Albistea entzun

Etxebizitzarako eskubidea

Nahi eta ezin

Bilboko etxebizitzaren egoeraren diagnosiaren arabera, 10.000 gaztek dute etxebizitza baten beharrizana hirian, baina ezin dute eskuratu. Udalak etxebizitza hutsen kontrako kanona ezarriko du. Maizterren sindikatuak neurri gehiago eskatu ditu, eta esan du etxebizitzak "merkantzia" bihurtu direla.

Bizkaiko Hitza Tamaina handiagoan ikusi

Natalia Salazar Orbe - Bizkaiko Hitza -

2021eko urriak 31

Bilboko etxebizitzaren 2020ko diagnosia aurkeztu du hiriburuko udalak, eta daturik deigarriena da diru sarrerak dituzten 18 eta 44 urte arteko 10.000 bilbotarrek dutela etxebizitza beharrizana. “Alokairua ordain lezakete, baina, prezio handiengatik edo egoera jakinengatik, ezin dute”, esan du Jon Bilbao Etxebizitza Saileko zinegotzi ordezkariak. Gainera, Bilboko gazteen egoera ere azaleratu zuen: “2020an, 37.000 gazte euren familien etxeetan bizi ziren”. Bilbaok aurkeztu zuen 2020ko abenduaren 31ra arteko datuak jasotzen dituen azterketa, joan den barikuan. Datu bat beste baten atzean eman zuen.

Etxebizitzen prezioei ere erreparatu die diagnosiak, gazteak independizatzeko zailtasunari erantzuna emateko asmoz. Alokairua hilean, batez beste, 780 euro ordaindu behar da. Hori etxebizitza babestuei dagokien prezioa da. “Merkatu librekoa, 1.080 euroan dago”.

Etxebizitza eskuratzeko beharra premiazkoa da hirian. Horren adierazgarri dira Bilboko Udalak eman dituen beste datuok ere: 2015 eta 2020 urteen artean etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzeko 6.000 eskaera izan zituzten. Horien erdiari ere ez diete erantzun, ordea: 536 etxebizitza eman dituzte alokairu sozialean, eta 810 laguntza ekonomiko esleitu dituzte.

Egoera horri aurre egiteko, etxebizitzen prezioei eustea jarri dute helburu. Gutxienez, gora egin ez dezatela lortu nahi du Bilboko Udalak, eta, horretarako, etxebizitza hutsak merkaturatuko ditu. Azken hamarkadan hiriko etxebizitza parkea %5 handitu da, eta, iaz, 165.296 familia etxebizitza zeuden. Horietatik 4.358 etxebizitza hutsak dira. 2018ko datuen antzekoa da kopurua, nahiz eta apur bat gora egin duen: 4.240 ziren orduan. Gaur egun zenbatu dituzten etxebizitza hutsetatik 2.122 luzaroan daude bizilagunik gabe. Gutxienez, bi urtez hutsik dirauten etxebizitzak dira horiek: “Inor bertan erroldatuta ez dutenak dira, eta uraren kontsumorik ez dutenak”, azaldu du Bilbaok.

Zinegotziak esan du etxebizitza horien ugazabekin harremanetan jarriko direla egoera azaltzeko eta “etxebizitzok mobilizatzen saiatzeko. Helburua da ondasun pribatu horrek duen funtzio soziala bete dezala, ugazabek nahi duten eran: salduta edo alokatuta”. Etxeen merkaturatze horretan udalaren laguntza izango dute. Udalak egingo duen saiakera horren ostean etxejabeek ez badute etxebizitza alokatu edo saltzeko pausorik ematen, etxebizitza hutsen kanona ezarriko diete: etxebizitzak duen metro koadro bakoitzeko hamar euro ordaindu beharko dute urtean. “Hortik aurrera, urtean %10 igoko da kanona”.

Kanona, 2022an

Datorren urtean hasiko dira kanona ezartzen, baina, gutxienez, urtebete eta erdi beharko dute erabat ezarri arte. Eta kasuz kasu aztertuko dute. Udalak etxejabeei jakinaraziko die, behar izatekotan, obrak egiteko laguntzak ere ematen dituela.

Eusko Jaurlaritzak joan den ekainean onartu zuen kanon hori ezartzeko dekretua. Hain zuzen, Etxebizitzaren Legea garatzen duen dekretua onartu zuten, eta haren barruan jaso zuten kanona ezartzeko aukera. Helburua da etxeok merkatura ateratzea. Hala, uste dute alokairuan dauden etxebizitzen kopurua areagotzea prezioei eusteko lagungarria izango dela. “Eskaintza eta eskariaren legea” ekarri zuen gogora Bilbaok. Dena den, Alemaniako kasua aipatu zuen, lege horren eraginkortasuna zalantzan jartzeko: “Herritarren %85 alokairuan bizi dira. Hala ere, azken urteetan prezioa bikoiztu egin da”.

