KORONABIRUSA

Afrikako Batasunak izurriaren aurkako 110 milioi txerto dosi jasotzeko akordioa egin du

Moderna etxearekin egin du ituna kontinenteko 55 herrialde biltzen dituen elkarteak, AEBetako Gobernuak bideratuta. Afrikan, oraingoz  herritarren %5,23ri jarri dizkiete txertoaren bi dosiak.

Erizain bat gizon bati txerto dosi bat jartzen, Johannesburgon (Hegoafrika). KIM LUDBROOK / EFE
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 26a
17:41
Entzun

AB Afrikako Batasunak COVID-19aren aurkako 110 milioi txerto dosi jasotzeko ituna egin du Moderna AEBetako farmazia enpresarekin. Hain zuzen ere, AEBetako Gobernuak bideratu du akordioa, eta ABk aurreikusten du abenduan jasotzea aurreneko 15 milioidosiak. «Hau guretzat lorpen bat da», nabarmendu du, gaur, ABko kide Strive Masiyiwak, prentsa agerraldi telematiko batean. Datorren urteko lehen hiruhilekoan beste 35 milioi txerto dosi dira Afrikara bidaltzekoak, eta bigarren hiruhilekoan beste 60. Afrikak 1.300 milioi biztanle inguru ditu, eta, Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Afrikako Zentroak emandako datuen arabera, oraingoz soilik herritarren %5,23ri jarri dizkiete txertoaren bi dosiak.

Batasuneko kidearen esanetan, arazoa ez da izan txerto dosien prezioa, baizik eta horietarako «berehalako sarbidea». Eskerrak eman nahi izan dizkio Washingtoni, neurri batean AEBetako administrazioak negoziatu baitu akordioa. Izan ere, izurriari erantzuteko Etxe Zuriko koordinatzaile Natalie Quillianen hitzetan, «ABri erosketaren ilaran lekua egiteko» intentzioarekin atzeratu du Washingtonek Modernari erositako 33 milioi dosi osasun agintarien esku uztea. «Txertoak ekoizten dituzten beste herrialde batzuei eskatu nahi diegu jarrai dezatela AEBetako Gobernuaren eredua, eta ireki diezagutela txertoak erosteko bidea. Hilabete asko daramatzagu hori eskatzen», azpimarratu du Masiyiwak.

Afrikako 55 herrialdek osatzen dute batasuna. Orain arte, herrialdeek beren kabuz erosi dituzte txerto dosiak, edo, bestela, beste herrialde edo instituzio batzuek eman dizkiete, edo Covax nazioarteko programaren bidez. Moderna etxeak ohar batean nabarmendu duenez, ABrekin hasitako «luzera begirako» lankidetza akordio bateko «aurreneko pausoa» da emandakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.