Chippewa Crew herriak danbor hots artean hartu ditu bisonteak Rocky Boy erreserban

Pixkanaka hedatuz doa bisontea AEBetako jatorrizko nazioen erreserbetan. Aste honetan, 11 askatu ditu Chippewa Cree tribuak, Montana iparraldean.

jon ordonez garmendia
2021eko urriaren 28a
18:29
Entzun

Berrogei urte inguru ziren AEBetako Rocky Boy erreserban bisonterik ez zela. Behiala, Ipar Amerikan, milioika ale zeuden ugaztun handi horrenak, Ameriketako handienarenak, baina 200 urtean ehunka buru gutxi batzuetara murriztu zituzten kolonoek, merkatariek eta soldaduek, neurririk gabe harrapatuz. Zehazki, 1890. urtean soilik 750 bisonte zenbatu zituzten; horietatik hamar, Montanan. Egoera hori irauliz doa, baina, eta aste honetan Chippewa Cree tribuak euren lurretara eraman du berriro bisontea, Rocky Boy erreserbara, 1990eko hamarkadan desagertu zen tokira.

«Hau etorkizunerako da», esan dio Dustin Whitford tribuko Hizkuntzaren Babeserako ofizialak Great Falls Tribune egunkariari. Asteartean 11 bisonte askatu zituzten erreserban, 485 hektareako lursail batean. Bi urteko lanaren emaitza izan da, Chippewa Cree erreserbaren zuzendaritzak eta bisonte batzordeak, Salish eta Kootenai tribu konfederatuek eta Ameriketako Belaze Erreserba erakundeak ereindako haziaren lorea.

Bisonteak hartzeko itxitura berehala bihurtu zen, asteartean, bizi berri baten atari. Amerikako Belaze Erreserba erakundea belazeen erreserba natural handi bat egiten ari den entitate pribatu bat da, eta sei bisonte eman ditu Rocky Boyn askatzeko. Beste bostak Salish eta Kootenai tribuek eman dituzte. Kamioietan eraman zituzten 11 bisonteak itxiturara. Inguruan, distantzia batera, komunitateko ehunka kidek danborra joz eta bostekoa emanez hartu zituzten.

Oraingoz 11 dira, baina ugaltzea espero dute. Mexikon, 2009an, 23 bisonte askatu zituzten, AEBetako Hego Dakotako Gobernuak emandakoak: hogei eme eta hiru ar. Zenbait mendetan desagertuta egon ondoren, handik urtebetera jaio zen Mexikon lehen bisontekumea, eta 2018. urte amaieran, hamar urte eskasen buruan, 184 zenbatu zituzten.

[YouTube]https://youtu.be/ZX91LxPn6aY[/YouTube]

Bisonteak ugaltzen direnean, bisitarientzako zentro bat ireki nahi dute Rocky Boy erreserban: «Asmo handiak dauzkagu. Gure ametsa bisonteak zabaltzea da, eta, behin hori lortuta, ondo legoke bat hiltzea gure ospakizunetarako edo gure herriari jateko emateko», dio Ashley Young tribuko Bisonteen Batzordeko kideak. Ipar Amerikako jatorrizko herriek elikatzeko, janzteko, babesteko eta ospakizunetarako erabiltzen zituzten bisonteak, ugari zirenean. Horregatik, bisonteak hilez haiek hiltzeko beste modu bat aurkitu zuen AEBetako Gobernuak.

«Lur honetan 40-60 milioi bisonte zeuden, eta beste hainbeste jatorrizko biztanle. Haiek bisonteak eta indiarrak hil zituzten». Jason Belcourt Chippewa Crew tribuko Jasangarritasun koordinatzaileak, iraganean bezala, etorkizunean ere lotzen ditu bisonteen eta euren tribuaren patuak, eta itxaropentsu begiratzen du aurrera: «Bisontea itzuli eta loratu ahala, gure jendea ere loratuko da». Great Falls Tribune egunkariari adierazi dionez, garai zaila dute komunitatean: COVID-19a, heriotzak, suizidioak... «Galduta gaude, ez dakigulako nortzuk garen, hizkuntza eta kultura kendu zizkigutelako. Orain, nortzuk garen aurkitu behar dugu, eta ondo egongo gara. Hau [bisonteak ekartzea] horren parte da».

Bisonteen itzuleraren lekuko izan ziren asteartean Rocky Boyko eta Box Elderko eskoletako berrehun ikasle inguru. Inspirazio iturri izan dezatela nahi dute tribuko agintariek. «Bisonteek sendatzeko gaitasuna dutela irakatsi ziguten. Uste dut gure komunitateari ondo etorriko zaiola pixka bat sendatzea eta bisonteak guretzat zer diren jakitea. Horregatik dakartzagu. Gure kulturaren parte bat dira, eta boteretsuak dira», gaineratu du Youngek.

[YouTube]https://youtu.be/hNkOWYm9Tbc[/YouTube]

Ez da AEBetako tribu batek bisonteak euren lurretara eramateko egiten duen lehen ekinaldia. Besteak beste, Shoshone tribuak eta Basoko Faunaren Federazioak (NWF) 2016an hamar bisonte askatu zituzten Wind River Indian erreserban, eta Arapahoe tribuak gauza bera egin zuen hiru urte geroago erreserba horren iparraldean.

NWFk urteak daramatza erreserbetan bisonteak askatzeko lanean. Tribuekin batera AEBetako Belaze Handietan genetikoki «garbiak» diren bisonteak (Bison bison) ezarri eta tribuen eta bisonteen arteko harremana berreskuratzea dute helburu. 2012an Yellowstoneko parke naturaletik eramandako 63 bisonte askatu zituzten Fort Peck Sioux eta Assiniboine erreserban, Montana ipar ekialdean. Azken sei urteetan 250 bisonte askatu dituzte AEBetako beste erreserba batzuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.