Politika “ausartak”

Diagnosian eta arazoaren larritasunean udalarekin bat dator Bilboko Maizterren sindikatua ere. Ez, ordea, hark darabiltzan politika eta neurrien ezarpenarekin. Udalaren neurriak berandu datozela uste du Iñigo Sancho bertako kideak. Eta neurri gehiago eta politika “ausartak” eskatu ditu. “Etxebizitza publikora eta alokairura bideratzen den kopurua oso mugatua da gaur egun Bilbon dagoen eskaria kontuan hartuta. 10.000 lagunek alokairuzko udal etxebizitza publikorako eskaria egina dute. Udalak, ordea, ez du jartzen mekanismorik dagoen eskari horri erantzuteko”.

Hain zuzen, diagnosiaren arabera, Bilboko 165.000 etxebizitzatik 15.408 alokairuzkoak dira. Zinegotziak nabarmendu du batez beste 53 urte dituzten eraikinetan daudela etxeok. Etxebizitza parke osoaren %10,5 dira alokairuzkoak. Horietatik, 9.312 alokairu librekoak dira eta 6.173, alokairu sozialekoak —%40—. Alokairu gehienak, “14.600 baino gehiago —kopuru osoaren %94— diruz lagundutakoak dira, etxebizitza babestuak direlako edo errenta ordaintzeko diru laguntzaren bat dutelako”.

Sanchok kritika zorrotza egin dio diru laguntzen sistemari: “Guk uste dugu ezin dugula diru publikoarekin gaur egun dagoen espekulazioa bultzatu. Argi dago alokairurako laguntzak diru publikoz hornitzen direnean espekulazio prozesua handitzen dela”. Azaldu du diru iturri txikiak dauzkaten maizterrei emandako diru laguntzak etxeen ugazaben eskuetara doazela. “Horrek ez du bermatzen etxebizitza eskubidea; diru publikoz gaur egun dagoen logika merkantilista hori sustatu, bultzatu eta denboran zehar iraunarazten du. Politika ausartak behar dira”.

Lurzoru publikoak

Gainera, Maizterren sindikatuko kideak salatu du Bilbon etxebizitzak eraikitzen ari diren lurzoruen zati handi bat publikoa dela eta “udala ari dela lurzoru publiko horiek enpresa pribatuei saltzen, jabetza pribatuan oinarritutako etxebizitzak eraikitzeko”. Sanchoren ustez, horrek adierazten du “zein den udalaren ikuspegia etxebizitzaren eskubideari dagokionez”.

Besteak beste, Zorrotzaurreko uharteko lurrak edota Uribarri auzoan, Lezamako Trenbide Zaharreko Bidean, eraikitzen ari diren eremua aipatu ditu udalaren etxebizitza politikari buruz adierazitakoak argudiatzeko. “Bi adibide baino ez dira. Eta hori da udalak azken urteetan izan duen logika. Zoru publiko horiek alokairuzko etxebizitza sozialak eraikitzeko erabil zitzakeen. Jakinda, gainera, 30 urtetan amortizatuta egongo direla bertatik jasotzen diren errenta sozialen bidez. Politika sozial horiek gauzatu beharrean, espekulatzaileen logikari jarraituta, patronalaren mesedetan kokatzen ari dira”.

Sanchok salatu du etxebizitza “merkantzia” bihurtu dutela. “Merkantzia bihurtzeko logika hori ahalbidetzen dute, eta etxebizitza, eskubide izan beharrean, merkantzia bihurtu da gutxi batzuk aberasteko”.

Sindikatuko kideak uste du administrazioek hartu beharreko nahitaezko neurria “prezioen erregulazioa” dela. Hala ere, esan du neurri bakarrak ez duela konponduko egoera: “Arazoa poliedrikoa izanik, irtenbideak ere halakoa izan behar du”.

Beraien ustez konponbidearen gakoak zeintzuk diren azaldu du: “Lehenik eta behin, etxebizitzen prezioak erregulatu behar dira. Etxebizitza eskubide subjektibo bat baldin bada, langile klasearen gaitasun ekonomikoaren arabera arautu beharko litzateke, eta ez patronalaren edo jabe handien mesedetan”.

