Bertsolaritza

Eneko Lazkoz nagusitu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoan

Haren atzetik sailkatu dira Xabat Illarregi, Erika Lagoma, Ekhiñe Zapiain, Endika Legarra eta Oier Lakuntza. Altsasuko Iortia kulturgunean jokatu da saioa

Eneko Lazkozek eskuratu du pntu gehien. IñIGO URIZ / FOKU
Hodei Iruretagoiena.
2021eko azaroaren 1a
20:40
Entzun

Nafarroako Bertsolari Txapelketak badu lehen finalista: Eneko Lazkoz Martinez. Berak lortu du puntu gehien lehen finalerdian (489), eta Iruñean arituko da azaroaren 28an, beste zazpi bertsolarirekin batera. Sarrerak aurrez bukatuta, goraino betea egon da gaur Altsasuko (Nafarroa) Iortia kultur etxeko aretoa, 300 entzule ingururekin. Giroa ere bero nabari zen, eta lehen agurretatik hasita, txalo zartada beroak jaso dituzte Fernando Anbustegi Goñiren esanetara aritu ziren bertsolariek.

Saioko irabazleak Eneko Fernandezen ordezko kantatu du, hura osasun arazoekin baitzebilen. Bigarren abizena esatean aurkezlea nahasi dela eta, hari erreferentzia eginez hasi du saioa Lazkoz Martinezek, agurrean entzuleen lehen algarak eraginez. «Nahastu zara Lazkoz ta Fernandezen kontrastean / desberdin gara bertsotan desberdin janztean (...) nere amaren herrian zuendako abestean / zuei hitzak isurtzean nik listua irenstean / emaitza positiboa nahi nuke gaurko testean».

Lazkozekin batera, saio txukuna egin du Xabat Illarregi Marzolek ere, eta 465 puntu eskuratuta, finalera sartzeko moduan dagoela esan liteke. Berriozarko eta Leitzako puntuazioen zain geratu beharko du, dena den, gainerako bertsolarien gisan. Lehen bien atzetik, halaxe geratu da sailkapena: Erika Lagoma Pombar (442), Ekhiñe Zapiain Arlegi (427), Endika Legarra Nuin (392) eta Oier Lakuntza Irigoien (388,5).

Zortziko nagusian baino, hortik aurrerakoetan egin du gora saioak, eta neurri txikian iritsi dira ziztadarik onenak eta ofiziorik osoenak. Handian, Lagomak eta Illarregik gurasoen rolean egindakoa izan da aipagarriena. Azkenaldian alabarekin eztabaida gogorrak izan dituzte, eta bi egun dira hura etxetik falta dela. Gaiak egoera berean jarrita ere, postura ezberdina hartu dute; kezkatuago agertu da Lagoma, hotzago Illarregi. «Gauza bat argi dago laztana, ez dugula ongi egin / edozer gauza emango nuke etxera etorri dedin», hasi da Lagoma. «Etorri dedin nik ere emango nuke bai eta ez gutxi / baina ezingo diogu beti nahi duna egiten utzi».

Zortziko txikian, bertsolariek asmatu dute kolpe politak jotzen. Ultratrail batean atera, eta elkarrekin egin dute bidea Lazkozek eta Lagomak. Iristen azkenak izan arren, Lagomak esprinta egin du helmugara heltzean. «Esprinean joanda oraintxe jo ta su / motelenen artean txapeldunena zu», zirikatu du Lazkozek laguna. Hark, erantzuna: «Motibazioren bat behar nun ordea / oain badakit naizela zu baino hobea».

Legarrak eta Lakuntzak, aireportuan kafe bat hartzen hasi eta, oporretarako joateko hegaldia galdu dute. Shock egoeran geratu da Lakuntza, irriz Legarra. Egoerari punta ateratzen asmatu du azken hark: «Ahaztu Big-Ben ondoan bion argazkia / ta oroitu ordaindu dugun zenbakia / kafeana izan da bion erabakia / ta zuretzat izan da kafe ebakia». Lakuntzak, ordea, aurkitu dio aterabidea egoerari: «Londreseko bidaia guk orain galduta / goazen Berlinera Luftansa hartuta».

Illarregi euskara irakaslearen ahotik aritu da zortziko txikian; Zapiain ikaslea, seigarren urtez jarraian, lehen mailako klasera hurbildu zaio. «Xabat ez hartu gaizki hau diot benetan / igual problema dago zure azalpenetan», egotzi dop Ekhiñe Zapiainek. «Honekin klasea ez da joanen arina», erantzun dio Illarregik, haren izenarekin hitz jokoa eginez: «Eta izenak ere belarriko mina / zure ezina ez da ekinez egina».

Bakarkako txukunak

Ofizio gustagarriak utzi dituzte guztiek hamarreko txikian ere. Anai-arreben rolean Lazkozek eta Zapiainek egindakoa, esaterako: etxean aspaldiko arbasoen gauzak gordeta dituztela eta, bota egin nahi lituzke Lazkozek, ez, ordea, Zapiainek. Guztiak salduko lituzkeela bota dio lehenak, eta erantzuna, bigarrenak: «Utzi zazu dirua enago gustura / sentimendurik ere ez ote duzu ba?». Lazkozek, segidan: «Inork hustu ez eta etxea bete zen / orain saia gaitezke patrikak liraintzen / sentimenduak ez du sabelik betetzen».

Gai irekia izan dute bakarkakoan, hiru bertso osatzeko: «Erreparoa ematen dizun arren, baietz erantzun diozu». Lagun argazkilari batek barruko arroparekin argazkiak egiteko proposatu diola kontatu du Lazkozek. «Tripa beteta pentsatzen hasi ta konbentziturik nago / erakusteko gutxi dut baina estaltzeko gutxiago».

Bakarkako lan txukunak utzi dituzte Illarregik, Zapiainek eta Lagomak ere. Bertso ibilbidean izandako erreparoak hartu ditu gaitzat azken hark. «Bertso eskolan gazte-gazterik, gazteegi beharbada» hasi da gaia kokatuz, eta bigarren bertsoan, esplizituago: «Mutilek beti izaten zuten gogoa eta indarra / eta ni berriz kinkan negoen sentitzen nuen dardarra». Hirugarrenean, gaiak aipatutako eskaerari helduta, errematea: «Nere laguna nere maisua beti iristen zen garaiz / ta Manoloren animo ozen hoiek entzuten nitun maiz (...) Erika berriz kantatu zazu gainera aurpegi alaiz / eta Manolok eskatzen badit oholtzara irtengo naiz».

Hau izan da saioko puntuazioa

Eneko Lazkoz Martinez 489 puntu
Xabat Illarregi Marzol 465 puntu
Erika Lagoma Pombar 442 puntu
Ekhiñe Zapiain Arlegi 427 puntu
Endika Legarra Nuin 392 puntu
Oier Lakuntza Irigoien 388,5 puntu

Bigarren finalaurrekoa Berriozarren jokatuko da, heldu den larunbatean, eta Alazne Untxalo Erregerena, Eneko Fernandez Maritxalar, Josu Sanjurjo Alzuri, Mikel Lasarte Cia, Patxi Castillo Graciarena eta Saioa Alkaiza Guallar ariko dira. Maialen Belarra Eneterreanak egingo ditu aurkezpen lanak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.