Albistea entzun

Euskal presoen eskubideak errespetatzeko eskatu dute milaka lagunek Donostian

Euskal presoak Euskal Herrira ekartzea eta legedi arrunta aplikatzea galdegin du Sarek. Urtarrilaren 8an berriz ere kalera ateratzeko deia egin diete herritarrei. Alderdi eta sindikatuei, «adostasunerako» deia.

Manifestazioaren burua, gaur arratsaldean.
Manifestazioaren burua, gaur arratsaldean. Jon Urbe / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2021eko urriak 23 09:42

Euskal presoen giza eskubideen defentsak elkartuta milaka lagun atera dira gaur karrikara Donostian. Antiguako tuneletik abiatuta manifestazio jendesua egin dute Bulebarreraino, eta «pertsona guztien eskubideak» aldarrikatu dituzte, «salbuespenik gabe»: «Giza eskubideak ezin direlako partzelatan bereizi: ezin dira batzuk defendatu eta beste batzuk baztertu».

Arantza Aldezabalek eta Joseba Azkarragak irakurri dute akaberako testua, eta euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko legedia bertan behera uztea galdegin dute: bertzeak bertze, euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, «ezkutuko bizi osorako» kartzela zigorrak etetea eta presoei gradu progresioak eta espetxeko baimenak ematea.

Ikusi gehiago: horrela kontatu du BERRIAk manifestazioa

Deialdi bat ere iragarri du Sarek urtarrilaren 8rako: «Egun horretan berriro bete behar ditugu kaleak». Orduan ere euskal presoen eskubideak «urratzeari uzteko» eskatuko dute, eta salbuespenezko neurriak hartzen edo mantentzen dituzten instituzioei eginen diete deia: «Ozen entzun behar gaituzte denbora luzez aplikatu den eta pertsona askori eta askori hainbeste sufrimendu eragin dien salbuespeneko espetxe politika bertan behera uzteko ahalmena duten instantzietan».

Aurrerapausoak, ez aski

Aldezabalek eta Azkarragak nabarmendu dute azken urtean «aurrerapausoak» eman direla «beste espetxe politika» baten bidean: «Herri honetako emakumeen eta gizonen ahaleginari esker, gure herriko gehiengo politiko eta sindikalaren babesarekin, aurrera egin dugu». Hala, gogoratu dute jada ez dagoela euskal presorik Herrialde Katalanetan, Andaluzian eta Galizian. Ez dute nahikotzat jo, ordea: «Oraindik ehun preso inguru daude Espainiako espetxeetan, eta hogei bat Frantzian». Denak Euskal Herrira ekartzea jarri dute hurrengo urrats gisa.

Gaineratu dute ez direla ari «pribilegioak» galdegiten: «Justizia eskatzen dugu: legeria arrunta eskatzen ari gara, ezkutuko bizi osorako kartzela zigorrak eragotziko dituen legeria, euskal presoen eskubide diren gradu progresioa eta espetxeko baimenak ahalbidetuko dituena». Zehaztu dutenez, izan ere, espetxe politika «arrunta» aplikatuz gero etxean egon beharko lukete euskal presoen heren batek baino gehiagok.

Ikusi gehiago: Azken bi urteetan atera dira 53 presoetatik, bederatziri baino ez dizkiete egin ongietorriak

Eusko Jaurlaritzari ere egin diote deia. Izan ere, urriaren 1az geroztik haren esku dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeen eskumena, eta, Sareren hitzetan, «bere esku du espetxe politika humanista eta errepresiorik gabekoa garatzeko aukera; konfrontazioz eta sufrimenduz betetako hainbeste urteren ondoren, bizikidetza berreraikitzeko aukera emango digun politika bat garatzeko aukera». Hori «gauzatu» ahal izateko, ordea, «konfrontazio antzuak baztertu» eta «konponbide justu» bat bilatzeko «gai» izan behar dute «guztiek»: «Hori bada —eta hala izatea espero dugu— espetxe politika berri hori garatuko dutenen aukera, ondoan izango gaituzte, laguntzeko; baina, hala ez bada, hor jarraituko dugu bidezko bakea lortzeko, ausardia, justizia eta humanitatea behar direla gogorarazteko».

Batzeko deia

Bide horretan eskua luzatu diete elkarlana nahi dutenei: «Gure xedea ez da lehian sartzea arlo politikoaren jardunean. Badakigu zein den gure jardun eremua, eta hor beti izango dute gure laguntza, helburu hori lortzeko». Era berean, «errespetua» adierazi diete «indarkeria mota guztien biktimei»: «Nabarmendu nahi dugu ez dela bidezkoa haien mina aurkariaren kontrako jaurtigai politiko gisa erabiltzea». Sarek uste du «bateragarria» dela «gure herrian jasandako edozein indarkeriaren biktimekiko errespetua» eta «askatasuna kendu zaien pertsonei dagozkien eskubideak errespetatzea eskatzea».

Ikusi gehiago: Marian Moreno, Martuteneko espetxeko zuzendaria: «ETAko presoei besteei bezalako tratua ematen diegu»

Sareren hitzetan garrantzitsua da bidea «guztion artean egitea, azken bizpahiru urteetan gure herrian egin izan denaren baliorik garrantzitsuena gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren adostasuna gauzatzea» izan baita: «Erakundeetan eta kaleetan islatuta dagoen adostasuna». Adostasun horri eusteko deia egin dute, horrek aukera emanen duelakoan «Madrilgo eta Parisko gobernuen aurrean euskal gehiengo politikoaren % 80k eta euskal sindikatu guztien adostasunak emandako babesarekin aurkezteko». Sarek uste du hori dela haien «indarra», kalean elkarturiko «milaka eta milaka herritarrekin» batera: «Ibilia dugu bidearen zati bat». Mobilizatzen segitzeko deia egin diete herritarrei: «Ez ahaztu utopiaz gure ametsak egitea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joan den urrian euskal presoen eskubideen alde Donostian egindako manifestazioa. ©JON URBE / FOKU

Bertze bortz euskal preso Euskal Herriratuko dituzte

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Lexuri Gallastegi, Zigor Blanco, Gorka Lupiañez, Jose Maria Novoa eta Ion Troitiño dira Euskal Herrira ekarriko dituzten euskal presoak. Eusko Jaurlaritzak zehaztu beharko du zein kartzelatara mugitzen dituzten.

Durangoko Jesuiten eliza, bonbardatu zuten egunean. ©GEREDIAGA ELKARTEA

Memoriak galdu zituen paperak

Jone Arruabarrena

Durangoko bonbardaketaren ondoren, 84 hildako sartu zituzten bi hobi komunetan. Handik egun batzuetara, lurperatuen zerrenda desagertu zen. Hildakoen senideen bila dabiltza orain.

Anjel Lekuona —eserita—, 1940 inguruan, hiru kiderekin. ©ANTON GANDARIAS

Naziek erretako osabaren errautsak

Javi West Larrañaga

Anjel Lekuonaren bideari segitu dio iloba batek; 36ko gerrako jazarpenetik ihesi, Espainiako errepublikaren alde aritu zen Katalunian, eta nazien aurka Frantzian. Haren errautsak Pragan azaldu dira, hilerri batean.
Asier Guridiren askatasuna eskatzek 2013an egindako elkarretaratze at ©Marisol Ramirez / Foku

Asier Guridik baieztatu du errefuxiatu estatusa lortu duela

Berria

Venezuelan dagoen euskal iheslariak gose greba abiatu zuela jakinarazi zuen abenduaren 3an, eta Caracasko Espainiako kontsulatuaren aitzinean plantatu zen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.