Sindikatuak

ELAk eskatu du lan eta pentsio erreformak indargabetzeko Hegoaldeko hiriburuetan

Sindikatuak 'Ez gaitzazue Madrilen saldu' lelopean egin ditu mobilizazioak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Ez dute baztertu greba orokorrera deitzeko aukera.

Mitxel Lakuntza hizketan, gaur, Bilboko manifestazioa. ELA SINDIKATUA
Paulo Ostolaza.
2021eko urriaren 24a
14:47
Entzun

ELA sindikatuak deituta, milaka lagun irten dira kalera Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Helburua zen EAJri, EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi presio egitea, Espainiako Kongresuan lan eta pentsioen erreformak onar ez ditzaten. Mobilizazioen aurkezpenean, sindikatuak argi utzi zuen alderdi horien botoek erabakiko dutela onartuko diren ala ez «euskal langileen eta pentsiodunen aurkako neurri berriak».

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia Bilboko manifestazioan izan zen, eta horren amaieran hartu zuen hitza. Han ziren, besteak beste, Tubacexeko eta Novaltiako beharginak ere. Lakuntzak esan zuen datozen asteetan asko dagoela jokoan: «Hamarkada oso bat daramagu azken pentsio eta lan erreformen ondorioak pairatzen». Salatu zuen aurreko krisian diru publikoa bankuei eman zitzaiela, eta oraingoan enpresa handiei nahi diela eman Espainiako Gobernuak: «Hori da Pedro Sanchezek Europako Batasunarekin egin duen tratua».

Pentsioei dagokienez, adierazi zuen kezkatzeko arrazoiak «sobran» daudela: «Escriva ministroak argi esan zuen, bi aukera soilik ditugu: edo beranduago jubilatu, edo gutxiago kobratu».

Lan erreforma bertan behera uztea, berriz, ezinbestekoa dela esan zuen. Batetik, «Euskal Herrian aplikatzen diren akordioak hemen adostutakoak direla bermatzeko»; eta, bestetik, «ABEEak ez daitezen bilakatu irabaziak dituzten enpresek kaleratzeak nahi bezala egiteko baliabide bat».

Lakuntzak azaldu zuenez, erabaki horiek «zoritxarrez» Madrilen hartzen dira, eta ez Euskal Herrian, baina azpimarratu zuen euskal herriko alderdiek badutela gobernua baldintzatzeko gaitasuna: «Ez gaitzazue Madrilen saldu!», amaitu zuen.

Mobilizazioak jendetsuak izan dira gainontzeko hiriburuetan ere, adibidez, Donostian.

Jarraitu irakurtzen: Bruselak zaintzen duen lan erreforma

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.