Brasil

Facebookek erretiratu egin du Bolsonaroren bideo bat, COVID-19aren txertoa hiesarekin lotzeagatik

Joan den ostegunean argitaratu zuten bideoa. Hartan, Brasilgo presidenteak zioen txertoak handitu egiten duela hiesaren aurrean immunoeskasia izateko arriskua.

Jair Bolsonaro Brasilgo presidentea, orain bi asteko agerraldi batean. JOEDSON ALVES, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko urriaren 25a
11:31
Entzun

Hiru eguneko bizialdia izan du Jair Bolsonaro Brasilgo presidentearen bideoak Facebooken. Sare sozialak berak erabaki du eduki hori plataformatik erretiratzea, «arriskuak saihesteko», Bolsonarok esandakoek zenbait pertsonari kalteak ekartzen ahal dizkielakoan. Astero gisan, presidenteak hitzaldi bat egin zuen sare sozialen bitartez, eta, hartan, adierazi zuen COVID-19aren kontrako txertoa hartzen dutenak «immunoeskasia» garatzen ari direla hiesarekiko. Hainbat osasun agintari baieztapen horren kontra azaldu dira berehala: zentzugabea eta faltsua dela adierazi dute.

Facebookek idatziz azaldu du bideoa zergatik erretiratu duten: «Gure politikek ez dute onartzen COVID-19aren kontrako txertoari egoztea jendea hiltzen duela edo kalteak eragiten dituela». Instagrametik ere kendu dute edukia.

Bada antzeko aurrekaririk. Facebokek Bolsonaroren beste bideo bat erretiratu zuen iazko martxoan. Orduko hartan, presidenteak klorokina erabiltzea gomendatu zien herritarrei, birusaren aurkako prebentzio neurri gisa. Sendagai hori malariaren kontra egiteko erabili ohi da, eta ez dago frogaturik COVID-19aren aurka eraginkorra denik.

Hain zuzen, Brasilgo Senatuko ikerketa talde batek gizateriaren kontrako krimenak egotzi nahi dizkio Jair Bolsonarori. Izurritean hartu zituen erabakiak milaka herritarren osasunaren kontrakoak izan zirela iritzi diote. «Erailketa masiboa» leporatzea proposatu du ikerketa taldeak. Argudiatu dute, batik bat, birusa herrialdean hedatzen utzi zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.