AEB

AEBetako epaile batek ebatzi du afganiar bat legez kanpo daukatela Guantanamon atxilotuta

Asadullah Haroon Gulek hamalau urte daramatza preso atxilotze gunean. Gobernuaren argudioak atzera bota ditu Washingtoneko epaile federal batek, eta defentsaren habeas corpus eskaera onartu du.

Guantanamoko atxilotze gunearen aurkako protesta bat, Washingtonen. ERIK S. LESSER / EFE
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 22a
13:45
Entzun

AEBetako epaile baten arabera, hango gobernuak ez du lege oinarririk gizonezko afganiar bat Guantanamoko atxilotze zentroan (Kuba) preso edukitzeko. Washingtongo epaile federal Amit P. Mehtak ebatzi du, horrenbestez, legez kanpokoa dela Asadullah Haroon Gulen atxiloketa. 2007an hartu zuten atxilo Jalalabaden (Afganistan), kargurik gabe, eta epaileak gobernuaren argudioak atzera bota ditu eta defentsaren habeas corpus eskaera onartu du. Epaiaren xehetasunak sekretupean dauden oraingoz, baina Tara Plochockik, atxilotuaren abokatuetako batek ohar baten bidez adierazi duenez, «legea ezartzeko bidean garaipen garrantzitsua» da. Iruditzen zaio gainera, modu horretan gogorarazten zaiola AEBetako Gobernuari mugak daudela «segurtasun nazionalaren izenean» egin dezakeenaren inguruan. Azken hamar urteotan Guantanamoko preso batek Washingtonen aurkako auzi bat irabazten duen lehen aldia da.

Reprieve AEBetako GKE gobernuz kanpoko erakundeak Gul lagundu du, eta nabarmendu du atxilotua izan eta ondorengo bederatzi urteetan abokatu bat edukitzeko aukera ukatu ziola Washingtonek, nahiz eta horretarako ahaleginak egin zituen. 2016an eskaera bat aurkeztu zuen bere defentsak Washingtongo auzitegi federal batean, argudiatuz bere atxiloketa legez kanpokoa zela.

Oraindik ez dute aske utzi, baina, bere abokatuaren esanetan, epaileak emandako agindua gauzatu eta «berehala» askatu beharko luke AEBetako Gobernuak, «konstituzioak agindutakoari jarraiki»

The Washington Post egunkariak kaleratutako informazioaren arabera, orduan Al-Qaedaren aliatu zen talde paramilitar baten kidea zen Gul atxilotu zutenean. Talde hark Mendebaldeak babestutako Afganistango Gobernuarekin bakeak egin zituen 2016an, eta Afganistango kartzeletan zeuden ehunka militante aske utzi zituzten.

Kasuaren dokumentuek diotenez, Gulek adierazi zuen atxilotu zutenean Afganistanen zegoela bere beharrarekin lotutako arrazoiengatik, baina bere familiarekin bizi zela Pakistanen, errefuxiatuentzako kanpaleku batean.

2001eko irailaren 11ko erasoen ondoren zabaldu zuten atxilotze zentroa, 2002an, «atzerriko susmagarriak» hara eramateko. Han atxilotuta egondako dezentek torturak salatu dituzte. Barack Obamak 2009 eta 2017 artean AEBetako presidente izandakoak behin baino gehiagotan agindu zuen gunea itxiko zuela, eta Joe Biden egungo presidenteak ere asmo hori adierazi du. Noizbait 700 preso zeuden han, baina gaur egun 50 bat daude han atxilotuta. AEBek han preso egondako dozenaka taliban askatu dituzte azken urteotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.