Brasil

Gizateriaren aurkako krimenak egotzi dizkio Brasilgo Senatuak Bolsonarori

Sei hilabeteko ikerketa baten ostean onartu du Senatuak txostena, eta fiskaltzaren eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren esku geratuko da orain.

Jair Bolsonaro presidentea Boa Vistan, Venezuelako mugatik gertu. ISAC NOBREGA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko urriaren 27a
09:11
Entzun

Brasilgo 11 senatarik osatutako ikerketa batzordeak ontzat eman du goizaldean Jair Bolsonaro presidenteari gizateriaren aurkako krimenak egozten dizkion txostena. Zazpi senatarik bozkatu zuten alde, eta lauk, aurka. Hala, sei hilabeteko ikerketaren ostean osatutako txostena Brasilgo justiziaren, fiskaltzaren eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren esku geratuko da orain, eta haiek erabaki beharko dute ea argudio nahikorik badagoen estatuburuaren aurka egiteko.

>Dokumentuan jasotzen diren salaketak, baina, ez dira soilik Bolsonaroren aurkakoak. Orotara 78 pertsona aipatzen ditu herrialdean milaka hildako eragin dituen pandemiaren kudeaketa okerraz mintzo, tartean lau ministro eta estatuburuaren hiru semeak. Senatuko batzordeak eskatu du presidentearen sare sozialetako kontuak eteteko, pandemiari buruzko informazio faltsua zabaldu duelako horien bitartez, eta behartu dezatela orain arte egindako adierazpenetan atzera egitera, horietan zalantzan jarri zituelako pandemiaren ondorioak eta koronabirusaren arriskua.

Eskuin muturreko buruzagiak adierazpen oso polemikoak egin ditu bai koronabirusari buruz, baita txertoen inguruan ere. Horietako batean, hiesarekin lotu zuen COVID-19aren aurkako txertoa: «Erresuma Batuko Gobernuaren txosten ofizialek iradokitzen dute txertoaren dosi guztiak hartu dituztenak hiesa garatzen ari direla hura hartu eta hamabost egunera». Adierazpen horiengatik, Facebook eta Instagramek haren adierazpenen bideoa kendu zuten euren atarietatik, eta Youtubek astebetez eten zion kontua estatuburuari.

Dena den, txostena urrunago doa eskuin muturreko buruzagiaren aurkako akusazioetan. Haren arabera, Brasilgo presidenteak «kontzienteki» erabaki zuen koronabirusaren kontrako txertoen erosketa atzeratzea, eta inolako beharrik gabe kondenatu zituen milaka herritar heriotza goiztiarrera. Dokumentuak estatuburuaren aurkako frogak ere biltzen ditu bere 1.290 orrialdeetan, horien artean jendetza artean egindako ekitaldiak, txertoak erosteko atzerapenak eta osasun sistemaren kolapsoa.

Bolsonarok berak ukatu egin ditu egozten dizkioten krimenak. Honela esan zuen astelehenean hango irrati bati eskainitako elkarrizketan: «Genozidioa egiteaz, dokumentuak faltsutzeaz, indioak suntsitzeaz akusatzen naute, baina horiek guztiak zentzugabekeriak besterik ez dira». Baina egozten dizkioten delituak ukatu arren, txostenak ondorio larriak izan ditzake estatuburuarentzat. Bi auzibide ireki ditzake dokumentuak haren aurka: epaiketa politiko edo impeahcment bat; eta haren aurkako prozedura bat Nazioarteko Zigor Auzitegian. Izan ere, batzordeak ez du eskumenik presidentearen edo dokumentuan jasotzen diren gainontzeko goi kargudunen aurkako salaketak aurkezteko.

Dokumentuak ez du bermatzen, ordea, estatuburua prozesatuko dutenik; izan ere, horretarako Estatuko Fiskal Nagusi Augusto Arasen onespena beharko litzateke, eta hura ere buruzagiaren gertukotzat dute askok, haren aurkako hainbat ikerketa artxibatu baititu. Bide beretik, estatuburuaren aurkako epaiketa politiko bat abiatu ahal izateko Diputatuen Ganberako buru Arthur Lirak onartu behar du proposamena, eta hori ere gertuko du Bolsonarok. Hagan, berriz, auzia bere eskumenekoa dela ebatzi beharko luke lehenik auzitegiak, eta hori ere ez da ziurra, nahiz eta Brasilek Erromako Estatutuko sinatzaile izan.

Baina txostenak ondorio politikoak izan ditzake. Izan ere, eskuin muturreko buruzagiaren irudia ahulduz doa herrialdean, eta azken inkestek argi uzten dute presidentetzarako bozak orain egingo balira, PT Langileen Alderdiko hautagaiak, Luiz Inacio da Silva Lulak, hainbat puntuko aldea aterako liokeela egungo presidenteari. Horiek hala, oposizioak nahiago du Bolsonarok agintean jarraitzea, haren babesari puntuak kentzen jarraitu ahal izateko.

Estatuburuaren gertukoak haren lanaren defentsan irten dira, eta nabarmendu dute Brasil estatu federala izanik osasuna kudeatzearen ardura estatuetako gobernadoreena dela, eta ez presidentearena. Brasildik kanpo, Bolsonarori babesa agertu dion beste buruzagi bat ere izan da, AEBetako presidente izandako Donald Trump, zeina haren oso gertuko aliatua izan zen agintean egon zen artean. Trumpi berari ere pandemiaren aurkako neurri nahikorik hartu ez izana egotzi zioten agintean egon zen denboran.

Brasil izan da pandemiak gogorren jo dituen herrialdeetako bat: 21,7 milioi lagun kutsatu dira koronabirusarekin, eta 600.000 baino gehiago hil ditu gaitzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.