Reala - Athletic

Gorka Urbizuk emanaldia eginen du Realaren eta Athleticen arteko derbian

Partidaren aurretik eta atsedenaldian joko du Urbizuk, Reale Arena estadioan. Iradoki dute sorpresa gehiago ere izanen dela neurketaren atarian.

Gorka Urbizu, Berri Txarraken azken kontzertuan, 2019an. IDOIA ZABALETA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko urriaren 26a
12:42
Entzun 00:00:0000:00:00

«Igande iragande, ez daukazu planik?», dio Berri Txarrak taldearen kantu ospetsuetako batek. Bada, igandean, izanen da giro Reala Arenan. Neurketa nolanahikoa izanik ere, batak zein besteak irabazi, burrunba ziurtatua da estadioan. Realak etxean hartuko du Athletic igandean, euskal derbia izanen da Donostian, eta, gainera, aparteko iragarpen bat egin du berriki Donostiako klubak: Gorka Urbizuk kontzertua emanen du futbol zelaian. Reala Zuzenean egitasmoaren barnean eginen du emanaldia kantari nafarrak.

«Gorka Urbizu musikariak, Berri Txarrak talde mitikoko kideak, bere abestiekin gozaraziko gaitu, partidaren atarian eta atsedenaldian». Hala jakinarazi du Realak, ohar bidez. Hain zuzen, derbia hasi aurretik, minutu batzuk lehenago hasiko du Gorka Urbizuk kontzertua, etena eginen du neurketa hasitakoan, eta haren doinuek partidaren bi zatien arteko tartean girotuko dute zelaia berriz. «Euskal rockaren izar horren emanaldiak hamar aldiz biderkatuko ditu harmailetako dezibelioak», azaldu dute.

Reala Zuzenean

Donostiako klubak irailaren erdialdean eman zion hasiera Reala Zuzenean egitasmoari. Kirola eta kultura emanaldiak uztartzea du helburu ekinbideak. Datozen hilabeteetan eskaintza gehiago egitea dute asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.