Albistea entzun

Garraioa

Falta duten segurtasunaren bila

Lurraldebuseko langileak geldialdiak egiten hasi dira astean bi aldiz. Segurtasuna bermatzeko neurri hobeak eskatu dituzte, gauetako txandetan ez ezik, aste osoan ere bai.

Avanzako langileek segurtasun neurriak eskatzeko egindako mobilizazioa.
Avanzako langileek segurtasun neurriak eskatzeko egindako mobilizazioa. HITZA Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Alberdi, Gipuzkoako Hitza -

2021eko urriak 25 09:20

Amaitu zaie pazientzia autobus gidariei, eta, horregatik, astelehen eta ostiraletan geldialdiak egingo dituzte, 06:00etatik 08:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Lurraldebusekoak dira autobus gidari horiek, zehazki Avanza enpresaren soldatapekoak. Nagusiki Debagoieneko ibilbideen esleipena dauka enpresak, baina ez hangoa bakarrik. Gidariek eskatu dute lana segurtasunez egin ahal izateko neurriak indartzeko, baina zerrenda ez da hor bukatzen.

Lurraldebusena da zerbitzua, baina enpresa batek ematen du zerbitzu hori: Avanzak. Historikoki, Pesa konpainia egin izan da zerbitzuaren kargu, baina 2019an Avanzak erosi zuen hura. Beraz, Avanzak dauka Debagoieneko autobus zerbitzuen esleipena, mankomunitate horren eta Debabarrenaren eta Bilbo, Donostia eta Gasteizen arteko konexioarena, eta Donostia eta beste hiriburuetako loturarena. Horrez gain, baita Loiuko aireportura doan zerbitzuarena ere. Egungo egoera aztertuta, geldialdiak deitu dituzte langileek, segurtasunaren gaiari heldu artean behintzat —Eusko Jaurlaritzak %30eko gutxieneko zerbitzua jarri du—.

Segurtasun handiagoa aspalditik ari direla eskatzen argitu du Galder Arrillagak, Avanzako autobus gidari eta ELAko kideak. Zenbait arrisku izan zituzten duela hamabost urte inguru ere, Elgoibarren parranda izaten zen garaietan eta Azpeitiko jaietan. Arazoa bideratu beharrean, —Pesa zen orduan— zerbitzuak eten zituen enpresak. Handik denbora batera berreskuratu ditu.

Segurtasun neurriak hobetzeko eskaerak bere hartan dirau ordutik, baina egoerak okerrera egin gabe, harik eta pandemia iritsi den arte. “Ez dakit zer gertatu den, ez naiz psikologoa, baina errespetu falta eta gidarien aurkako jarrerak asko handitu dira”, salatu du Arrillagak.

Oñatin jazotako kasuak piztu zuen alarma. Urriaren hasieran herriko jaiak ziren Oñatin, eta gidari bati talde bat sartu zitzaion autobus barrura, oldarkor, gaueko zerbitzuan. Lapurreta egin zioten, eta astindu egin zuten, botila hautsi bat lepoan jartzeraino. Protokolo bat dute horrelako kasuetan babestu ahal izateko, Izuaren botoia eta ertzainei deitzea, besteak beste. Poliziarekin harremanetan jarri bazen ere, erantzun zioten ezin zutela bidali patruilarik.

Gauetik kanpoko kasuak

Pentsa liteke parrandaren, alkoholaren eta bestelako drogen bueltan jazotako gertaerak izan daitezkeela. Baina izan dira beste zenbait kasu ere: Eibarren, ostiral batean, 17:00etan, eta Bergaran, 08:00ak aldera, asteazken batean. Labana atera izan diete gidariei. Arrillagak nabarmendu du erasotzailea ez dela adin jakin batekoa ezinbestean. “Edozein izan daiteke erasotzailearen profila, edozein linea edo ordutan”, esan du. “Gazteak arretagunean daude pandemia garaitik, baina, zorionez, oso jatorrak dira gehienak”.

