Enplegua

Gazteentzako konpromiso kontratuak 500 eurorainoko ordainsaria izango du

Frantzian martxoan ezarriko da lanik eta formakuntzarik gabeko gazteentzako kontratua. Ordainsaria baldintzatuta egongo da, astean hamabost-hogei ordu arteko lan formakuntza jasotzera eta enplegu eskaintzak onartzera.

Emmanuel Macron, artxiboko argazkian. LUDOVIC MARIN / EFE
Irune Lasa.
2021eko azaroaren 2a
11:46
Entzun

Frantziako Gobernuak martxoan ezarriko du lanik eta formakuntzarik gabeko gazteentzako konpromiso kontratua; hilabeteko ordainsaria 500 eurorainokoa izan daiteke, astean hamabost-hogei ordu arteko lan formakuntza jasotzearen truke.

Lehen kalkuluen arabera, 16tik 25 urtera bitarteko 500.000-600.000 gaztek izango dute eskura kontratu berria, nahiz eta udan milioi bat gazteren kopurua aipatu zen, Emmanuel Macronek gaia aipatu zuenean. Sindikatuek jada orduan salatu zuten milioi batekin neurria ez zela iristen Frantzian lanik eta formakuntzarik gabe zeuden gazte guztiengana.

Gaur Gobernuak azaldutakoaren arabera, konpromiso kontratuaren hilabeteko ordaina 500 eurorainokoa izan daiteke; baina zenbateko hori familia bakoitzaren errentaren araberakoa izango da, eta baldintzatuta egongo da, formakuntza ikastaroen betetze mailara eta enplegu eskaintzen onarpenera. Macronen arabera, «neurri sinplea da: konpromisoa, maiztasuna, motibazioa, eta lagunduko dizun estatua».

Kontratu berria, beraz, hauteskundeak baino hilabete lehenago iritsiko da, eta, oposizioko alderdien arabera, gehiago du komunikazio operazio batetik egiazko enplegu politikatik baino. Eskuinetik, Xavier Bertranded Frantzia egunero txekeekin astintzen duen presidentea gaitzetsi du; ezkerretik, Jean-Luc Melenchonek esan du orduko bost euro ordainduko duen kontratu hori txantxa ankerra dela gazteentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.