Horrekin batera, esan du hutsik dauden etxebizitzak “sozializatu” egin behar dituztela. Etxebizitzak “sozializatzeko” kanonak edo zergak ezartzeko bidea aipatu du. “Ausardiaz jokatu behar dugu. Bilboko Udalak badu eskumena, eta etxe horiek merkatu publikoaren kudeaketaren esku jarri beharko lituzke alokairu sozialen bidez”.

Orain iragarri du udalak kanona ezartzeko asmoa. Berandu, sindikatuaren ustez. “Eusko Jaurlaritzak eskubide subjektiboaren legea onartu zuenean eman zien udalei tresna bat”. Sanchok “borondate eskasa” ikusten du lege hori aplikatzeko. “Borondateaz harago, zail ikusten dugu udalak praktikan gauzatzeko neurriak hartzea”.

Etxebizitza hutsen ugazaben profilari buruz galdetuta, Bilbao zinegotziak adierazi zuen %15 dagoela jabe handien esku. Eta etxejabe horiek “bankuak, funtsak edota familiak” izan daitezkeela. Sanchok ez du datu hori berresteko modurik, baina esan du eurengana laguntza eske jotzen dutenen etxeen ugazabak era horretakoak direla: “Sindikatura etorri diren maizterren kasuak etxejaberik handienak izan dira; izan Blackstone, izan banketxeak. %15 badira, etxebizitza horiek sozializatu, jendarteratu eta alokairu sozial gisa jarri beharko lirateke”.

Bestalde, diagnosian gogora ekarri dute 2020an Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programak errenta ordaintzeko laguntzak eman zizkiela Bilboko 423 gazteri. 2020ko laugarren hiruhilekoan etxebizitza babestua eskuratzeko 16.000 eskaera baino gehiago jaso zituzten Etxebiden.

Etxe kaleratzeak

Bestelako errealitate gordinagoa ere ekarri du gogora Sanchok: “Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 3.500 etxe kaleratze gauzatu zituzten urteko lehen hiruhilekoan”. Ez dago Bizkaiko edota Bilboko datu aleturik. “Krisi ekonomikoak gogor jo gaitu pandemian eta haren ostean. Horrez gain, udalak ezin die alternatibarik eskaini etxe kaleratzeak pairatzen dituztenei, daukan parke publikoa ez delako nahikoa”.

Sindikatuko kideak udalak etxegabetzeetarako duen protokoloa kritikatu du. “Udalak ez du negoziazio prozesu bat zabaltzen maizterrak etxegabetu nahi dituzten etxejabe handiekin. Maizterrak kalean daudenean, aukera izanez gero, zentro edo aterpe batzuetara eramaten ditu”. Etorkizunera begira iragarpen ezkorra egin du: “Etxegabetzeek gora egingo dute, alokairuen prezioak asko igo direlako, eta soldatak, berriz, mantendu edo jaitsi”.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ertzaintzak egindako ikerketaren zenbait pasarteren irudiak. ©BERRIA

Ertzaintzak lurralde antolaketaren aurkako delitua ikusi du Zaldibarren

Iñaki Petxarroman

Durangoko epaitegiari helarazitako ikerketa baten arabera, zegokion baino lur eremu zabalagoa erabili zuen Verter Recycling SM enpresak, Jaurlaritzaren eta Zaldibarko Udalaren baimenik gabe
 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Osatu dugu minbizia? Oraindik ez, baina asko laguntzen ari gara»

Irati Urdalleta Lete

Aparteko kezka sortzen duen gaitza da minbizia, eta hori ikertzen aritzen da Zubiaga. Gaixoen biziraupena hobetuko bada, hiru norabidetan lan egiteko beharra ikusten du: diagnostiko goiztiarra, terapia zuzenduak eta txertoak.
AHTaren aurka 2010ean eginiko manifestazioa, Hendaia eta Irun arteko zubian. ©BOB EDME

Trenbidearen berritzea, abiadura lortzeko

Garazi Aduriz Zuñeda

Bordeleko, Baionako eta Irungo auzapezek trena berritzearen aldeko deia egin zutenetik, AHTaren eztabaida pil-pilean da Ipar Euskal Herrian. AHTaren aldekoak zein trenbidea berritzearen aldekoak beren argudioak mahai gainean jartzen ari dira proiekturik eraginkorrenaren bila.
Zaldibarko zabortegia amildu ostean bertan egin zituzten bilatze eta egonkortze lanen irudi bat. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

Zabor azpiko 124 igerilekuak

Imanol Magro Eizmendi

Verter Recyclingek eskaturiko txosten baten arabera, amildu zenean 300.000 metro kubo ur zeuden zabortegiaren barruan. Egileen ustez, baina, ez zuen eraginik izan hondamendian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.