Eraso sexista

Salatutako irakasleari baimena eman diote eskolak «modu telematikoan» ematen segitzeko

EHUk espediente informatiboa ireki dio irakasleari, «gertatutakoa ezagutzeko xedez», eta horren barruan debekatu diote aurrez aurreko eskolak ematea

Elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian EHUko Arkitektura fakultatearen aurrean. ARRAKALA TALDEA
Ion Orzaiz.
2021eko urriaren 25a
18:38
Entzun

Eraso sexista batengatik salatutako irakasleari espedientea ireki dio EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, eta aurrez aurreko eskolak ematea galaraziko diote, behin-behinean. Urriaren 4an izan zen erasoa, EHUren Ibaetako campuseko Arrakala emakume taldeak eta UIBk azaldu zutenez. Ikasleei zakila «bortizki» erakutsi ziela esan zuten, eta gaineratu zuten ez dela lehen aldia irakasle horrek ikasleei antzeko erasoak egiten dizkiena. BERRIAk jakin ahal izan duenez, EHUko eraikinetik kanpo gertatu zen erasoa.

Hori dela eta, oharra argitaratu du EHUk, «hilabete honetako gertakari desatseginen aurrean». Unibertsitateak baieztatu du iragan ostiralean espedientea zabaldu ziotela irakasle horri, «gertatutakoa ezagutzeko eta konponbide egokiena emateko xedez». Espediente horren barruan, eta behin-behineko neurri gisara, aurrez aurreko eskolak ematea debekatu diote salatutako irakasleari. Hala ere, eskolak «telematikoki» eman ahalko ditu aurrerantzean ere. Presentzialtasuna exijitzen duten jarduerei dagokionez, berriz, unibertsitateak ebatzi du «behar diren neurriak» hartuko dituztela «ikasleek aurrez aurreko eskolak jasotzeko duten eskubidea bermatzeko, baina baita formakuntza integrala jasotzeko dutena ere».

Hain zuzen, dozenaka ikaslek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian EHUko Arkitektura fakultatearen aurrean, UIBk eta Arrakala emakume taldeak deituta, erasoa salatzeko. 14:30ean egin dute protesta, «Eraso sexisten aurrean, ekin antolakuntzari!» lelopean. Aurretik, EHUrern jarrera salatu izan dute sare sozialetan: «Unibertsitatearen irudia ez zikintzearren, ezkutatu egin dute larritasun handiko eraso hau», jakinarazi zuten bideo batean. «EHUren organoen eta bere berdintasun politiken itxurakeria» ere salatu nahi izan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.