorta ere: maitasun amorratua, indarkeria matxista eta bakardadea, besteak beste. Eneko Fernandez Martixalar gelditu da bigarren tokian, Olinpora bidean lanean aktualitateko gai bat modu «egokian» jorratzeagatik: eliteko kirolean izaten den presioa. B eta C kategorietan, hirugarren sariak hutsik gelditu dira.

Bertsopaper lehiaketa iaz sortu zuten; aurretik, Egile Berrientzako Euskarazko Literatur Lehiaketaren barruko modalitate bat zen, eta «bertso jarriak sustatzeko» sortu zuten lehiaketa berezitua, Campionek zehaztu duenez. Bigarren aldian, guztira 22 lan aurkeztu dituzte: bederatzi A kategorian, bi Bn, eta hamaika Cn. Hogei pertsonak egindako lanak dira; hamabi gizon eta zortzi emakume. Epaimahaikideak Amaia Telletxea, Sustrai Colina eta Mikel Beaumont izan dira, Nafarroako Bertsozale Elkarteak proposatuta.

Bertso jarriak oholtzara

2003. urtean edo lehenago jaiotakoen kategorian gailendu den sortzaileak, Saioa Alkaiza Guallarrek, iazko lehiaketan ere irabazi zuen, Hiru pena mota lanarekin. Orain, urtebete geroago, bertso horiei beste ibilbide bat emateko eta jendearengana gerturatzeko, emanaldi bat prestatu du: Biziraute saiakera. «Sorta horrek hiru pertsonaren bizitza jorratzen zuen, aitarena, amarena eta alabarena, eta haien arteko interakzioa nola gertatzen zen. Ez zen familia gatazkaren inguruko zerbait, baizik eta norbanakoaren barne munduari buruz hitz egiten zuena, eta galdera existentzialak zituena oinarrian», azaldu du Alkaizak.

Proposamen hori abiapuntu hartuta, diziplinarteko emanaldi bat osatu dute: Haize Agirre eta Itsaso Agirre musikariek bertsoak kantatuko dituzte, eta ohiko bertso saio bat ere egingo dute, Maite Berriozabalek gidatuta, Julio Soto, Sarai Robles, Sustrai Colina eta Uxue Alberdi bertsolariekin. «Penaren gaia egonen da, baina pixka bat alboratuta: pena horiek etxean gertatzen direnez, eremu domestikora egingo du salto emanaldiak, barne eremuan gertatzen direnak ardatz hartuta», zehaztu du bertsolariak. «Barnerako bidaia bat» izango da, beraz, eta umorearentzako tokia ere izango du.

Nafarroako Antzerki Eskolan taularatuko dute emanaldia, datorren asteazkenean, urriak 27, eta sarrerak salgai daude: bost euro balioko du. Emanaldiaren kartela eta diseinua Maider Aldairenak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.