Txoferrek edozein ordu eta lineatan izan dute egoera arriskutsuren bat; ez daukate horri aurre egiteko bitartekorik, ordea. Gidariak jasan behar duenaz gain, bezeroekin ere gogoratu da Arrillaga, eta gaineratu du horrelakoak gertatzen direnean azken lerroan lo zegoenak ere gorputzaldi txarrarekin bukatzen duela bidaia.

Baina zein bitarteko behar dira egoera iraultzeko? Langileen artean ez dago erantzun bateraturik. Bada egoera autobusetan itxitura blindatua jartzearekin konponduko lukeenik, eta baita ertzainen presentzia areagotu nahiko lukeenik ere. Segurtasun pribatuaren alde egin du ELAk. “Ez dugu jarri nahi behin betiko segurtasuna”, esan du Arrillagak. “Baina bai egoera aldatu arte, behintzat”.

Geldialdiez gain, elkarretaratzeak egiten ere ari dira Arrasaten eta Donostian, 13:30etik 14:30era. Protesta horiek martxan dira jada, eta mantendu egingo dituzte gaiari heltzen dioten arte. Gaiari heldu behar zaiola uste dute langileek, ondoren bide zehatz bat aukeratzeko; hain zuzen, falta duten elkarrizketa horrek zerbait probatzera eramango dituelakoan daude.

Erabiltzaileei, barkamena

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak jarritako gutxieneko zerbitzuekin kexu da ELAko kidea, gutxienekoa baino gehiago delako. Protestek eraginik ez badute, gogortzeko asmoa daukatela gaineratu du, eta bi orduko geldialdiak egin ordez luzeagoak egingo lituzketela. Erabiltzaileak izan ditu gogoan: “Barkamena eskatzen diegu sortu diezazkiekegun arazoengatik, baina, ate guztiak jo ostean, ez dugu beste aukerarik”.

Segurtasunaren gaiari heltzea eta erantzun bat ematea premiazkoa da gidarientzat; hala ere, ez da hori duten arazo bakarra. Avanzak Pesa erosi zuenetik, lan baldintzetan galerak izan dituztela diote langileek; esaterako, autobusen mantenu lanak gutxitu egin dira, eta presiopean aritzen dira txandak betetzeko. Segurtasunaren aferari konponbidea aurkitzeko asmoz bideratuko dituzte mobilizazioak. Hori bai, behin hori eginda, beste gaiei ere aurkitu nahi diete aterabidea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zitarik gabe txertatzeko gunea, Mutiloan (Nafarroa). ©IDOIA ZABALETA / FOKU

1.890 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Ion Orzaiz

Nafarroako Gobernuak ez du baztertu «neurri komunitario gehiago ezartzea», izurriaren bilakaeraren arabera

Arantxa Tapia Eusko Jaularitzako Ekonomia Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumen sailburua ©David Aguilar/ Efe

Ingurumen Administrazioaren Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

Edurne Begiristain

EAJren eta PSE-EEren botoekin egin du aurrera legeak. Oposizioak aho batez arbuiatu du araua, eta bereziki kritikatu du EAJk eta PSE-EEk interes orokorreko proiektuak izendatzeko sortutako figura berria.

Zadorra ibaia, gainezka egina, artxiboko irudi batean. ©Juana Ruiz, FOKU

Ibaiek gainezka egin dute hainbat tokitan, eta uholde arriskuak kezka piztu du

Berria

Euriteen eraginez, Zadorra eta Cadagua ibaietako ura hainbat tokitan atera da bidetik, eta zirkulazioa nabarmen korapilatu da azken orduetan. Jaurlaritzak larrialdi egoeraren bigarren fasea ezarriko du eguerdian.

Frankismoaren Aurkako Euskal Plataformaren agerraldia, gaur, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda/ Foku

Elkarretaratzea deitu dute frankismoaren biktimentzako justizia galdegiteko

Unai Etxenausia

Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformak biharko deitu du bilkura, Gasteizko epaitegien aurrean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.