Eusko Jaurlaritza

Urkulluk esan du «bateragarriak» direla pentsio minimoa hobetzea eta AHTa egitea

Herritarrek eginiko hogei galderari erantzun dio Iñigo Urkullu lehendakariak, '#UrkulluTopaketa' egitasmoaren barruan.

Urkullu, gaur, herritarren galderak erantzuten. IREKIA
Edu Lartzanguren.
2021eko urriaren 25a
20:43
Entzun

Zergatik ez erabili abiadura handiko trenari eskainitako dirutza pentsio minimoak handitzeko? Galdera hori egin dio herritar batek Iñigo Urkulluri. Hogei galderetako bat izan da hori. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak herritarrek Internet bidez egin dizkioten galderei erantzun die, #UrkulluTopaketa egitasmoan. Herritarrek gehien bozkatutako hogei galderak erantzun ditu, eta zuzenean eman dute saioa, streaming bidez.

Jone Bengoa kazetariak irakurri dizkio herritarren galderak Urkulluri, eta lehenengoak lotu ditu pentsio minimoa eta abiadura handiko trena.

Pentsioak hobetzea eta AHTa egitea «bateragarriak» direla erantzun du Urkulluk, eta biak «inbertsio gisa» hartzen dituela. Halere, adierazi du bietako bat bera ere ez dagoela Eusko Jaurlaritzaren eskuduntzen artean. Gogora ekarri du AHTaren egitasmoan dagoen atzerapen handia, eta Espainiako Gobernuari egotzi dio hori. Oroitu du Jaurlaritzak gutxieneko diru sarbidea jartzen duela, pentsio txikien osagarri. Esan du horretarako diru gehiago egongo dela hurrengo diru sailean.

Bigarren galderan argindarraren gaiaz galdetu diote, eta Urkulluk berriz esan du Jaurlaritzak ez duela eskuduntzarik horretan. Edonola ere, prezioak industrian duen eragina aztertzen ari direla adierazi du. Arazoa «Europa osoarena» dela esan du. Proposamen bat helarazi dio Madrilgo Gobernuari horren inguruan.

Krisiak gogor astindutako eskualdeak gogora ekarri dizkio beste herritar batek. «Neurririk aurreikusten al du Meatzaldea, Aiaraldea, Ezkerraldea eta Oiartzualdea berriz industrializatzeko?». Urkulluk erantzun du eskualde horiek lehentasunezkoak direla, eta ekinaldi zehatzak dituztela abian horiei begira: Hidrogenoaren Euskal Korridorea eta industrialdeak berritzeko egitasmoak aipatu du horien artean.

Ikastetxeetan ordutegi jarraitua zergatik ez duten oraindik ezarri galdetu diote Urkullurik. Ordutegi zatitua hobea dela esan du, kontziliazioa errazten duelako eta mesede egiten dielako baliabide gutxiago dituzte familiei.

Funtzio publikoan urte luzez behin-behineko postuetan dagoen jende kopuru handienaren arazoa konpontzea hein handi batean bere esku ez dagoela esan du, eta gehitu Jaurlaritzak postuak betetzeko deialdiak egin dituela «ahal izan duen guztietan». Erantsi du Mariano Rajoy eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuei eskatu izan diela erretiroa hartzen duten funtzionarioak ordezkatzeko postuak ateratzeko.

Soldata arrakala txikiagotzeko behar adinako ahalegina egiten ari ote den ere galdetu diote. Urkulluk esan du EAEn %14koa dela, EBren batezbestekoa baino apalagoa; bere helburua dela EAE jartzea Europan arrakalarik txikiena duten bost herrialdeen artean. Horretarako mahai bat eratu duela esan du. Halere, adierazi du arrakala ez dela nahastu behar diskriminazioarekin, hau da, gutxiago kobratzea lan bera egiteagatik. Azken hori iruzurra dela adierazi du.

