Paris 92 21-26 Bera Bera

Bera Bera Europako Ligako hirugarren kanporaketarako sailkatu da

Itzulerako neurketa 21-26 irabazi zuten donostiarrek atzo Parisen, bigarren zati gogoangarri bat eginda. Hurrengo kanporaketan Errumaniako Ramnicu Valcearen aurka jokatuko dute.

Bera Berako jokalariak, entrenatzailea eta zaletuak, gaur, Parisen, garaipena ospatzen. SUPER AMARA BERA BERA
Paulo Ostolaza.
2021eko urriaren 24a
19:23
Entzun

7-16. Hori da atzo Paris 92 ahalguztidunaren eta Super Amara Bera Beraren arteko neurketaren bigarren zatiko partziala. Joaneko neurketak (27-27) balio izan zien Imanol Alvarezen neskei sinesteko frantziarrei parez pare aurre egiteko gai zirela, eta atzo berretsi zuten uste hori. Lehen zatian gehiago izan ziren etxekoak, baina bigarren zatia ez zuten berehalakoan ahaztuko Bera Beraren zaleek.

Balioa eman behar zaio Bera Berak egindakoari: txapelketako talderik indartsuenetako bat kanporatu du, Frantziako Ligan lehen postuan sailkatuta dagoen taldea. Eta nola, gainera. Donostiarrek Europan sekula egin duten balentriarik handienetakoa da.

Egiari zor, hasieran aurkakoa gertatuko zela zirudien: Pariskoek beren lekuan jarriko zituztela donostiarrak. Hasi bezain pronto jarri zuten 3-0ekoa markagailuan, eta Bera Berari kosta egin zitzaion partidan sartzea. Serdarevicen geldiketek ere zaildu zuten bidea. Gauzak hala, atsedenaldira errenta politarekin joan ziren etxekoak: 14-10 aurretik.

Bigarren zatian, erauntsia

Aldagelan, ordea, asmatu zuen zerbait Alvarezek, eta denboraldiko 30 minuturik onenak jokatu zituzten donostiarrek, Mariane Fernandes buru. Erasoan, ikusgarria izan zen brasildarraren erakustaldia, baita Esther Arrojeria usurbildarrarena ere. Malena Cavorekin batera, lehen lerro bikaina osatu zuten. Hasieran eutsi zioten etxekoek, berriz ere Serdarevici esker, baina geroz eta nabarmenagoa zen erasoan ideiak agortuta zituztela.

Gakoa, ordea, defentsako lana izan da —Alba Menendez kapitainak eta June Loidik gidatuta—, baita Maddi Aallaren geldiketak ere. Paris 92k ia hamar minutu behar izan zituen atezain bizkaitarrari bigarren zatiko lehen gola egiteko. Azken hamar minutuetara bi gol aurretik heldu zen Bera Bera, eta bikain eutsi zion markagailuari. Amaieran, 21-26. Behar bezala ospatu zuten jokalariek.

Hirugarren kanporaketarako sailkatu da Bera Bera, eta han Errumaniako Ramnicu Valcea izango du parean.

Paris 92: Serdarevic eta Gabriel (atezainak), Cissokho (4), Thouvenot, Niombla (2), Flipes (2), Mabana Fofana (3), Lassource (1), Chauveau, Sajka (2), Offendal (4), Namizata Fofana (2), Nkou eta Resende (2).

Super Amara Bera Bera: Aalla eta Silva (atezainak); Gil (gol 1), Boada (1), Cavo (2), Polonio (2), Fernandes (8), Maitane Etxeberria (1), Arrojeria (6), Menendez, Loidi, O'Mullony (2), Cardoso (2), Ainhoa Etxeberria, Hernandez (1) eta Mirene Moreno.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.