Koronabirusa
Ontzat eman dute AEBetan haurrei txertoa jartzen hastea
FDA erakundeak onespena eman dio Pfizer botika etxeak haurrentzat ondutako txertoari; 5-11 urte artekoei jarriko diete

Pfizer eta BioNTech konpainiek COVID-19aren kontra umeekin erabiltzeko ondu duten txertoa erabiltzen hasteko eskea eginda zuten AEB Ameriketako Estatuetako Botiken Agentzia FDAn, eta gaur eman die onespena; has daitezke txertoa jartzen. 5-11 urte arteko 28 milioi ume daude AEBetan, eta horien txertaketa martxan jar dezakete orain.
FDAk argudiatu du txertoaren eraginkortasunean oinarritu direla onespena emateko; %90,7koa dela esan dute, eta nahi ez den ondorio «larririk» ez duela eragiten haurretan.
EMA Sendagaien Europako Agentziak jakinarazia du, baita ere, hasia dela ebaluatzen Pfizer-BioNtech botika konpainiak 5 eta 11 urte arteko umeentzat garatu duen txertoa. Egun, oraindik ez du baimenduta COVID-19aren kontrako txertorik adin tarte horretako haurrentzat. 12 urtetik gorakoentzat baimenduta dago txerto hori, Modernakoarekin batera; maiatzean eman zion nerabeei zuzendutako erabilerari oniritzia Europako Batzordeak.
Pfizerreko eledunek adierazi izan dute umeentzat garatu duten txertoa helduentzat garatu duten bera dela; RNA mezulariaren teknika erabiliz egindakoa da, baina dosi apalagoa erabiltzen dute haurrentzat.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.