Erresuma Batua

Elikagaien argazkiak, saltokietako baldak hutsik daudela estaltzeko

Erresuma Batuko hainbat supermerkatu hornidura arazoak dituzte, eta Tesco eta Sainsbury's kateak argazkiak dituzten kartoiak erabiltzen hasi dira. Langile falta ari da krisia eragiten.

Gari zainzurien argazkiak, balda batean, Tescoren supermerkatu batean. @SHITLONDON
Paulo Ostolaza.
2021eko urriaren 25a
15:29
Entzun

Imajinatu: supermerkatura joan eta benetako bananak egon ohi diren lekuan plastikozkoak aurkitzen dituzula. Edo urazak egon ohi diren lekuan haien argazkiak daudela. Zer esanik ez, garagardo batzuk erostera joan eta haien itxurako kartoi batzuk badaude, bi dimentsiokoak.

Bada, hori ari da gertatzen Erresuma Batuko supermerkatu kate handietako bitan, Tescon eta Sainsbury'sen: hornidura arazoak dituzte, eta, horri «aurre egiteko», ez zaie bururatu konponbide egokiagorik. Tescok joan den ostiralean atera zuen bere azken produktua: gari zainzuri kartoizkoak.

Zein da, ordea, hornidura faltaren arrazoia? Nagusiki, langile falta. Atzerritar askok herrialdetik alde egin behar izan zuten orain urte bat edo bi, brexit-aren ondorioz bertan lan egiteko baimena galduta eta ezin berreskuratuta. Lehenik, garraiolarien falta sumatu zuten; gero, harakinena, eta, orain, nekazariena. Ez dago eskulanerako jenderik. Portuetan ere arazoak dituzte.

Adituek diotenez, supermerkatu handiak, orain, handiegiak dira. Espazio hutsek irudi txarra ematen dute, eta kartoizko elikagaiak jartzea ez da teknika berria, ezta bakarra ere: hutsuneak publizitatearekin bete izan dituzte, edo korridore osoak garagardo paketeak banan-banan jarriz bete.

Tescok, berriz, ez du onartu argazkiak hornidura faltaren ondorio direnik, eta adierazi du katearen salmentek gora egin dutela. Gehitu du argazkiak aspalditik erabiltzen dituztela.

Aukera gutxiago

Ohiko supermerkatuek geroz eta eskaintza murritzagoa dute Erresuma Batuan. Berez, ohikoa da halako supermerkatuek 40.000 produktu izatea; baina, orain, geroz eta aukera sorta txikiagoa dute. Adibidez, lehen izan zitzaketen baino pasta mota eta marka gutxiago dituzte, eta gauza bera gertatzen da freskagarriekin ere. Balio erantsi gutxi duten produktuak dira, eta, ondorioz, horiexek ari dira kentzen lehenengo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.