Jaurlaritzako goi arduradunek kargua utzi eta enpresa pribatuetan sartzea ahalbidetzen dien «ate birakarien» gaia jarri dio mahai gainean beste herritar batek. Urkulluk gogoratu du Patxi Lopezek eta Juan Jose Ibarretxeklehendakari izan ondoren ez dutela kargu handirik hartu enpresa pribatuetan. Jose Antonio Ardanza eta Josu Jon Imazen kasuez, ordea, adierazi du Jaurlaritzan aritu aurretik bazituztela kargu handiak enpresa pribatuetan. «Zertara dedika daiteke zerbitzu publikoan aritzea aukeratu duen pertsona bat gero alor pribatuan?», galdetu du Urkulluk. Publikotik pribatura igarotzeko prozedura erregulatuta dagoela esan du. 2014ean interes gatazkaren legea onartu zutela gogoratu du, eta, horren arabera, ardura publikoa utzi duenak bi urtez ezin duela loturarik eduki karguan tratatu dituen enpresekin.

Aurrez aurreko tratua

Izurriak eraginda ezarritako telelanaz galdetu dio beste batek Urkulluri. Administrazioaren aurrez aurre noiz tratatu ahalko den berriz. Urkulluk esan du funtzionarioak ari direla itzultzen aurrez aurreko postuetara, eta aurten beretan aurrez aurrekoa leheneratuko dela, «izurriaren eboluzioak galarazten ez badu badu».

Izurriaren kudeaketa kaotikoa izan dela esan dio herritar batek. Urkulluk, ordea, kudeaketa defendatu du. Esan du onartu dituela eginiko hutsegiteak, baina «kudeaketa kaotikoaz hitz egitea ez da errealitatea». EAEn inguruko lurraldeetan baino test gehiago eta pertsona gehiago txertatu direla esan du. Adierazi du mezu publikoetan ez dutela egoera «edulkoratu», eta «gardentasunez eta aitakeriarik gabe» aritu direla. Legebiltzarrean eskatu dioten bakoitzean azalpenak eman dituela gaineratu du, eta Labiren txostenak plazaratu dituztela esan du. Osasun etxeetako oinarrizko arreta ere urte amaierarako normalduko dela adierazi du.

Espetxeak

«Zertan aldatuko da espetxeen egoera eskuduntza aldatuta?», galdetu du beste herritar batek. Urkulluk gogoratu du Europako eta nazioarteko espetxe politiketako oinarrizko printzipioa dela presoak etxetik ahalik eta gertuenen egotea, eta hori izango dela Jaurlaritzaren politikaren oinarria. Gogoratu du presoak gizarteratzen laguntzeko Aukera zerbitzua jarri dutela martxan.

Urkulluk ukatu egin du Eliza katolikoari pribilegioak onartzen dizkienik. Zergak eskatzeko orduan «mezenasgoaren legeak berdin aplikatzen zaizkie irabazi gabeko erakunde guztiei, eta baita Eliza katolikoari ere».

Euskal selekzioei nazioartean dagokien lekua noiz emango dieten galdetu diote Urkulluri. Hori Euskadi Basque Country nazioarteko kanpainaren sartzen dela erantzun du, eta Basque Team Fundazioaren lana gogoratu du. Selekzioaren ofizialtasunaren helburua da 1979ko Gernikako Estatutuan badatorrela adierazi du, eta gogoratu du hura erreferendumean onartu zeneko urteurrena dela gaur bertan. Baina oraindik bete gabe dagoela adierazi du, eta jarraituko duela eskatzen hura osorik bete dezaten.

Urriaren 5etik 12ra bidali zituzten galderak herritarrek. Ondoren, bozkatu egin zituzten, eta urriaren 22an zabaldu zuten zer 20 galderak lortu zuten boto gehien. Lehendakaritzak esan duenez, aski boto lortu ez zituzten galderak Irekia gardentasunaren atarian erantzungo ditu Urkulluk, idatziz, datozen egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.