Koronabirusa

Sagarduik «tentuz» jokatzeko eskatu du, birusaren hedapenaren joera «goranzkoa» delako

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren hitzetan, oraindik goizegi da beste olatu bat datorrela esateko, eta ez dago jakiterik «goranzko» bilakaerak zer eragin izango duen ospitaleetan.

Gotzone Sagardui, aurreko agerraldi batean. ADRIáN RUIZ DE HIERRO / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urriaren 26a
13:15
Entzun

Bihar beteko dira hogei egun Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia bertan behera utzi eta COVID-19a ez hedatzeko neurri gehienak bertan behera laga zituenetik. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ohartarazi du birusa ez dela desagertu, eta «tentuz» jokatzeko eskatu die herritarrei, birusaren hedapenaren joera «goranzkoa» delako. Gaur eman du bilakaeraren berri, gobernu bileraren ostean egindako agerraldi batean.

Azken egunetan, birusaren joera «goranzkoa» da, Sagarduiren hitzetan, eta hori berresteko datuak eman ditu: azken hamabi egunetan, hazten ari da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia metatua, eta hala jarraituko duela uste dute. Halere, esan duenez, igoeraren intentsitatea aurrekoetan baino apalagoa da. «Oraindik goizegi da beste olatu bat datorrela esateko». Aurreko kasuetan ikusi denez, birusaren aldaera berriek eragina zian dezakete positiboak areagotzeko, baina, oraingoz, Sagarduik ziurtatu duenez, ez dute aurkitu birusaren aldaera berririk.

Kazetariek agerraldien inguruko informazioa ere eskatu diote, eta Basurtuko erietxean izandakoaz aritu da. Orotara, 30 positibo atzeman dituzte: 21 gaixok, sei bisitarik eta hiru langilek eman dute positibo. Egun agerraldia «kontrolpean» dagoela ziurtatu du.

Ospitaleetako datuak ere eguneratu ditu: 78 gaixo daude ospitaleratuta Osakidetzan, horietako 24 ZIU zainketa berezietako unitateetan. Sagarduiren esanetan, beste kasu batzuetan ere beranduago nabaritu izan da kasuen igoera ospitaleetan, eta, momentuz, igoerarik ez dago ZIUetan. Ez du argi zein izango den bilakaera: «Oraindik goizegi da goranzko joerak zerbilakaera izango duen ikusteko». Kazetarien galderei erantzunez, esan du erietxeetan txertatutako nahiz txertatu gabeko gaixoak daudela, baina batez ere txertatu gabekoen kasuak direla larrienak. Horiek horrela, oraindik txertorik hartu ez duten herritarrak txertatzera animatu ditu, eta gogorarazi die zita hartzeko aukera dutela osasun etxera deituta edo Osakidetzaren webgunearen bidez.

Babes neurrien beharra

Sagarduik azaldu duenez, antzeman dute azkenaldian gutxiago erabiltzen dela maskara, ospakizunak areagotu egin direla, eta jendea gero eta gehiago biltzen dela. Ohartarazi du bi faktore horiek kutsatzeko arriskua areagotzen dutela, eta babes neurriak hartzen jarraitzeko eskatu du. Batez ere, 12 urte baino gutxiagoko haurrei erreparatu die, haientzako oraindik txertorik ez baitago. Neurriak hartzen jarraitu beharra dagoela esan du, eta, horregatik, maskara janzten jarraitu beharko dute eskolan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.