Sexu abusuak

Sei urteko zigorra jarri diote Basaurin adingabe bati abusuak egiteatik epaitu duten gizonari

Zigorra jaso duen gizona futbol talde bateko entrenatzailea zen; ebazpenaren arabera, epaiketan «egiaztatu» egin dute biktimari abusuak egin zizkiola

2021eko urriaren 28a
13:55
Entzun

Basaurin futbol talde batean entrenatzaile zela adingabe bati abusuak egitegatik epaitu duten gizonari sei urteko kartzela zigorra jarri dio Bizkaiko Probintzia Auzitegiak. Epaiketan «egiaztatu» egin zen abusuak egin zituela, eta denboran luzatu zirela, gainera: lau urtean pairatu zituen biktimak. Adingabearen gain zuen «abantailaz» baliatu zen gizona abusuak egiteko.

Fiskaltzak, hain justu, zigor eskari horixe zuen, sei urtekoa. Gaztetxoaren amak, zortzi urtekoa. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu zuen. Epaiketan akusatuak ukatu egin zituen salaketak, baina aurkeztu diren frogak aski sendoak direla ebatzi dute sententzian. 15 urte ditu orain biktimak; abusuak pairatu zituen 8 urte zituenetik 12 konplitu arte. Adingabeak ez zuen deklaratu epaiketan; auzibidearen instrukzio fasean egin zuen deklarazioa hartu zen aintzat. Bide hori erabiltzen da biktimen sufrimendua arintzeko.

Psikologoek hartu zuten hitza epaiketan, eta esan zuten «ontzat» jo behar dela adingabearen lekukotasuna, «xehetasun» asko eman dituelako abusuen inguruan. Ebazpenean zehaztu dute 2012-2017 aldian ia «familiarteko» harremana izan zuela biktimak abusuak egin zizkion gizonarekin; entrenamenduetako harremanaz gain, eskolako lanak-eta egiten lagundu zion maiz, eta familiari diru kontuetan ere laguntza eman zion. Erlazioaren joritasun hori erabili zuen haurrarengana hurbiltzeko, eta abusuak egiteko.

62 urte ditu zigortu duten gizonak. Epaileak 40.000 euroko isuna ere jarri dio. Behin kartzelatik irtenda, sei urtean ezingo du biktimarengana hurbildu, eta sexu heziketako ikastaroak rgin beharko ditu. Gizon honen kontrako antzeko salaketa gehiago ere egon dira, baina preskribatuta daude ja.

Ebazpenaren aurkako helegitea jartzeko era du akusatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.