Koronabirusa

Astebetean 1.193 kasu detektatu dituzte Hego Euskal Herrian

Azken zazpi egunetan %27 egin du gora kutsatu kopuruak, eta 24 gaixo hil dira gaitzak jota Hegoaldean.

Test diagnostikoak egiteko laborategia Gasteizko Txagorritxuko ospitalean. GORKA RUBIO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko urriaren 25a
13:45
Entzun

Osasun agintariek joan den egunetan iragarritakoa berretsi dute gaur Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun agintariek emandako COVID-19aren gaineko datuek: kutsatuen kurba gora doa. Joan den astean, hilaren 18tik 24ra bitartean, 1.193 positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herrian. Kontuan hartuta urriaren 11tik 17ra bitartean 939 positibo atzeman zituztela egindako testetan, %27 egin du gora kutsatu kopuruak azken zazpi egunetan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astean behin jakinarazten ditu birusaren transmisioari buruzko datuak, eta gaur da gaitzaren bilakaerari argazkia ateratzeko egun egokiena. Izan ere, Osakidetzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuen asteko txostena plazaratu berri du. Atzo, Osakidetzak atzemandako kasuak 112 izan ziren, egindako testen %4,7. Lurraldeka, Araban bederatzi kasu detektatu zituzten, Bizkaian 41, eta Gipuzkoan 62. Nafarroan, berriz, 27 positibo atzeman zituzten, egindako test diagnostikoen %3,2. Hegoaldeko positibo tasa, beraz, %4,2 da oraintxe.

Birusaren transmisioarekin lotutako datuetan ez ezik, ospitaleetako egoeran ere atzeman da okertzea. Gaur emandako datuen arabera, Osakidetzako eta Osasunbideko erietxeetan 128 pertsona daude COVID-19ak jota; horietako 32, ZIUetan. Duela astebete, urriaren 18an, 97 pertsona zeuden erietxeraturik gaitzak jota. Gaixo kopurua %32 handitu da azken zazpi egunetan, beraz. Aldea bada. ZIUetako egoera, ordea, egonkor dago.

Gaitzaren ondorioz hildakoen kopuruari erreparatuta, Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, azken zazpi egunetan 24 pertsona zendu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.