Bertsolaritza

2022ko udazkenean egingo da XVIII. Bertsolari Txapelketa Nagusia, Iruñean

Getxon abiatuko da, irailaren 24an, eta finala Nafarroako hiriburuan jokatuko da, abenduaren 18an.

mikel lizarralde
2021eko urriaren 26a
10:10
Entzun

Pandemiak eragindako egoera leundu den honetan, lurraldeetako txapelketak ahalik eta normalen bururaino eramateko modua izango dela aurreikusiz, 2022ko udazkenean XVIII. Bertsolari Txapelketa Nagusia aurrera eramatea erabaki du Bertsozale Elkarteak.

Getxon abiatuko da, irailaren 24an, eta, euskararen lurralde osoa zeharkatu ostean, Iruñean lurreratuko da finala, abenduaren 18an.

«Ibiltaria da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Euskal Herrian zehar, herrialdez herrialde, herriz herri, eragitea eta bertsolaritza sustatzea da Bertsozale Elkartearen helburua. Ondorioak nabariak izan ohi dira: zaletasuna areagotzen da, bertso eskolentzat bizigarri dira, eta ilusio piztaile da tokian tokiko bertsogintzan», adierazi du, ohar baten bitartez, Bertsozale Elkarteak.

Xede horrekin eta Iruñean Nafarroa Arenak Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako beharrezkoak diren azpiegiturak eskaintzen dituela aztertu ondoren, Bertsozale Elkarteak finala han egiteko erabakia hartu du.

Finala Iruñean izateak Iruñerrian eragitea du asmoetako bat. «Ez da asmo bakana; Nafarroan bertsolaritza sustatzeko ahalegin handia egin du Nafarroako Bertsozale Elkarteak 1984. urtetik. Horren ondorio da, besteak beste, Nafarroako Gobernuak 2018an bertsolaritza kultur intereseko ondasun izendatu izana».

1987an sortu zenetik Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatzen duen hamargarren Bertsolari Txapelketa Nagusia izango da. Urte hauetan aldaketa handia izan dute txapelketako finalek, eta, hala, 2005etik gaur egunera arte, Barakaldoko BECn egin dira finalak. 1935etik 2001era bitartean, Donostian egin ziren.

Plazak berreskuratzea helburu

Ohiko bertso plaza berreskuratzea da bertsolaritzaren mugimenduaren asmo nagusia oraintxe, elkarteak adierazi duenez. «Era berean, egun abian diren lurraldeetako txapelketak hasieratik amaieraraino ahalik eta normaltasun handienarekin gauzatzeko eta Bertsolari Txapelketa Nagusiaren antolakuntzan ilusioz eta buru-belarri ari da elkartea».

«Ildo horretan, Bertsozale Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie 1987tik gaurdaino txapelketen edo bestelako egitasmoen bitartez bertsolaritza sustatzen eta eragiten lankide izan ditugun norbanakoei, bertso eskolei, elkarteei eta erakundeei», gaineratu dute.

Lau urtetik behin egiten denez, aurten egitekoa zen Bertsolari Txapelketa Nagusia, baina koronabirusaren pandemiak eragindako egoerak ezinezko egin du, eta joan den urteko abenduan jakinarazi zuen Bertsozale Elkarteak txapelketa atzeratzeko erabakia. Aurten, ordea, herrialdeetako hainbat txapelketa jokatzen ari dira, eta horrek modua eman du datorren urtean Bertsolari Txapelketa Nagusia antolatzeko.

Xilaba Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko txapelketa finalaurrekoetan da dagoeneko, eta heldu den larunbatean jokatu da horietako azkena. Finala, berriz, azaroaren 13an jokatuko da, Donibane Lohizunen (Lapurdi).

Nafarroako Bertsolari Txapelketako kanporaketak jokatuta, azaroaren 1ean hasiko dira finalaurrekoak, eta finala, azkenik, azaroaren 28an jokatuko da, Iruñean.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken kanporaketa larunbatean jokatuko da, eta, finalaurrekoen ostean, finala abenduaren 18an egingo dute, Bilbon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.