Klima larrialdia

Talde ekologistek protestak iragarri dituzte COP26 goi bileraren kontra

Azaroaren 6an manifestazioa egingo dute Bilbon. Egun berean ekintza bat egingo dute Donostiako Kontxan

Larreko Mahai plataformaren protesta larrialdi klimatikoaren harira. Artxiboko irudia. GORKA RUBIO / FOKU
Javi West Larrañaga.
2021eko urriaren 28a
14:50
Entzun

COP26 Aldaketaldia plataformak mobilizazioak iragarri ditu azaroaren hasieran COP26 goi bileraren gabeziak salatzeko. Azaroaren 1etik 12ra bitartean egingo da Nazio Batuen klima aldaketari buruzko goi bilera, Glasgown [Eskozia], eta bertan egongo dira munduko agintariak. Plataforma ekologistak salatu du goi bilera «partziala» dela, hegoaldeko herrialdeen parte hartzea oso txikia delako, haien arabera. COP26 Aldaketaldiarentzat hegoaldeko herrialde horiek dira, hain zuzen ere, klima aldaketaren ondorio larrienak jasaten dabiltzanak.

Alfonso Caño plataformaren bozeramaileak adierazi du oraingoaren aurretik 25 goi bilera egin badira ere neoliberalismoak jarraitu duela «bizitzaren eta gizartearen euskarriak suntsitzen». Industrializazioaren aurretik hona tenperatura 1,1 gradu igo dela gogorarazi du Cañok, eta, aurreko klimaren goi bileretan 1,5 gradutik behera mantentzeko helburua ezarri arren, «ekintzarako» deia egin du, eta «gradu hamarreneko bakoitzagatik borrokatzea» proposatu du.

COP26 Aldaketaldiaren arabera, energia iturri berriztagarriak «beharrezkoak» izan arren, ez dira konponbidea, ez direlako gai egungo kontsumoa bermatzeko. Hor datza gakoa haientzat. Cañok adierazi du «hazkunde ekonomikoaren bidetik» alde egin behar dela, eta egungo kontsumo joerak alde batera utzi. «Mirari teknologiko faltsuez» eta 3.0 industriaz ohartarazi du. «Murriztu, berrerabili, birziklatu eta konpostatu» mantran laburbildu du proposamena.

Plataformarentzat konponbidea aberastasunaren banaketan eta lanaldiaren murrizketan dago. «Tokiko energia komunitateak» sortzeko deia egin du Cañok, eta aldarrikatu du klima aldaketaren ardura duten enpresei ezin zaizkiela diru laguntzak eman. Bide horretatik jo du gaia Euskal Herrira ekartzeko, eta adierazi du «hemen egiten diren politikek» lotura zuzena daukatela larrialdi klimatikoarekin. Iberdrola eta Repsol izan ditu hizpide plataformako kideak, eta susperraldi ekonomikorako Europar Batasunetik erabiliko dituzten funtsen erabilera deitoratu du. Euskal gizartearen ardura nabarmendu du: «Ez da trantsizio justurik izango klima larrialdia areagotzen duten enpresa eta gobernuak salatzen dituen euskal gizarte aktiborik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.