Biztanleria aktiboaren inkesta

Lan merkatua moteltzen ari da Hego Euskal Herrian

INEk 25.700 landun gehiago zenbatu ditu, baina langabeen kopuruak ez du behera egin: %10,1 dira. Udan egindako hamar kontratutik sei aldi baterakoak dira. Kezkatuta azaldu dira gobernuak eta sindikatuak.

Langile batzuk, maskarekin lanean. SUSNA SAEZ (EFE)
jokin sagarzazu
2021eko urriaren 28a
12:48
Entzun

Lan merkatua ez da hazten ari urteko lehen erdian erakutsitako indar berarekin. Hirugarren hiruhilekoa, uda garaia, ona izaten da enpleguarentzat, eta hala gertatu da aurten ere: 25.700 landun gehiago zenbatu ditu INE Espainiako Estatistika Institutuaren Biztanleria Aktiboaren Inkestak. Datu horrek, halere, badu bere ifrentzua, langabeen kopurua ere handitu egin baita: 3.000 gehiago. Bigarren hiruhilekoan bata handitu eta bestea gutxitu ziren, indar handiz gainera; hirugarrenean, aldiz, lan merkatua moteltzen ari delako sintomak erakusten ari da.

Landunak eta langabeak batera ugaritu izanaren arrazoia da biztanleria aktiboak ere gora egin duela; hau da, lanerako adinean eta lan egiteko prest daudenen kopurua handitu dela, neurri handi batean urteko lehen erdian lan merkatuak hobera egiteko erakutsitako joerak pertsona gehiago animatu dituelako enplegu bat bilatzera. Baina horrekin batera langabezia hazi izanak ere erakutsiko luke udan sortutako lanpostuak ez direla aski lan egin nahi duten lagun guztientzat, eta, zenbait kasutan, adina dela edo lanpostu mota dela, ez dela erraza izaten ari lana lortzea. Langabezia tasa %10,1 da; COVID-19aren aurretik, %8,7 zen.

Behin-behinekotasuna,gora

Guztira, 137.400 langabe zenbatu ditu INEk. Igoera lurralde guztietan izan da, Bizkaian izan ezik, aurreko hiruhilekoan baino 5.600 langabe 5.600 gutxiago daude. Aldiz, Gipuzkoan igo da gehien: 4.700 lagunek galdu dute lanpostua. Jarraian, Araban (2.500) eta Nafarroan (1.600).

Sektore guztietan gertatu da hala. Industrian 9.900 lanpostu galdu dira ekainetik irailera. Zerbitzuetan, 19.300; lehen sektorean, 4.300; eta eraikuntzan, 700. Sexuen arabera, gizonezkoen artean izan da handiagoa galera: %4; eta %0,45 emakumezkoen artean.

Adinaren arabera, datuek erakusten dute gora egin ahala enplegu bat aurkitzeko gero eta zailtasun handiagoak daudela, eta topatzen dutenean aldi baterakoa izaten dela. Bi langiletik bat epe luzekoa da. Eta langabezian dauden 35 urtetik gorakoen kopurua gehiago handitu da gazteagoen artean baino. Edonola ere, 25 urtez azpikoen tasa batezbestekoa baino nabarmen handiagoa da oraindik ere: Nafarroan %16,3 da, eta gainerako hiru lurraldeetan, %27,2.

Horrek badu lotutarik egindako kontratu berrien izaerarekin: hamarretik ia sei (15.100) aldi baterakoak izan dira, uda garaiko kontratazioetan gertatu ohi den moduan. Hala, behin-behinekotasuna ia %25era igo da Hego Euskal Herrian, Europako Batasunean baino 10 puntu gehiago.

Etena susperraldian

Pandemiak markatu du lan merkatuaren eboluzioa azkenengo urte eta erdian. Aurtengo martxotik aurrera konfiantza giroa nagusitu da, COVID-19aren aurkako txertaketa kanpainarengatik eta gobernuek zenbait jarduerari jarritako mugak kendu izanagatik, eta sektore gehienak indar handiz itzuli dira. Hirugarren hiruhilekoan, baina, moteldu egin da erritmoa, bereziki industrian, bat-bateko susperraldi ekonomikoak sortu dituen zenbait arazorengatik, hornikuntzan eta energien prezioetan, besteak beste, eta horrek enpresa ugari eraman ditu produkzioa txikitzera, eta gastuak doitzera.

Horiek hala, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteen mamua ere itzuli da. Irailaren amaieran, 11.335 langile zeuden egoera horretan. Kopururik apalena da 2020ko martxoaz geroztik. Urte horretako apirilean, ia lau langiletik bat izan zen egoera horretan, 250.000 langiletik gora. Baina, orain, pandemiaren ondorioak beste batzuk dira; horregatik, aldi baterako erregulazio bereziak luzatzea adostu zuten irail amaieran Espainiako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek, eta, horri esker, 2022ko otsailera arte behintzat bide hori erabili ahal izango dute enpresek enplegua ez suntsitzeko.

Kezkarako arrazoiak

INEren ematzei buruzko balorazio gazi-gozoak egin dituzte gobernuetako eta sindikatuetako ordezkariek. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak adierazi duerakusten dutela enplegua «pixkanaka» suspertzen ari dela, baina «zuhurtzia» eskatu du. Azpimarratu du, datu kuantitatiboez gain, kontuan hartu behar direla enpleguaren kalitatea, gizonen eta emakumeen arteko aldea, prekaritatea eta behin-behinekotasuna ere, eta alor horietan hobetzeko asko dagoela.

Mari Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialetako kontseilariak aitortu du datuak ez direla onak, baina baikor azaldu da lan merkatuaren bilakaerarekin. «Aurreikuspen onak ditugu, baina kontuan hartu behar da energiaren eta lehengaien kostuek egoera baldintza dezaketela».

Sindikatuek, berriz, uste dute emaitzek agerian uzten dituztela lan merkatuaren gabeziak, eta sakoneko aldaketak galdegin dituzte, bereziki lan erreforma indargabetzeko. ELAren iritziz, datuek positiboak diruditen arren, ez da horrela; azpimarratu du landunen kopuruaren igoera aldi baterako enpleguan oinarritzen dela, eta horrek ziurgabetasuna areagotzen duela.

LABek adierazi du «gero eta zailtasun handiagoak» daudela enpleguak aurkitzeko, bereziki adin batetik aurrera, eta sortzen dena «prekarioa» dela, eta horrek «pobrezia handitzea» dakarrela. Ohartarazi du adinaren araberako soldata arrakala handitzen ari dela: 35 urtetik beherakoen soldatak batez beste %20 txikiagoak direla. Sindikatu abertzalearen ustez, hazkunde ekonomikoa eta enpleguaren sorrera ez dira nahikoak pobrezia desagerrarazteko.«Enplegu politikak edozein enplegu motatara bideratzen dira, lan baldintzak alde batera utzita, eta horrek pobrezia eta bazterketa sozial handiagoetara eraman gaitzake, ez baditugu egiturako aldaketak behartzen».

Nafarroako CCOOk emaitzen balorazio «oso kezkagarria» egin du, eta azpimarratu du lan merkatuak dituen «egiturazko arazo larrien isla» direla. «Sortzen den enplegua, funtsean, aldi baterakoa da, eta, kasu askotan, partziala». Ohartarazi du horrek desberdintasun sozialak eta pobrezia handitu ditzakeela. Nafarroako UGTrentzat ere datuak «kezkagarriak» dira, eta «are gehiago ekonomiak bizi duen ziurgabetasun egoera honetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.