Altuna III.a 22-10 Ezkurdia

Altuna III.a, erakustaldia eman eta finalera

Amezketarrak ez dio aukerarik eman Ezkurdiari. Neurketa parekatuta hasi da, baina azkar hautsi du Altunak. Lasoren aurka jokatuko du lau eta erdiko finala.

Altuna III.a gaur, Gasteizen, garaipena ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko urriaren 31
18:40
Entzun

Altuna III.a ez omen zegoen bere garairik onenean. Hori zioten adituek, hori erakutsi du txapelketak, hala aitortu zuen pilotariak berak ere, baina hauxe esan zuen partidaren ostean: «Hemen jokatu egin behar da». Bestelako jarrera batean iritsi zen Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdira Joseba Ezkurdia; arbizuarra izan zen txapelketako pilotaririk onena —norgehiagokarik galdu gabe zen—, baina atzo ezin izan zion aurre egin Altunaren joari (22-10). Gipuzkoarrak jokatuko du finala Unai Lasoren aurka.

Ikusmin handia eragin zuen neurketak, eta lehen sei tantoek azaldu zuten zergatia: maila zoragarria erakutsi zuten bi pilotariek, eta tanto bakoitza egiteko gogor borrokatu behar izan zuten. Kontrola, dena den, gehiago zen Ezkurdiarena Altunarena baino; amezketarra aurretik jarri zen arte.

Orduan, maila zertxobait apaldu zuen nafarrak, eta Altuna ez zegoen akats bat bera ere barkatzeko. Maila beldurgarria erakutsi zuen. Lehenik 6-3 aurreratu zen, gero 9-3. Orduan hasi zen murmurra Gasteizko Ogeta pilotalekuan: Altunak partida apurtu zezakeela zirudien, eta hala izan zen.

Denetariko tantoak egin zituen gaur egungo txapeldunak. Pilota zoragarri irteten zitzaion eskutik, eta, berak neurketaren ostean azaldu zuen moduan, hori izan zen gakoa: «Pilotari asko eman diot, Ezkurdiak baino abiadura gehiago eman diot. Gozatu egin dut», aitortu zuen.

Zailtasunak

Hala heldu ziren 20-6raino, eta, azkenean, 22-10era. Egindakoaz harro agertu da Altuna, eta aitortu du zailtasunak izan dituela txapelketan zehar: «Lehen neurketetan ez zitzaizkidan gauzak nahi bezala atera, baina ilusioz etorri naiz gaur».

Finalean Unai Laso izango du parean. Lehenengo finala izango da harentzat, eta, amezketarraren iritziz, ez da azkena izango: «Banekien lehenago edo geroago finaletan sartzen hasiko zela. Betidanik izan da pilotari bikaina, baina orain lehen ez zuen heldutasun puntu hori irabazi du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.